Egoitz Urrutikoetxea kartzelan ez sartzeko eskatu du prokuradoreak

Bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Urrutikoetxearen kontra, gibelapenarekin. Maiatzaren 30ean emanen dute epaia.

Egoitz Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegian, artxiboko argazki batean. LUIS MIGUEL PASCUAL / EFE
Egoitz Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegian, artxiboko argazki batean. LUIS MIGUEL PASCUAL / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 25a
19:49
Entzun

Parisko Dei Auzitegiko prokuradoreak Egoitz Urrutikoetxea zigortzeko eskatu du, baina ez du nahi preso sar dezaten. Bi urteko kartzela zigorra eskatu du haren kontra, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko deliturik egin ezean ez luke bete beharko—. Horrez gain, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatu dezatela eskatu du. Maiatzaren 30ean emanen dute epaia.

2005ean Frantziako Vichy herrian ETAk erabili zuen etxebizitza bat alokatzeagatik erakundeko kide izatea leporatzen diote Urrutikoetxeari. Alta, 2021eko azaroan Parisko Zigor Auzitegiak ebatzi zuen ezin zela frogatu urte horietan Urrutikoetxea ETAko kidea izan zenik. Orduan bezala, 2005eko negoziazio saiakeren testuinguruan kokatzen da auzia.

Urrutikoetxeak epailearen aitzinean deklaratu du ez dela «sekula» ETAko kide izan. Haatik, onartu du erakundeak eskatuta etxebizitza alokatu zuela, izen eta dokumentu faltsuak erabilita. Garai hartan Espainiako Gobernuarekin abiatuak ziren negoziazioen koadroan egin zuela erran du. «Garrantzitsua zen erakunde klandestino hartako kideak elkartu ahal izatea», adierazi du EFEren arabera.

Epaileak ohartarazi du akusatuaren aztarnak aurkitu izan dituztela etakideek erabilitako etxebizitza eta ibilgailuetan aurkitutako objektuetan. Urrutikoetxeak zehaztu du objektu horiek guztiak «mugikorrak» direla, eta garai hartan Josu Urrutikoetxea aitarekin zuen harremanarekin lotu du. Garai hartan gatazka armatuari konponbidea emateko bideak bilatzen aritu zela erran du.

Ez da lehen aldia Urrutikoetxea akusazio horiekin epaitzen dutena. 2021eko azaroan Parisko Zigor Auzitegian epaitu zuten, 2003 eta 2005 artean ETAko kide izan zela leporatuta, eta gisa bereko adierazpenak egin zituen. Orduan kontatu zuen Batasunako arduradun zelarik Josu Urrutikoetxea aita lagundu zuela ziklo armatua bukatzeko elkarrizketak prestatzen. Ondoren Euskal Herritik «distantzia» hartzea erabaki zuela erran zuen, eta Alpeetan eta Parisen bizi izan zela, diskretuki, baina bizitza publikoa eginez. 

Epaileak erruduntzat jo zuen, gaizkile elkarteko kide izan zela erranez, eta bi urteko kartzela zigorra eman zion gibelapenarekin; ez zuen Fijaitean sartzeko eskatu. Haatik, ebatzi zuen ezin zela frogatu garai hartan ETAko kide izan zenik. Orduko epai hartan oinarritu dira Urrutikoetxearen abokatuak auzi honetan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.