PP prest dago Eusko Jaurlaritzari babesa emateko datozen hilabeteetan, «betiere» helburua baldin bada «egonkortasuna eta Euskadin ekonomiak hobetzen jarrai dezan baldintzak sortzea». Borja Senper PPk Eusko Legebiltzarrean duen taldeko bozeramailea Radio Euskadin mintzatu zen atzo, eta «eskua luzatu» zion Jaurlaritzari, gogorarazita PP «gai» izan zela aurrekontuen inguruko akordioak egiteko Jaurlaritzarekin (2016an eta 2017an).
Baldintza bat jarri dio PPk Jaurlaritzari: Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean estatus politiko berrirako EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak aldatzea. Akordio horrek «zaildu» egiten ditu «adostasunak», Senperren esanetan: «Euskadin dugun arazoa da alor ekonomikoko adostasun horiek ezin direla ondoren kontsentsu horien hausturaren eskutik joan». Aparteko garrantzia eman dio euskal naziotasunaren aitorpenari, uste baitu «nazionalak eta herritarrak bereiztea neurriz kanpokoa» dela.
Legealdi erdia igarota, gobernu programan jasotako 28 legeetatik hiru baino ez ditu aurrera atera Jaurlaritzak, eta, beraz, galtzak bete lan izango ditu 2020ko udazkenera bidean. EAJk eta PSE-EEk, ordea, ez dute gehiengo osorik legebiltzarrean, eta, beraz, Jaurlaritzak babesak bilatu beharko ditu oposizioko indarren artean lege horiek onartzeko.
Alde horretatik, PP prest dago Jaurlaritzari laguntza emateko, baina, Senperren hitzetan, «egonkortasun hori orokorra izan behar da; ekonomikoa, baina baita bizikidetzari eta Euskadi modu anitzean ulertzeari buruzkoa ere. Herrialde hau ezin da soilik abertzaleen edo ez abertzaleen artean eraiki». Autogobernu Lantaldean, egungo ereduaren alde egin izan du PPk, eta beste hainbeste egin zuen atzo Senperrek: «Espainiako Konstituzioanestatutuaren garapenerako jasotako eredua arrakastatsua da».
«Egonkortasuna» lortzea helburu, PPk laguntza eskaini dio Jaurlaritzari
Senperrek baldintza gisa jarri du estatus berrirako oinarriak aldatzea. Gobernuak oposizioko indarren babesa beharko du legeak onartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu