Nafarroako zahar etxeetako langileek greba eguna izan zuten atzo. Lan hitzarmena aldarrikatzeko abiatutako protesten barruan egin zuten lanuztea. ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deitu zuten grebara. Egoitzetako langileek manifestazioa egin zuten eguerdian Iruñean, eta salatu zuten lan hitzarmena lortzeko negoziazioak geldirik daudela; patronalari eta Nafarroako Gobernuari egotzi zieten borondate eskasa izatea akordioa lortzeko. Ostegunean berriro bilduko dira aldeak, eta sindikatuek ohartarazi dute egoitzetako 6.000 langileentzat onuragarria den akordiorik lortu ezean greba deialdi gehiago egingo dituztela.
Hitzarmenaren bitartez, langileek eskatzen dute kudeaketa publikoa ezartzea, langileen ratioak egokitzea, kontziliazioa hobetzea, egonkortasuna bermatzea, soldatak igotzea eta langileen osasuna bermatzea. Atzoko mobilizazioan «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko eskatu diete patronalari eta Nafarroako Gobernuari.
Bestalde, Babestu Arabako zahar etxeetako senideen elkarteak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Gasteizen, Arabako Aldundiaren parean. Hain justu, salatu zuten Diputazioak zahar etxeen pribatizazioa sustatzen duela eta horrek isla duela zaintza ereduan ere. «EAJk eta PSE-EEk zaintza ereduaren inguruan duten apustua oso argia da: pribatizazioa bilatzen dute». Salatu zuten, halaber, aldundia zahar etxeetako plaza publikoak murrizten eta egoitzen kudeaketa enpresa pribatuen esku uzten ari dela.
Zaintza eredua aldatzea lehentasuna dela aldarrikatu zuten, gainera: «Zaintzak publikoa eta kalitatezkoa izan behar du. Erresidentzia pribatuen eta itunpekoen kontrola bermatu behar da». Ohartarazi zuten, azkenik, familien parte hartzea eskubide bat dela, baina egoitza pribatu gehienetan eta publiko batzuetan ez dela bermatzen.
Egoitzen kudeaketa salatu dute langileek eta senideek
Nafarroan greba egin dute ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta, lan ituna lortzeko. Gasteizen, Babestu Arabak zaintza eredu berri bat eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu