Errenteriako (Gipuzkoa) Sanmarkosene zahar etxeko langileek eta ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek muturreko erabaki bat hartu zuten iaz: greba mugagabea abiatu zuten azaroaren 25ean, lan baldintzak nabarmen okertu direla salatzeko. Eva Arrieta ELAko koordinatzaileak azaldu du urteak daramatzatela hobekuntzak eskatzen, baina azken urtea bereziki gogorra izan dela. Esan duenez, edalontzia goraino bete zuen tanta zera izan zen, enpresak langile batzuei lanaldia laburtzea proposatu izana, kontratuak zituzten 20 langileren lanaldia %60ra murriztu nahian. «Azpimarratu behar da horrek, langileei ez ezik, egoiliarrei ere eragin diela. Arreta mugatuta dago, eta okerrera egin egiten ari da», azaldu du Feli Vazquezek, ELAko ordezkari eta egoitzako langileak. Azpimarratu dute 50 egun baino gehiago daramatzatela langileek greban, eta «lotsagarria» dela horraino iritsi behar izatea.
«Sanmarkosenera ez da norberaren gogoz iristen, beharragatik baizik», azaldu dute langileek. Egoiliar bakoitzari —gehienak mendekotasun handia duten adinekoak— zaintza duina eta errespetuzkoa agintzen zaie, baina langileek salatu dute egoera «zailean» bizi behar dutela langile falta dela eta. Pare bat adibide eman ditu Vazquezek. Bata, mugikortasunari dagokiona: «Berez, gurpil aulkian daudenek egunean zenbait aldiz paseatu beharko lukete, baina badira gure denbora faltagatik egun osoan gurpil aulki batean egoten direnak. Bestea, garbiketari buruzkoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako protokoloaren arabera, egoiliar bakoitzak bi dutxa hartu beharko lituzke astean, baina askotan behin bakarrik dutxatzen dituzte. «Ezin dugu ahaztu pertsonak direla; tristea da egoiliarrak horrela egotea», nabarmendu du Vazquezek.
«Aldundiak, behintzat, egoitza publikoa ez denez, azpikontratatzeko erabakia hartu duenez, bere gain hartu beharko luke zerbitzua nola ematen den kontrolatzeko ardura»
EVA ARRIETAELA sindikatuko ordezkaria
Gatazka 2023. urtearen hasieran hasi zen. Ordurako, langileek salatu zuten txandak ez zirela betetzen eta egoiliarreko zaintzaile ratioak ez zirela nahikoa. Aldi baterako laneko enpresen bidez langileak kontratatuta erantzun zuten arduradunek. Horrek, ordea, ez zuen konpondu arazoa, langileek diotenez. «Aldi baterako laneko enpresetatik datozenek ez dituzte ezagutzen egoiliarrak, ezta egoitzaren dinamika ere. Borondate ona izan arren, ez da nahikoa», azaldu du Ane Sarriegik, LAB sindikatuko egiturako koordinatzaileak. 2023tik hona kaosak bere horretan dirauela diote langileek, eta lan baldintzek okerrera baino ez dutela egin .
Eragina denengan
Kaltea ez dute langileentzat bakarrik, baita egoiliarrentzat eta haien familientzat ere. «Senide batzuek ulertzen dute gure borroka, eta babesa ematen diote, badakitelako haien eta haien senideengatik egiten dugula», Arrietaren arabera. Hala ere, senide denak ez datoz bat ikuspegi horrekin. «Batzuetan urduri jartzen dira, batez ere egun berezietan, Gabonetan adibidez», jarraitu du Ana Hernandezek, ELA sindikatuko ordezkari eta Sanmarkoseneko langileak. «Baina azaltzen saiatzen gara ekainean, abuztuan edo abenduan egoera ez dela desberdina. Langile eta baliabide falta urte osoan gertatzen da». Gipuzkoako Senideak eta Duintasuna taldeen babesa jaso dute.
Arazo larrienetako bat, langileen esanetan, eguneroko jarduna kudeatzeko «inprobisazioa» da. Vazquezek zehaztasun batzuk eman ditu: «Norbait falta bada, ordutegi osoa nahasten da, eta horrek zuzenean eragiten die egoiliarrei. Gosariak berez 10:15ean prest egon beharko luke, baina askotan ez da 11:00ak arte zerbitzatzen. Eta hori greban ez gaudenean ere gertatzen da». Atzerapen horiek, eguneroko errutinan ez ezik, adinekoen ongizate emozionalean ere eragiten dute, zaintzaileen mende baitaude erabat.
