Egoitza alokatzea aipatu dio suprefetak udalari

Hendaiako ikastolaren auzian babesa adierazi dio Ikastolen Elkarteak Seaskari; «ahal guztiak» jartzeko hitza hartu du

Aitor Renteria - Maite Asensio Lozano
Baiona - Bilbo
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Batean kale, bestean bale. Hala jokatu zuen atzo Patrick Dallennes Baionako suprefetak Hendaiako ikastolaren (Lapurdi) aferan. France Bleu irratian emandako elkarrizketan iragarri zuen auzitara joko duela Hendaiako Herriko Etxeak ikastola berria eraikitzeko asmoa bere horretan atxikitzen badu. Hala ere, zirrikitu bat ireki zion proiektuari, egoitza bat merkatuko prezioan alokatzeko aukera eskaini dion herriko etxeari.

Edonola ere, Falloux Legea betearazteko borondatea duela berretsi zuen suprefetak. Alegia, diru publikorik ez dela erabiliko eskola pribatu bat laguntzeko. «Kezkatuta eta haserre» agertu zen atzo Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Dallennesen jarrerak «ikastolen garapen azkarra eta egitura osoa» oztopa dezakeelakoan. Areago, irizpidea orokortzeak «ikastolak legez kanporatzea» ekarriko lukeela ohartarazi zuen. Baita desagertzea ere: «Urtarrilean 3.000 ikaslera heldu gara gure 30 ikastoletan. Hendaiako doktrina ikastola guztietan aplikatzen bada, datorren irailean ikasle kopurua minus 3.000koa izango da, ikastolak itxi beharrean izan gaitezkeelako».

Harrituta ere bazegoen Gorostiaga. Hendaian bigarren ikastolaren beharra dagoela berretsi zuen, 250 ikasle baititu 140rako gaitasuna duen zentroak, eta, beraz, ia ehun ikasle ari dira ondoko herrian ikasten, «aterperik ez duen eraikin prefabrikatu zaharkitu batean». Bost urte eman dituzte ikastetxe berria prestatzen; beraz, ez du ulertzen zergatik datorren debekua orain, «Hollandek [Frantziako presidenteak] Hizkuntza Gutxituen Europako Agiria berresteko asmoa badu».

Bilbon egin zituen adierazpenok Gorostiagak, bihar Euskal Herriko hezkuntza sistemen etorkizuna aztertzeko ikastolek egingo dituzten topaketen aurkezpenean. Alboan zuen Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, eta hark sostengua adierazi zion Seaskari: «Gure baitan den Seaskaren aurka ari dena, gu guztion aurka ari da. Hau da, 50.000 ikasleren familiek, 4.000 irakaslek eta ehundik gora ikastolak osatzen duten gorputz sozialaren aurka ari da». Hartara, Iparraldeko ikastolak bakarrik ez uzteko konpromisoa hartu zuen: «Gure ahal guztiak jarriko ditugu Seaskari eta bertako ikastolei laguntzeko».

Hori dela eta, larunbatean Hendaian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuen Tellituk. Hendaiako tren geltokitik abiatuko da 17:00etan, Ikastola, herri eskola lelopean. Gipuzkoako Foru Aldundiak mobilizazioarekin bat egin egin du, «larritzat» jo baitu suprefetaren erabakia: «Seaskaren eredua arriskuan jartzen du, baita euskararen jarraipena ere, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean».

EAJk ere bi eskaera egin dizkio Frantziako Gobernuari: hezkuntza publikoan murgiltze sistema hedatzeko eta Falloux Legea aldatzeko. «Tokiko erakunde publikoei gaitasuna utzi behar die, sistema hori baliatzen duten eskola pribatuei laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.