Euskal abertzaletasunaren eta espainolismoaren arteko espazio politikoari forma ematen saiatu da Andeka Larrea filosofo eta antropologoa (Bilbo, 1972) Pandemia y periferia. El vasquismo que no fue (Pandemia eta periferia. Izan ez zen euskaltasuna) liburuan. Ahal Dugu-k bete beharreko espazioa, haren esanetan, baina umezurtz geratu dena.
Pandemia y periferia. El vasquismo que no fue. Zer da izan ez zen euskaltasun hori?
Defendatzen dudan ideia nagusia da nortasun politiko bat dela; batez ere, Euskadin. Euskal Herrian esango nuke, baina ez naiz aditua Nafarroako politikan. Bestalde, aipatzen dut hauteskunde espazio gisa ere existitzen dela; batez ere, azken hamarkadan, baina baita lehenago ere.
Ahal Dugu-k espazio hori bere egiteko aukera izan zuela azaldu duzu. 2016an, Espainiako hauteskundeetan lehen indarra izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ondo hasi zuen ibilbidea.
2015eko eta 2016ko hauteskundeetan emaitza izugarriak lortu zituen, bai Euskal Herrian, baiKatalunian. Arrazoi nagusietako bat izan zen Podemosek argitasunez defendatu zuela ideia bat: nazioaniztasuna eta erabakitzeko eskubideari bide emateko aukera onartzea. Nobedade bat izan zen estatuko ezkerrean. Nobedade erlatiboa, baina nobedadea. Beste faktore batzuk ere izan ziren. Adibidez, M-15 mugimendutik etorritako ilusioa.
Ez du olatu hartan mantentzen jakin. Zer gertatu da?
Euskadiko hauteskundeak iritsi ziren gero, eta emaitzak ez ziren txarrak izan. Gehiago espero genuen, baina 11 parlamentari lortu genituen. Gero iritsi zen beherakada, faktore ezberdinengatik. Liburuan egindako analisi bat da Podemosen izandako barne gudak herritarren desafekzioa eta haserrea eragin zituela. Barne eztabaidak oso gogorrak izan ziren, eta, gero, haustura iritsi zen.
Bestalde, testuinguru politikoa aldatzen doa. Podemos estatuko eta Euskal Herriko instituzio guztietan sartu zen, eta lehen efektu hori galtzen joan zen. Estatuan beste fenomeno bat ere gertatu zen: PSOEk krisi oso sakona pasatu zuen urte horietan, eta, pixkanaka-pixkanaka, berreskuratzen joan zen. Podemosek oraindik ez du asmatu nola berreskuratu boto emaileen atxikimendua.
Periferia. Ahal Dugu-ri egin zaizkion kexetako bat da Madrilek asko eragin duela. Esaterako, 2020an Jaurlaritzarako lehendakarigaia izendatzean.
Horren aurretik, Lander Martinezen idazkaritza nagusiaren garaian, Eusko Legebiltzarrean eta beste instituzio batzuetan saiakera bat egin zen nortasun propio bat eta proiektu politiko progresista bat ezartzeko. Orduan ikusi zen erakundea ez zela kapaz lehen Podemos hark defendatu zuen nazioaniztasuna mantentzeko; ez bereziki euskal gaiei lortutako gai nagusietan, baina bai barnera begira. Lidergo sendoa ezarri zen, eta Euskadin eta gainerako lurraldeetan galtzen joan zen iniziatiba politikoa.
2020an egindako aldaketek zer-nolako eragina izan zuten alderdian?
Ahal Dugu-n hazten ari zen identitate vasquista guztiz galdu da. Inpresio hori dut. Egungo zuzendaritzak beti identifikatu zuen bere burua pablismo deitutakoarekin. Egun, Ahal Dugu estatuko proiektuaren parte baino ez da. Ez dut ikusten jarraipenik aurreko proiektuarekin, herritarren aurrean euskal alderdi gisa agertzeko proiektu propio bat eraikitzeko. Guztiz kontrakoa.
Estatuko gobernuan egotea ona da herritarrentzat, eta, beraz, ona da euskal herritarrentzat. Baina, horrekin nahiko izatea penaz ikusten dut.
