Egoitz Urrutikoetxea atxilotu dute Frantziako eta Espainiako poliziek. Atzo goizean egin zuten operazioa, Pariseko Saint-Denis auzoan, bi gobernuetako barne ministerioek azaldu zutenez. ETAren «aparatu politikoko arduradun garrantzitsutzat» jo dute Urrutikoetxea. Atxiloketaren berri eman zuen Ser irratiak, aldiz, gaur egun ETArekin loturarik ez duela esan zuen, «ikerketa iturriak» aipatuta. Parisen unibertsitate ikasketak egiten ari zela ere aipatu zuen, eta han bizi izan dela azken urtebetean. Jorge Fernandez Diazek argitu zuen gero hori: «[Iraileko operazioan] ETA burugabetu ostean, errebelorik onena atzeman dugu». Espainiako Barne ministroaren esanetan, «prebentzio eragin garrantzitsua» izango du atxiloketak.
Berri agentzien arabera, beste bi lagun ere atxilotu zituzten operazio berean, Urrutikoetxea harrapatu zuten pisuan. Ez zuten haien nortasunen berri eman.
Bi atxilotze agindu daude Urrutikoetxearen aurka: 2007koa bata, 2009koa bestea. Ihes eginda zegoela, bi aldiz epaitu zuen Parisko auzitegi korrekzionalak, ETArekin lotuta. Launa urteko espetxe zigorra ezarri zioten auzi bakoitzean. Preso egona da aurrez, 2000. urtean: bost hilabetez eduki zuten kartzelan, eta baldintzapean geratu zen aske ondoren.
Hainbat alditan jomugan
Poliziaren arabera, 2003tik zegoen ihes eginda. Espainiako eta Frantziako barne ministerioek nabarmendu zuten «hainbat urtetan» bilatu dutela. Lehenago, bi aldiz zabaldu zuten Urrutikoetxea atzeman zutela, hala izan gabe. Iazko martxoan, lagun bat atxilotu zuten Berrogainen (Zuberoa), ETAk agiria atera —egiaztatzaileekin armagabetzeko metodoa hitzartu zuela esan zuen— eta Baionako Bake Foruma ospatu zen egun berean. Ez zen Urrutikoetxea, ordea. Joan den irailaren 22an ere haren izena zabaldu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea) egindako operazioaren harira. Baita Egoitzen aita eta ezker abertzaleko militante historiko Josu Urrutikoetxearena ere. David Pla, Iratxe Sorzabal, Ramon Sagarzazu eta Patxo Flores atxilotu zituzten orduan.
«Ustez helburu nagusi zenaren senide bat atxilotzeak» erakusten du, Sorturen arabera, «mendekuan» jarraitzen duela Espainiako Gobernuak. Atxilotuak askatzeko eskatzeaz gain, bozen atarian «'euskal herritarraren ehiza' aktibatzea» egotzi zion PPri. «Aro berria demokrazia terminoetan egonkortzea eragozten du errepresioaren aldeko hautuak». Maulen, protesta bilkurara deitu dute gaurko, 18:30ean, Kürütxe Xurian.
Egoitz Urrutikoetxea eta beste bi lagun atxilotu dituzte Parisen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu