Frantziako armadarekin edo Jendarmeriarekin egun bat pasatzea. Horretara behartuak dira Ipar Euskal Herriko 16 eta 25 urte bitarteko gazte guztiak. Egun berezi horri Defentsa eta Herritartasun Eguna deitzen zaio; 1997an plantan ezarri zuen Jacques Chirac Frantziako orduko presidenteak. Zerbitzu militarraren erreforma egin zuen orduan, eta derrigorrezko zerbitzu militarra kendurik, egun horrekin ordezkatzea deliberatu zuen. Hala, egun hori derrigorrezkoa da frantziar nazionalitatea duen gazte ororentzat, eta, egun horren ondotik eskuratzen duten agiria beharrezkoa zaie, besteak beste, baxoa eta gidabaimena pasatzeko.
Ohikoena da egun hori lizeo denboran egitea, baxoa pasatu aitzin. Frantziako erregistroetan errolda egin ondotik, egun horretan parte hartzeko deia errezibitzen dute postaz, etorri beharreko egun eta orduarekin. Jendarmeen edo soldaduen kaserna batera joan behar dute orduan, eta, egunean zehar eginkizun ezberdinak badira: alfabetatze proba, defentsa ikastaroa —armen eta defentsa tekniken erakusketa da— eta armadaren abantailen aurkezpena. Ipar Euskal Herriko gazteek Angelun (Lapurdin) edo Baionan egin ohi dute ikastaroa. Baina, anitzek «anekdota harrigarriak» atxiki dituzte buruan; tartean, euskaldun izateagatik jasotako mespretxuzko oharrak. Hainbat gazteren lekukotasunak bildu ditu BERRIAk.
Euskaldunak jomugan
16 urte zituenean pasatu zuenDefentsa eta Herritartasun Eguna Maylis Calvetek, 2014an, eta les basques-en kontrako adierazpen andana entzun zituen egun hartan. «Buruan dudan lehen gauza da arribatu orduko gazte batek bere burua aurkeztean erran zuela euskalduna zela; jendarmeak, orduan, 'ez, frantsesa' erantzun zion, eta gazteak berriz euskalduna zela, eta jendarmeak oraino 'ez, ez, frantsesa' erran zion». Gogoan du jendarmeak, egun hartan bildu ziren gazteen aitzinean,erran zuela «euskal terrorismoaren mehatxupean» bizi zirela.
Diskriminazioa ere jasan behar izan zuten euskaldunek alfabetatze proba egiteko orduan, honako hau erran baitzien jendarme batek, trufan: «Espero dugu euskaldunek lortuko duzuela, baitakigu frantsesa ez duzuela arras menperatzen; beraz, kuraia on». Jendarmeek armen erakusketa egin zutenean egun horretan hor ziren euskal herritarrei hamaikagarren trufa bota zieten. Honela oroitu du Calvetek: «Erran zuten euskaldunok ez genuela armak kudeatzen ikasi beharrik, jadanik bagenekiela. Hor, irri bat atera zitzaidan, baina euskaldunok ez genuen deus erran». Calvetek «ez du sekula ulertu zertarako horrelako egun bat» pasatu behar izan zuen. «Iruditzen zitzaidan armadan sartzeko propaganda zela, besterik ez».
Elena Clercek, Calvetek bezala, 2016an izan zuen egun hori, eta bereziki markatu duen anekdota bat atxiki du buruan; arratsaldeko saioan, arma erakustaldia egin zuten jendarmeek, eta gazteak armak hunkitzera gomitatu. «Ez nuen onartu», oroitu da. Hark ere «propaganda egun bat bezala» bizi izan zuen: «Frantziako armadan sartuz gero irabaziko genuen diru zamaz aritu zitzaizkigun egun osoan».
Berrikiago egin behar izan dute egun hori Julene Muruaga Hiriartek eta Elaia Borda Uhaldek. Muruaga Hiriartek aurtengo maiatzean pasatu zuen; deia ukaitean ez zuen «batere gogorik joateko», baina «beharturik» joan behar izan zuen, «denek bezala». Angelun pasatu zuen hark, eta eraikinaren kanpoan beha zegoela jendarme batek hala erran zion: «Uf, zuk ez duzu nirekin hitz eginen egun osoan, ala? Ikusi zer mutur egiten duzun...». Muruaga Hiriartek ez zion arreta berezirik eskaini. «Irri eginarazi dit; ez nuen gogorik han izateko, eta naturalki ene buruak erakutsi du ez nuela hor izan nahi».
