Geroa Bai ez dago ados Eguesibarko Udalak (Nafarroa) gazteria teknikari lanpostuan jarduteko eskatu duen euskara mailarekin; euskara «atzerriko hizkuntzen» pare baloratu dutela esan du Gero Baik, eta horren ondorioez ohartarazi: «Erabaki horrekin euskararen presentzia oztopatzen du UPNk Eguesibarko gazteriaren artean».
Geroa Bai taldearen arabera, UPN, PP, PSN eta Eguesibar Bizi taldeetako ordezkariek hizkuntza eskakizunaren kontra egin zuten aurrena: «blokeatu» egin zuten euskara derrigorrezko baldintza izatea lanpostuan jarduteko. Alkatetza UPNrena da, eta Geroa Baik egotzi dio «atzerapauso» are eta handiagoa egin duela orain. «Alkateak ziurtatu zuen aurrerantzean ere euskaraz emango zutela zerbitzua», azaldu dute Geroa Baiko kideek. Alabaina, salatu dute ez dela euskararen erabilera bermatzeko urratsik egin, esandakoak gorabehera. «Izan ere, 1,4ko puntuazioa ezarri zaio euskarari». Ingelesez, alemanez edo frantsesez jakiteagatik puntuazio hori bera ematen dela argitu dute.
Hori da kexaren motiboa: «Puntuazio hori ez da inola ere nahikoa, eta gure hizkuntza propioa zeharo gutxiesten du». Geroa Baik gogora ekarri du udalerriko umeen %30ek D ereduan ikasten dutela eta beste portzentaje handi bat A ereduan ari direla. Horregatik iruditzen zaie arbuiagarria «modu larrian mugatu» izana arreta euskaraz jasotzeko aukera.