Apirilaren 25ean Parisko Dei Auzitegira agertu beharko du Egoitz Urrutikoetxeak, 2005ean ETAk erabili zuen etxebizitza bat alokatzeagatik Frantziako Vichy herrian. ETAko kide izatea leporatzen diote auzipetze aginduan, alta, 2021eko azaroan Parisko Zigor Auzitegiak ebatzi zuen ezin zela frogatu urte horietan Urrutikoetxea ETAko kidea izan zenik. Orduan bezala, 2005eko negoziazio saiakeren testuinguruan kokatzen da auzia. Errugabetzeko eskatuko du defentsak.
2005eko apirilean Urrutikoetxeak etxebizitza bat alokatu zuen Vichyn; eman zituen izena, nortasun agiria eta paga fitxak faltsuak ziren. Gerora, etxeko jabeak ezagutu egin zuen Frantziako Poliziak erakutsi zizkion argazkietan; alokatzeko aurkeztutako dokumentuetan ere haren hatz-markak aurkitu zituzten. Poliziaren arabera, etakide bat baino gehiago egon zen etxebizitza horretan. Horietako batzuen aztarnak aurkitu zituzten etxebizitza horretan eta handik hurbil alokatutako beste garaje batean.
Instrukzio epailearen aitzinean egindako deklarazioetan, Urrutikoetxeak aitortu zuen berak alokatu zuela etxebizitza, baina ETA zeneko kide izan zenik ukatu zuen. Bere hitzetan, gatazkaren konponbide prozesuaren testuinguruan 2005ean hasiko ziren Genevako (Suitza) negoziazioak prestatzeko hainbat bilkura egiteko erabili zuen etxebizitza erakundeak. Frantziako mapa begiratuta, Vichy herria hurbilago da Suitzako mugatik.
Baina instrukzio epaileak ez du ontzat eman Urrutikoetxearen «aitzakia», eta zalantzan jarri ditu orduko bake negoziazioak. Honela dio auzipetze aginduan: «Ukaezina da bake prozesu eta armagabetze horren errealitatea berriagoak direla aipatutako gertakariak baino. Kronologiak erakusten du atentatu odoltsu andana gertatu direla garai horren ondotik, hala nola, 2005-2010 epean, izan Espainian zein Frantzian». Horiek horrela, Urrutikoetxea «izaera terroristako gaizkile elkarteko kide» izan zela baieztatu du.
Ez da lehen aldia garai hartako gertakeriengatik Urrutikoetxea epaitzen dutena. 2021ean Parisko Zigor Auzitegian epaitu zuten, 2003an eta 2005ean ETAko kide izatea leporatuta. Orduan kontatu zuen Batasunako arduradun zelarik Josu Urrutikoetxea aita lagundu zuela ziklo armatua bukatzeko elkarrizketak prestatzen. Ondoren Euskal Herritik «distantzia» hartzea erabaki zuela erran zuen, eta Alpeetan eta Parisen bizi izan zela, diskretuki, baina bizitza publikoa eginez. Epaileak errudun jo zuen, gaizkile elkarteko kide izan zela erranez, eta bi urteko kartzela zigorra eman zion gibelapenarekin. Haatik, ebatzi zuen ezin zela frogatu garai hartan ETAko kide izan zenik. Orduko epai hartan oinarritu nahi dute Urrutikoetxearen abokatuek auzi honetan ere.
Prozeduretan katramilatua
2015eko urrian atxilotu zuten Egoitz Urrutikoetxea, Parisen, baina gaur arte ez dute lortu afera honengatik epaitzea. Izan ere, prozedura akatsetan katramilatua gelditu da auzibidea, eta eztabaida izan dute ea zer epaitegiri zegokion auzia aztertzea. Konplexua eta nahasgarria da afera, zuzenbide arloko prozeduraren xehetasunak baitira jokoan: 2009an, bi urteko kartzela zigorra eman zioten kausa horregatik Parisko Zigor Auzitegian. Baina fiskaltzak dei egin zuen, eta, 2010ean, sei urteko zigorra eman zioten Dei Auzitegian.
Atxilotu zutenean, bi epaiei jarri zieten helegitea haren abokatuek, eta horrek nahasmendua sortu zuen auzitegien artean: zein auzitegiri zegokion kasua berriz aztertzea? 2022ko apirilean afera instrukziora bidaltzea erabaki zuen Dei Auzitegiak, auzibidea berriz hutsetik abiatzeko. Ostegun honetan aztertuko dute azkenean.