Horrela ibiltzeak egonezina sortu du egoiliarren senideen artean. Arrietak eta Sarriegik azaldu dutenez, langileek greba egunak egiten dituztela baino ez dute ikusten batzuek, baina berretsi dute ulertu behar dutela ezen, langileek greba egin edo ez, haien senideak ez dituztela baldintza onak. «Lan orduak egokiak izatea eta horrela haien senideen behar guztiei erantzun ahal izatea da gure helburua; inondik inora ez gara haietaz ahazten; are gehiago, enpresak ematen dizkigun ordutegiekin ahal duguna egiten saiatzen gara», esan du Vazquezek. «Egoiliar eta zaintzaile bakoitzaren atzean bizitza bat dago, eta bizitza horiek aintzat hartu eta duintasunez tratatu behar dira» gehitu du Sarriegik.
«Guk borrokan jarraituko dugu, baina, azkenean, gehienbat egoiliarrak sufritzen ari dira egoera hau: guk, gutxi-asko, jasan dezakegu, baina egoiliarrek ez»
FELI VAZQUEZELA sindikatuko ordezkaria eta Sanmarkoseneko langilea
Enpresaren erantzuna
Gureak enpresak kudeatzen du Sanmarkosene zahar etxea, baina eskaintzen dituen leku gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduak dira. Erakundearena da zerbitzuaren ardura. Langileen arabera, ez batak eta ez besteak ez dute jarrera aktiborik izan gatazka konpontzeko. «Azarotik gaude greba mugagabean, baina enpresarekin lehen bitartekaritza bilera ez zen abenduaren 20ra arte egin, badirudi ez dutela hau konpontzeko inolako presarik», uste du Arrietak. «Aldundiak, bestalde, ziurtatu du ez duela egoerari buruzko salaketa formalik jaso, nahiz eta langileok eta senideek bertsio horren kontra egin dugun, eta azaldu hori ez dela horrela eta badirela familiak egoera salatu dutenak», gehitu du Susana Zapardielek, ESK sindikatuko ordezkariak eta egoitzako langileak.
Zapardielek azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundikoak zahar etxean egon dela: «Solairuz solairu joan dira, eta apuntatu dute zenbat dauden oraindik ohean etzanda, zenbati ari diren ohean gosariak ematen... Ez dakit grebari buruzko albistea ikusi dutelako den, baina badirudi zerbaitetan ari direla». Velazquezek erantzun dio hori egiten dutela albistea atera delako soilik, interes hori urteko egun guztietan erakutsi behar dutela, ez orain bakarrik. Susana Zapardiel ESK sindikatuko ordezkari eta Sanmarkoseneko langileak bat egin du Velazquezek esan duenarekin. Gainera, Sarriegik gehitu du balitekeela hori orain egitea, azkenean egoera muturrera iritsi eta gero nolabait konpondu behar dutelako. Bata besteari begiratu dio, eta denak ados azaldu dira Sarriegik esandakoarekin.
Langileentzat, Gureak-ek kostuak aurreztu nahi ditu zerbitzuaren kalitatearen eta langileen lan baldintzen kontura. «Sanmarkosenen ez dago arazo ekonomikorik: oheak beteta daude eta etengabeko jarduera dago. Orduan, zergatik iritsi behar izan dute egoera honetaraino?», galdetu dio Arrietak bere buruari.
Langile batzuek lanaldi murriztuak dituzte, eta, gainera, enpresak erabateko prestasuna eskatzen die behar denean lan egiteko. Baldintza horien prekaritatea salatu du Zapardielek: «%60ko lanaldiarekin kontratatzen gaituzte, eta, gero, komeni zaienean deitzen digute. Ezinezkoa da soldata horrekin bizitzea, eta, gainera, ordutegi aldakorrak ez dizu uzten beste lan bat izaten».
«Egoera honetara iritsi izana da larriena, mota horretako kontratazioak egin izana, hain zuzen»
ANE SARRIEGILAB sindikatuko ordezkaria
Langileek uste dute arazoa ez dela Sanmarkosenekoa bakarrik, Gipuzkoako egoitzen sektore osoari eragiten baitio. Aldundiak 2006an ezarritako langile ratioak ez dira eguneratu, erabiltzaileen eskakizunak eta mendekotasuna areagotu diren arren. «Zerbitzuen katalogoa ez da aldatu ia hogei urtean. 2025ean gaude, eta beharrak asko aldatu dira orduz geroztik», ohartarazi du Sarriegik. Eguneratze faltak egoera larritu duela diote, langileen lan karga handitu baita eta egoiliarrek ez baitute jasotzen beharrezko arreta.
Aurrera egiten
Hala eta guztiz ere, Sanmarkoseneko langileek ez dute amore ematen. «Ez dugu gauza handirik eskatzen, egutegi duina izatea besterik ez, lanaldiaren ehunekoak ez murriztea eta kaleratzerik ez egotea», laburbildu du Vazquezek. Baina, lan eskarien aldekoa ez ezik, haien borroka egoiliarren aldekoa ere badela nabarmendu dute. «Haiek dira kaltetuenak egoera honetan; gu gaizki bagaude ere, haiek okerrago daude», uste du Hernandezek. «Gainera, egoera hau urteko beste egun guztietan ere izaten da, ez soilik greba egunetan».