Gero, eguna finitzean, agiria banatzeko orduan, gogoan du banazka deituak zirela; haren txanda heltzean, izena ezin ahoskatuz aritu zen jendarmea. «Egia da ene izena frantses batentzat tortura bat izaten ahal dela», bota du Muruaga Hiriartek. Jendarmeak ea espainola zen galdetu zion, eta Muruaga Hiriartek euskalduna zela erantzun. «Begirada beldurtu batekin begiratu zidan orduan, zernahi». Oro har, egun horretan entzundako diskurtsoak «biziki bortitzak» egin zitzaizkion gazteari. «Euskalduna izanki, feminista izanki, errefuxiatuen harreraren aldekoa izanki, eta gazte izanki, duten diskurtsoa oso bortitza da. Egun inutila da, eta Frantziaren aldeko propaganda bat, besterik ez».
Elaia Borda Uhaldek ere gisa berean oroitu du eguna. Lehen deialdian huts egin zuen, eta deialdi berri bat ukaiteko deitu behar izan zuen, «behartua» zelako gidabaimena eta baxoa pasatzeko. Jendarmeak sarrerako hitza egitean erran zuen «ikurrin gehiegi» eta «Frantziako bandera gutxiegi» ikusten zituela, Bordaren hitzetan. «Erran zigun Frantziako bandera atera behar genuela, Frantziako herritar guztiena zela, eta ez zela bakarrik futbol lehiaketetan ateratzeko ikurra. Hor ulertu nuen egun horrek zer gustu izanen zuen enetzat», aitortu du gazteak.
Halaber, gogoan du Frantzian den adierazpen askatasuna goraipatu zutela. «Euskaldun gisa badakigu biziki ontsa ez dela egia; aski da ikustea Azterketak Euskaraz kolektiboak okupazioa egin duelarik nola tratatu zituzten». Borda Uhalde «anitz markatu» du beste gauza batek ere. Izan ere, kontatu du armadaren «propaganda» egiteko «argumentu ekonomikoa» baliatzen zutela. «Adibidez, erizain izan nahi zutenei erraten zieten armadan paga handiagoa zela, eta baldintza bakarra zela bost urtez armada zerbitzatzea». Borda Uhalderen irudiko «ikasleen egoera prekarioaz baliatzeko jukutria» zen.
Intsumisiorako aukera guti
Oro har, egun hori saihestea lortzen dutenak guti dira. Baina, Jon Dubranak «nahi gabean» lortu zuen. «Nik ez nekien zer zen egun hori, lagunak entzun nituen horren aipatzen, baina ez nekien zehazki zer zen, eta ez nintzen askorik arduratu ere. Baina gidabaimena pasatzean konturatu nintzen ezin nuela agiri hori gabe pasatu», kontatu du.
Dubranak, alta, gidabaimena pasatzea lortu zuen: «Bi nazionalitate baditut, frantsesa eta espainola, beraz, lortu nuen nortasun agiri espainolarekin pasatzea gidabaimena». Gerora ere, gisa bereko jokaldia egin behar izan zuen goi mailako ikasketetan izena emateko. «Egia erran, pandemia garaian pasatzea pentsatu nuen, egun erdi bat baizik ez zelako garai horretan. Baina ahantzi nuen, eta unibertsitatean galdetu zidaten papera; Espainiako nortasun agiria erakutsiz, utzi ninduten azkenean». Ez zuen nahitara huts egin, baina erregularizatzeko «indarrik» ere ez du egin. Honela laburbildu du: «Hasieran, konturatu gabe egin nion boikota egun horri, deialdia ez bainuen errezibitu. Baina jakinda ere, ez dut inolako pausorik egin pasatzeko; ez dut batere gogorik horrelako egun bat jasateko».
Frantziako Defentsa Ministerioaren datuen arabera, Frantziako 16 eta 25 urte arteko erroldatuen %4k baizik ez dute huts egiten egun hori. Frantziako 2022ko aurrekontuei so, Defentsa Ministerioak 20 milioi euro gastatu ditu egun horren antolatzeko.
Egun bat Frantziako armadan, nahi eta nahi ez
Iparraldeko 16 eta 25 urteko gazte guziak behartuak dira Frantziako armadarekin edo Jendarmeriarekin egun bat pasatzera. Euskaldunen kontrako diskriminazioa pairatu dute anitzek, «propaganda» egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu