Parisko Dei Auzitegiak Egoitz Urrutikoetxearen auzibidea instrukziora bidali du berriro. Hala jakinarazi du gaur arratsaldeko lehen orduan.Otsailaren 17an epaitzekoa zuten, 2005. urtean ETAko kidea izatea, eta, beraz, gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Baina, prozeduran akatsak izan direla argudiatuta, afera berriz instrukziora bidaltzeko eskatu zuen azken momentuan terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak. Gutxienez urtebete luzatuko da prozedura judiziala.
Ibilbide gorabeheratsua izaten ari dira Egoitz eta Josu Urrutikoetxea aita-semeak Parisko auzitegietan. Prozedura akatsak direla medio, instrukziora itzuli dituzte behin baino gehiagotan aferak, eta auzitegietara joan-etorrika aritu dira azken urteetan. Garaiak ere badu garrantzia: leporatzen dizkieten ekinbideak Genevako eta Osloko elkarrizketa saiakerekin lotuak baitira.
Egoitz Urrutikoetxearen kasuan, hiru auzibide irekiak zituzten haren kontra, 2003 eta 2005 artean ETAko kide izatea leporatuta. Prozedura akatsengatik, hirurak instrukzio fasera itzultzea lortu zuten defentsako abokatuek, eta, garai eta akusazio berberak izaki, hiru auzibideak batzeko eskatu zuten. Bi batu zituzten, eta udazkenean egin zuten epaiketa Parisko Zigor Auzitegian. Hirugarrena Parisko Dei Auzitegiaren esku gelditu zen; hori da otsailean epaitu behar zutena eta intrukziora bidali dutena berriro.
Egoitz Urrutikoetxearen kontra prozedura ulertzeko: Prozedurak baldintzatu du Egoitz Urrutikoetxearen auzia, beste behin