Katalunian En Comu-Podem eratu zuten. Antzeko zerbait beharko litzateke Euskal Herrian?
Liburuan gogoratzen dut nola En Comu-Podem lehenago hasi zen erabaki propioak hartzen eta marka eraikitzen. Oso ondo ulertu zuten han kultura politiko propioa dutela. Hemen ere badaukagu antzeko zerbait, baina badaude zailtasunak. Azkenean, Elkarrekin Podemos koalizio bat da. Alderdi bakoitzak bere ibilbidea du, eta bere ildo estrategikoa. Hori makroproiektu batean lotzeko zailtasunak egon daitezke.
Pandemia da aipatzen duzun beste faktorea. COVID-19ak Espainiako Gobernuan harrapatu du Podemos.
Gobernua 2020ko urtarrilean eratu zen, eta martxoan iritsi zen pandemia. Ezkerreko koalizio gobernu batek neurri progresistak aurrera ateratzea lortu zuen, beste alderdi batzuekin akordioak lortuta; Euskadiko eta Kataluniako alderdi progresistekin. Hori gakoa izan zen legegintzaldiko lehen partean.
Bigarren partean, salbuespen egoera pasatuta, estatuko politikabere tonoa eta bere auziak berreskuratzen joan da. Zailtasun gehiago ikusten ditut testuinguru korapilatsu honetan ezkerreko agenda defendatzeko.
Podemosen hastapenetan, hura izan zen krisi ekonomikoak eragindako samina kapitalizatu zuena. Egun, eskuin muturra ari da haserre hori bereganatzen?
Zoritxarrez. Estatura olatu ultrakontserbadorea iritsi da. Nire kezka nagusia da hori. Eskuin muturra eta abstentzioa. Abstentzio handia beti da txarra ezkerreko indarrentzat. Halere, ez naiz oso ezkorra, eta uste dut oraindik ere badela aukerarik. Politikan dena ez dago idatzia, eta 2015ean ikusi zen. Inork espero ez zuen fenomeno politiko bat agertu zen. Batek daki zer gertatuko den.
Borrokak izan dira iraganean, baina, elkar ulertzera behartuta dago espazio hori. Yolanda Diazen bueltan eratzen ari den proiektuan izango da?
Ezinbestekotzat jotzen dut. Asko galdu zen barne eztabaidekin eta hausturekin. Gertatukoa tristea eta gogorra izan zen, eta han egon ginen guztiok egin dugu gure hausnarketa. Orain, Yolanda Diazek lortzen badu espazio horretan ezberdinen arteko akordio bat lortzea, eta herritarrei konfiantza eta ilusioa berreskuratzeko aukera ematen bazaie, guztiok egon beharko genuke proiektu horretan. Aurkezpen publikoa entzun nuen, eta hortik doala esango nuke. Ulertzen du egun oso ezberdina dela ezkerreko alderdi politikoen funtzionamendua. Desafekzio horren kontra borrokatzeko beste tresna batzuk behar ditugula.
Oraindik falta da emaitzak ikusteko?
Oraingoz, nik dakidala, proiektua muntatzen ari dira. Hurrengo hilabeteetan gizarte zibilari entzuten egongo da. Ea estatuko hauteskundeetara ondo iristen den, eta gero ikusiko da nola antolatu proiektua.
Zein forma hartu beharko luke Euskal Herrian?
Alderdi edo koalizio politiko baterako gustatzen zaidan formula federalismoa da. Ez dakit zehazki nola planteatu: federalismoa edo konfederalismoa. Baina, Euskal Herrian edo Euskadin federatzeko aukera ematea koalizioari. Aukera hori eman behar zaie lurralde guztiei. Nazioaniztuna den estatu batean logikoena da politika egiteko, batez ere ezkerrean.
Andeka Larrea. Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkari ohia
«Egun, Ahal Dugu estatuko proiektuaren parte baino ez da»
Larreak uste du izaera propio bat eraikitzeko aukera galdu duela Ahal Dugu-k azken urteetan hartutako erabakiekin. Orain, Yolanda Diazen inguruan eratzen ari den proiektuak bide federala hartzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu