Kataluniako prozesu subiranista. Urkulluren parte hartzea

Egonkortasuna eta «tentsionatzaileak»

Kataluniako prozesuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan zezakeen eraginari buruzko oharrak ageri dira Urkulluren dokumentuetan

Urkullu eta Puigdemont, 2017ko ekainaren 19an. TONI ALBIR / EFE.
jon olano
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Begi batekin, Madrilen eta Bartzelonaren artekoari begira jardun zuen Urkulluk, baina, bestearekin, Kataluniako prozesuak Euskal Autonomia Erkidegoan izan zitzakeen ondorioei erreparatuz aritu zen. Hala ondorioztatzen da Urkulluren komunikazioetan eta testuinguruari buruzko analisiak egiteko orduan. Horietako bat da nola ikusten duen Urkulluk Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika.

Bi aipamen daude paperetan. Lehena, Kataluniako egoera jarraitzeko agiri batean, zeinak 2017ko azaroaren 6ko data duen. Dokumentuak ez du sinadurarik, eta, bertan idatzita dagoenez, «lehendakariak eta EAJk lideratutako diskurtso alternatiboak ez dira sustraitzen Euskadin»: «Larunbateko manifestazioak eta Gure Esku Dago-ren igandeko kontsultek ez dute euskal jokalekua aldatzen. Agerian uzten dituzte ELA sustatzen saiatzen ari den estrategiaren mugak».

Gisa horretako paper ugari bildu zituen Urkulluk egun horietan. Urriaren 29koan, antzematen da «desegonkortasun arriskua» dagoela, eta «uhin birzentralizatzaile bat» aurreikus daitekeela. Baina krisia «aukera gisa» ere ageri da: «Aparteko garrantzia dauka lehendakariak erakunde eta alderdi guztiekin eta baita nazioarteko komunitatearekin dauzkan harreman iraunkorren bidez daukan rolak».

Handik urtebetera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eman zion Gure Esku-ren berri, Quim Torra Generalitateko presidentea Donostian hitzaldi bat ematekoa zela eta. Mezu horretan, Urkulluk Sanchezi azaldu zion GEk Torraren hitzaldia antolatu zuela, dinamika bera «elementu tentsionatzailea» dela eta Torrari harrera egitea «onartzeko egoeran» ikusi zuela bere burua. Donostian estatus politikoari buruzko galdeketa egin baino lau egun lehenago egin zuten hitzaldia, eta galdeketa horretan hartu zuten parte EAJko hainbat kidek; besteak beste, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Eneko Goia alkateak eta Miren Azkarate zinegotziak.

Mezua urriaren 30ekoa da, 09:44an bidalia:.

«Presidente agurgarria!

Orain arte esan izan dizut Euskadin badela estrategia bat Kataluniako prozesua kopiatzeko (ez jarraipen arrakasta handiz, baina...) 'ezker abertzalearen' aldetik eta, era ikusgarriago batean, Gure Esku Dago izeneko 'plataforma independente sozial' baten aldetik. Plataforma horrek kontsulta herritarrak, giza kateak, estadioetan elkarretaratzeak... antolatu ditu azken urteetan, erabakitzeko eskubidea delakoaren defentsan. Bere deialdien arrakasta apala bada ere, elementu tentsionatzaile bat izaten jarraitzen du, eta nahiz eta ekainean esan zuten udal, foru eta Europako hauteskundeetara arte [2019ko maiatzean] eten egingo zituztela beren jarduerak, jarraitu egingo dute. Datorren azaroaren 14rako konferentzia bat prestatu dute Joaquim Torra Generalitateko presidentearekin, Donostian. Posible da Gure Esku Dago plataformak gaur egitea publiko.

Gauzak horrela, joan den astearen amaieran dei bat jaso nuen president-aren kabinetetik, Donostiara doala baliatuz, azaroaren 14an bilera bat egin ote genezakeen. Topaketa onartzeko eta harrera egiteko egoeran ikusi dut nire burua. Jakinaren gainean jartzen zaitut, uste baduzu mezuren bat transmititu behar dudala edo elkar gogoetatzeko horri buruz».

Kataluniako prozesu subiranista eztabaidagaia izan da Eusko Legebiltzarrean ere, eta 2017ko urriaren 27ko independentzia deklarazioa aitortzeko mozio bat eramateko asmoa zuen EH Bilduk egun horietan. Egitasmoak ez zuen Urkullu ezustean harrapatu: «Espero zitekeen arren, Ibarretxe lehendakariaren txioa ikusita», Urkulluk dio ez lukeela aldeko botoa emango: «Ezingo nuke, koherentziagatik. Ez naizelako aldebakarreko bideen aldekoa; are gutxiago, gizartea zatituz kudeatzen direnen aldekoa». Era berean, gogoeta horretan Urkulluk kezka adierazi zuen legebiltzarraren mozioa onartzeak «Euskadiren etorkizunean izan ditzakeen ondorioez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.