Eguesibarren (Nafarroa) bizi zen guardia zibil bat hil zuten atzo eraso batean, Andaluzian (Espainia), polizia operazio batean parte hartzen ari zela. Barbate herriko portuan, guardia zibil batzuei eraso egin zien ustezko narko talde batek, eta bertan zendu zen David Perez Carracedo, 43 urtekoa, jatorriz Leongoa (Espainia).
EFE albiste agentziaren arabera, sei guardia zibil zenbait motordun txalupa identifikatzera joan ziren ostiral gauean; izan ere, ontzi horiek, eguraldi zakarraren ondorioz, Barbateko portuan babestera joanak ziren. Une horretan, motordun txalupetako batek guardia zibilen ontzia jo eta gainetik pasatu zuen, eta erasoan bi guardia zibil hil ziren. Horietako bat, Eguesibarren bizi zen Perez Carracedo, Guardia Zibilaren Logroñoko Erantzun Azkarreko Taldeko kidea.
Erasoaren ostean, bost lagun atxilotu zituzten. Denek dituzte aurrekariak dogra trafikoagatik, lapurretagatik eta autoritatearen kontrako erasoengatik. Horietatik hiruri bi guardia zibilen hilketa egotzi diete.