Astelehen arratsaldean eginiko agerraldian apenas eman zuten xehetasunik, baina Bake Bideak gaur zabaldu du Kanbon maiatzaren 4an egitekoak diren topaketari buruzko informazio gehiago.
Zehazki, jakinarazi du 12:00etan hasiko dela, eta jada gonbidapenak bidali dizkiela Euskal Elkargoari, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta sindikatuei. Baita "gatazkaren konponbidean jarduten diren gizarte zibileko zenbait eragileri" ere.
Kanboko Arnaga Etxean (Lapurdi) dira jardunaldia egitekoak. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dute "gatazkaren konponbidea aitzinatzeko" konferentzia.
Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du ez duela Kanboko ekitaldira joateko asmorik, eta beste horrenbeste iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzak ere. Josu Erkorekak adierazi zuen ekitaldiari "eman nahi zaion ikuspegi politiko eta etikoarekin" ez datorrela bat Jaurlaritza.