Ezkerreko abertzaleen babesa lortuko ote du NUPESek Frantziako Asanblearako bigarren itzulian? Laugarren hautesbarrutian EH Baiko hautagai izan den Egoitz Urrutikoetxeak erran du Iñaki Etxaniz NUPESeko hautagaiaren alde bozkatuko duela bigarren itzulian. «Nire ardura politikoa eta morala da adieraztea, [Emmanuel] Macroni bidea hesteko hautuaz harago, gure proiektu eta aldarrikapenekiko gutxieneko adostasuna adierazi duen Etxanizen aldekoa izanen dela nire boza», jakinarazi du.
EH Baik, berriz, astelehenean hartutako erabakia berretsi du agiri batean: NUPES eta Ensemble ez dituzte «hein berean» ezartzen, baina ez dute boto kontsignarik emanen. «NUPESen programan, gure engaiamendu politikoarekin bat egiten ez duten puntu batzuk badira», idatzi dute, euskarari, gatazkaren konponbide prozesuari eta Ipar Euskal Herriaren garapen instituzionalari erreferentzia eginez.
Hala ere, Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko hautagaia desberdindu dute ezkerreko abertzaleek. Atzo bildu ziren NUPESeko kidearekin, haren eskariz, eta izandako «trukaketa ireki eta eraikitzailea» azpimarratu dute. «Beste hautesbarrutietan ez bezala, gure aburuz, arazo gutxiago sortzen ditu Etxanizen aldeko bozka-orria hautatzeak, Macronen ildotik doan Annick Troundayrena hautatzeak baino». NUPESen izanagatik ere, Etxaniz PS Frantziako Alderdi Sozialistako kidea da. Tom Dubois-Robin eta Sandra Pereira, berriz, Frantzia Intsumisoko kide dira.
EAJ Ensembleren alde
Ensembleko hautagaien aldeko hautua egin du, berriz, EAJko Ipar Buru Batzarrak, agiri batean. «Etorkizuneko diputatuek gehiengo presidentziala edo ezker muturreko NUPES koalizioa defendatuko dute, Frantzia Intsumisoaren programan oinarritzen baita NUPES koalizioa». Bi arrazoi nagusi eman dituzte erabakia azaltzeko. Batetik, NUPESen programa «zentralistena», «eraginkortasunik gabekoena», «lurraldeetako errealitateetatik urrunena», «subiranistena» eta «europazaletasunaren kontrakoena» dela, eta, bestetik, NUPESeko hautagaiak «euskararen eta eskualdeko hizkuntza eta kulturen kontrakoenak» direla.
Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaiak NUPESen alde bozkatuko du igandean
EH Bairen laugarren barrutiko hautagaiak esan du Etxaniz babestea «ardura politiko eta morala» azaltzea dela. EAJk Ensemble babestuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu