Zaldibarko luiziaren urteurrena

Egoeraren larritasuna azaltzeko

«Larrialdi klimatikoa, ekologikoa eta soziala» salatzeko mobilizazioak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan. Zaldibarko zabortegiko luizia izan dute gogoan

Bilbon egindako manifestazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean hasi zen. Gasteizen elkarretaratzea egin zuten, udaletxe plazan. ARITZ LOIOLA ETA JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Hainbat erakunde ekologistak, auzo elkartek, sindikatuk, eta bestelako eragile ugarik deituta, «larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala» salatu zuten, atzo, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamaika tokitan, U30 Aldaketaldia dinamikaren barruan egindako mobilizazioetan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten manifestazio nagusiak, eta antolatzaileek nabarmendu zuten, COVID-19ak eragindako pandemia gogoan, ez dagoela klima aldaketaren kontrako txertorik.

Nolanahi ere, kanpaina ez zen atzoko mobilizazioekin bukatu. Azkeneko astean krisi ekosozialaren berri emateko eta hori salatzeko ekintzak egin dituzte hiru probintzietan —hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta martxak, erreka garbiketak eta zuhaitz landaketak, besteak beste— eta datozen egunetan ere horiei segida emango diete.

Otsailaren 6an, larunbatarekin, urtebete izango da Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik eta hango bi behargin lurpean gelditu zirenetik. Aldaketaldia-ko mobilizazioetan hondamendi hura gogoan izaten ari dira, hauspotzaileek uste baitute «sozializatu» egin behar dela «arazoa». Zaldibar Argitu herri plataforma urteurrenaren bueltan egitekoa den mobilizazioetan parte hartzera deitu du Aldaketaldia-k.

«Zaldibar argitu!» oihua hainbatetan entzun zen Bilboko mobilizazioan. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean hasi zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinaren parean bukatu. «Egungo larrialdi ekosozialaren aurrean, behar-beharrezkoa den trantsizio ekologiko eta justu baten aldeko urratsak egin beharrean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak bezala, egoera honetara ekarri gaituzten politikekin jarraitzen du, nahiz eta berdez margotzen ahalegindu», azpimarratu zuten mobilizazioaren antolatzaileek, manifestazioaren amaieran irakurritako adierazpenean. Salatu zuten diputazioak jarraitzen duela «azpiegitura erraldoietan» dirua «xahutzen», eta horiek zerrendatu zituzten: «Bilboko hegoaldeko saihesbidea, Bilboko itsasadarraren azpiko autobidea, abiadura handiko trena...». Antolatzaileek uste dute, gainera, fiskalitate berde eta progresiboa «premiazkoa» dela, baina administrazioek ez dutela hori bultzatzen; are, «oztopatu» egiten dutela.

Donostiako mobilizazioan ere azpiegitura handien kontrako pankartak erakutsi zituzten Gladys Enea parkearen eta Bulebarraren arteko bidea egin zuten askok. Donostiako metroa, AHT abiadura handiko trena, Zubietako erraustegia, Amazonen Oiartzungo zentro logistikoa, Donostiako Udalak Martutene auzoan eraiki asmo duen surf parkea... Gipuzkoan klima larrialdiari aurre egiteko sortutako Larreko Mahaia da Aldaketaldia-ren bultzatzaile nagusietako bat, eta haren bozeramaile Juanmi Galatasek adierazi zuenez, mobilizazioaren helburuetako bat da « arazo globalei tokiko ikuspegitik heltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.