Frantziako Asanblearako bozak

Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaiak NUPESen alde bozkatuko du bigarren itzulian

«Ardura politiko eta morala» adieraztea da, laugarren hautesbarrutian hautagai izan denaren hitzetan. EAJk Ensembleko hautagaitzak babestu ditu

Egoitz Urrutikoetxea, Frantziako Asanblearako hautagaitzaren aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 15a
11:50
Entzun

Ezkerreko abertzaleen babesa lortuko ote du NUPESek Frantziako Asanblearako bigarren itzulian? Laugarren hautesbarrutian EH Baiko hautagai izan den Egoitz Urrutikoetxeak erran du Iñaki Etxaniz NUPESeko hautagaiaren alde bozkatuko duela bigarren itzulian. «Nire ardura politikoa eta morala da adieraztea, [Emmanuel] Macroni bidea hesteko hautuaz harago, gure proiektu eta aldarrikapenekiko gutxieneko adostasuna adierazi duen Etxanizen aldekoa izanen dela nire bozka», jakinarazi du.

EH Baik, berriz, astelehenean hartutako erabakia berretsi du agiri batean: NUPES eta Ensemble ez dituzte «hein berean» ezartzen, baina ez dute boto kontsignarik emanen. «NUPESen programan, gure engaiamendu politikoarekin bat egiten ez duten puntu batzuk badira», idatzi dute, euskarari, gatazkaren konponbide prozesuari eta Ipar Euskal Herriaren garapen instituzionalari erreferentzia eginez.

Hala ere, Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko hautagaia desberdindu dute ezkerreko abertzaleek. Atzo bildu ziren NUPESeko kidearekin, haren eskariz, eta izandako «trukaketa ireki eta eraikitzailea» azpimarratu dute. «Beste hautesbarrutietan ez bezala, gure aburuz, arazo gutxiago sortzen ditu Etxanizen aldeko bozka papera hautatzeak, Macronen ildotik doan Annick Troundayrena hautatzeak baino».

Ensembleko hautagaien aldeko hautua egin du, berriz, EAJko Ipar Buru Batzarrak, agiri batean. «Etorkizuneko diputatuek gehiengo presidentziala edo ezker muturreko NUPES koalizioa defendatuko dute, Frantzia Intsumisoaren programan oinarritzen baita NUPES koalizioa». Bi arrazoi nagusi eman dituzte erabakia azaltzeko. Batetik, NUPESen programa «zentralistena», «eraginkortasunik gabea», «lurraldeetako errealitateetatik urrunena», «subiranistena» eta «antieuropeistena» dela, eta, bestetik, NUPESeko hautagaiak «euskararen eta eskualdeko hizkuntza eta kulturen kontrakoenak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.