«Atzerakada izugarria» da, Begoña Zabala abokatu feministaren ustez (Txileko Santiago, 1950), abortua delitu gisa berriz planteatzea: «Andreen bizitza ginekologikoaren parte bat Zigor Kodean egongo da». Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreforma «soilki ideologikoa den lehen murrizketa» dela azaldu du.
Legea Gallardon ministroak nahi bezala aldatuko balitz, zein ondorio izango lituzke andreen bizitzetan?
Badirudi 1985eko legearen egoerara itzuliko garela, alde batzuekin. Baina gauzak ez dira atzera bueltatzen besterik gabe, pertsonak eta praktikak diferenteak direlako. Egungo neska gazteen abagunea bestelakoa da: beren gorputzen eta ugalketaren gaineko kontrol molde batzuk barneratuak dituzte, eta horiek zapuztuko dizkiete. Ez dira 1985era itzuliko, ez zirelako han egon; egun abortatzen duten askok lege hau baino ez dute ezagutzen, eta orain eskubidetzat dituzten praktika batzuk delitu bihurtuko zaizkie. Nire ustez, funtsezko aldaketa politikoa izango da, pertsonen bizitza banakakoan zein kolektiboan.
Eskubide hori galtzearen gaineko kontzientzia badagoela uste duzu?
Uste dut jende asko ez dela konturatu; analisi historikoa egiten ari garenok ohartu gara batik bat. [Espainiako] Estatuan urtero abortatzen duten 180.000 emakumeak delitua egiten ariko dira. Oso zaila da norbere burua talde horretan ikustea; horregatik, gazteak ez dira konturatzen. Baina esan diegu bestelako estrategiak diseinatzen hasi beharko dutela, eta horietako batzuk legez kanpo.
Lege berriaren izenburura amatasunaren babesa eramango al dute?
Amatasunaren eta haurtzaroaren babesa, biak gauza bera izango balira bezala: haientzat haurtzaroa ernalketan hasten da, eta hortik aurrera amatasuna babestu behar da; baina ez ama, fetua baizik. Amatasunaren kontzeptuak ez du esan nahi ama zarela, baizik eta haur bat duzula, eta hor dagoela erdigunea. Halako ideien bidez aldaketa ideologikoa bultzatu nahi dute: amaren irudia berrindartu, emakumeen funtsezko egitekoa dela errepikatuz. Diskurtso oso sentimentala da, andreentzat oso negatiboa, beren gorputzak ez direlako indibidualizatzen; bai, ordea, nasciturus-a: hari gorputza, ilusioak, izena, proiektua eta hiru dimentsioko ekografiak ematen dizkiote.
Fetuaren eskubideak lehenesteak ez al dakar emakumeak umetoki soil bihurtzea?
Hori da arazoa: fetuak, jaio aurretik ere, emakumeak baino eskubide gehiago ditu. Baina kasu horretan soilik: lan osasunaren arloan haurdunen babesean atzera egiten ari gara. Beraz, ez dira ari etorkizuneko bizitza horiek babesten: abortatu nahi duten andreez hitz egitean, fetuaren eskubideak lehenesten dituzte, eta ama izan nahi dutenez hitz egitean, produktibitatea eta txandak.
Abortua osasun zerbitzu publikoen zerrendatik aterako dela uste duzu?
Ez dut uste. Ez zait iruditzen gai hau osasun arloko murrizketekin lotuta dagoenik —nahiz eta pribatizazioarekin bai—; uste dut auzia emakumeen kontrol ideologikoan datzala. Andreok gure eskubideetan jasango dugun lehen eraso handia izango da, kontu soilki ideologiko batengatik, amatasunaren eta haurtzaroaren kontzeptuak indartzeko, eta, emakume ereduak aldatuz, andreak etxera itzularazteko.
Zein iritzi duzu malformazioen inguruan sortutako eztabaidaz?
Eztabaida faltsua da. Funtsean, andre batek haurdunaldia etetea erabakitzen badu, berak hala nahi duelako da. Emakumeen borondatea da oinarrizko elementua, baina ez dutenez hori onartu nahi, kausak sartzen dituzte. Bortxatua izatea abortatzeko kausa da, nahiz eta badauden bikotekideek bortxatuta ere haurdunaldiarekin segitzea erabakitzen duten andreak; kontua ez da umea bortxaketaren ondorio izatea, baizik eta emakumeak umea eduki nahi duen ala ez. Haurrak malformazioak izango baditu, agian andreak ez du bere burua indarrez ikusiko bizitza osoan zaintzeko. Ezin da inor hainbesteko minarekin bizitzera behartu. Eta, saminaz gain, alderdi materialari ere begiratu behar zaio: seme-alaba ezinduak dituztenen lehen eta azken kezka da nor arduratuko den haietaz gurasoak falta direnean. Gallardonek ezinduak babestu nahiko balitu, baliabide publikoak jarriko lizkieke.
Abortua estigma da oraindik?
Uste dut garai batean gaia hobeto bizi genuela: andreek seme-alaba asko zituzten, baina pobreak ziren, eta jendeak ulertzen zuen abortatzea. Orain, badirudi justifikatu egin behar dela, eta ez soilik legearen aurrean. Abiapuntua da oso mingarria dela, baina ez du zertan: nik birritan abortatu dut, argi izanda ez nuela umerik nahi, eta ez da traumatikoa izan. Orduan, andreek zergatik ez dute horri buruz hitz egin nahi? Ez dutelako epaituak izan nahi. Baldintza jakin batzuetan aborta daitekeela planteatzen denean, hau da, emakumeen borondatearekin lotuta ez dauden hiru kausa ezartzen direnean, epaitzen ari dira andreek baldintza horiek betetzen dituzten ala ez. Emakumeak errudun bihurtzea dakar, eta ideologikoki zein sozialki ez onartzea eurek erabaki behar dutela.
Abortatzeko eskubidea (I). Espainiako Gobernuaren lege erreforma. Begoña Zabala. Abokatua
«Egun abortatzen duten neska askok lege hau baino ez dute ezagutzen»
Emakumeen borondatea «ideologikoki eta sozialki» ez onartzea dakar abortua baldintzen bidez arautzeak, Zabalaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu