Harrera elkarteko kideak

Aduna Mendizabal eta Jokin Aranalde: «Egoerak beste perspektiba bat ireki du, eta beharrak handiagoak dira»

Harrera elkarteak datozen urteetarako lan ildoa definitzen duen txostena onartu zuen asteburuko batzarrean, helburutzat hartuta preso, preso ohi eta iheslari ohien gaur egungo egoerara egokitzea.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Harrera laguntza elkarteak euskal preso eta iheslarien beharretara egokitzeko ildo berri bat onartu du asteburuko ezohiko batzarrean. Aurrez, zuzendaritza ere aldatu zuen horri bide emateko. Jokin Aranalde (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946) eta Aduna Mendizabal (Donostia, 1979) lantalde berriko kide dira. Lehena preso eta iheslari ohia da, gizarteratze prozesuaren eraginak zuzenean ezagututakoa. Mendizabalek, berriz, arlo teknikotik eragin asmo du.

Maiatzeko batzarrean zuzendaritza aldatu zenuten. Orain, proposamen batek lur hartu du. Nolakoa izan da hori ontzeko prozesua?

ADUNA MENDIZABAL: Aurreko lantaldeak erakutsi digu nola egiten zuen lan, eta dinamika hartuz joan gara. Sartu ditugu taldean soslai jakin batzuk ere: bai espetxeko errealitatea ongi ezagutzen duen jendea eta bai soslai profesionalagoak. Eta epe ertain-luzerako plana diseinatu eta aurkeztu dugu. Aho betez onartu zen asteburuan. Beraz, hurrengo lau urteetarako lan ildoak markatuta daude.

JOKIN ARANALDE: Inportantea da esatea Harrerak bide berri bat eraiki behar izan duela hamalau urte hauetan, esperientziarik izan gabe. Aurreko zuzendaritzak lan inportantea egin du, eta eskertu behar da. Horrek oinarri batzuk eman dizkigu errealitate berri honen perspektiba lantzeko.

Azken urteetako aldaketekin ─hirugarren graduak, baimenak...─ presoak kalera ateratzeko prozesua pixkanaka doa aurrera. Hori da aldaketaren oinarria?

MENDIZABAL: Lehenengo hirugarren graduak eta 100.2 artikuluaren ezarpenak pandemia garaian izan ziren. Ordura arte, elkartea ohituta zegoen espetxe zigorra behin betiko betetzen zutenekin lan egitera. Ondorioz, ikusi da berrantolatzeko beharra zegoela: laguntza pertsonalizatu, jarraipena egokitu...

ARANALDE: Eta iheslarien egoera ere aldatu da. Asko itzuli dira, eta, askotan, presoak baino baldintza kaxkarragoetan. Hala, behar minimoetan laguntzea eta lehen laguntza ekonomiko, sozial eta sanitarioa bermatzea izan da lehen fasea. Baina egoerak beste perspektiba bat ireki du, eta beharrak handiagoak dira. 

«Kartzeletara sartzeko eskaerak egingo ditugu. Horren helburua da detektatzea bakoitzaren egoera pertsonala zertan den»

ADUNA MENDIZABALHarrerako kidea
Hain zuzen, azaldu duzue «muturreko egoerak areagotu» egin direla. Nagusiki, zer zailtasun antzematen dituzue?

MENDIZABAL: Hiru ardatzetan banatuko genituzke. Batetik, lan arloa. Preso asko dago ikasketa unibertsitarioak egindakoa baina esperientziarik gabea, eta zaila da kokatzea. Bestetik, adinarena. Espetxean edo erbestean urte asko eman ondoren, oso gutxi kotizatu dute. Saiatzen gara laguntza publikoak eskatzen ─DSBEa eta bestelakoak─, baina batzuetan ez dizkiete ematen, eta guk betetzen ditugu. Baina ikusten dugu epe ertainean arazo hori areagotu egingo dela. Eta hirugarrena osasunari lotutakoa da. 

ARANALDE: Normalean, osasun arreta penagarria izaten da erbestean eta kartzelan, eta ez die behar guztiei erantzuten: ahoa, entzumena, ikusmena, osasun mentala... Hori osatu behar da, eta Harrerak egiten du. Bizi ez duenarentzat zaila da ulertzea, baina ondorioak sakonak dira. 

Aldaketa nagusietako bat da aurrerantzean zuen lana espetxe barruan hasiko dela. Nola ekingo diozue horri?

MENDIZABAL: Uda hasieran, galdetegi bat bidali genien preso guztiei, argazki bat izateko: zer ikasketa dituzten, aurretik lan egin ote zuten... eta, orain, kartzeletara sartzeko eskaerak egingo ditugu. Horren helburua da detektatzea bakoitzaren egoera pertsonala zertan den. Ateratzen denerako ikusi zer ikasketa dituen lan munduan sartzeko ─edo ez baditu, ikusteko lanbide heziketara jo ote dezakeen─, zer babes sozial duen kanpoan... Ikusteko haien beharrak asetzeko zer lan egin dezakegun. 

Espetxe ibilbidean aurrera egiteko, garrantzi berezia du lan munduak, ezta?

ARANALDE: Espetxetik hasten da prozesu guztia, eta baimenak jasotzeak, hirugarren gradua lortzeak, noski, zerikusi handia du lan munduarekin. Eta sinplea dirudi, baina ordu asko eskatzen ditu. Kartzelan dena zailtzen da.

Pentsioen auziak ere eskatzen du propio heltzea. Nola?

MENDIZABAL: Laguntza juridikoa emanez ireki dugu bide bat, baina ez dakigu zer irtenbide izango duen. Azken batean, Euskal Herrian azken urteotan jazotakoaren ondorio zuzen bat pairatzen ari dira, eta uste dugu instituzioek erantzun bat eman beharko luketela, bizi kalitate duin bat izan dezaten. 

ARANALDE: Hori ez badugu lortzen, beste guztia egiteko egongo da. 60 urtetik gora dituela atera denak ez dauka ezer, eta familia eta Harrera elkartea behar ditu. Eta berdin iheslariek ere. Behar material eta sozialak dituzte. Bizikidetza hitz huts bihurtzen da ez bada ezer egiten gehien sufritu dutenek bizitza duina izateko.

«Bizikidetza hitz huts bihurtzen da ez bada ezer egiten gehien sufritu dutenek bizitza duina izateko»

JOKIN ARANALDEHarrerako kidea
Elkartearen «autokudeaketaz» mintzo zarete, eta helburuetako bat da onura publikoko elkarte izendatzea. Ari zarete lanean?

MENDIZABAL: Punturik inportanteenetako bat da. Lan asko daukagu egiteko, eta luzatuko da. Baina uste dugu asko lagunduko digula instituzioekin harreman naturalagoa izateko eta haietatik diru iturri bat jasotzeko. Elkarteak beste dimentsio bat hartzeko.

Hain zuzen, harreman sarea zabaltzea jarri duzue helburutzat. Ari zarete eragileekin harremanetan jartzen?

MENDIZABAL: Hasi gara Iparraldeko Harrera elkartearekin harremana indartzen, errealitate ezberdinak ditugun arren badirelako elkarrekin landu ditzakegun gauzak. Eta asmoa da liburuxka bat ateratzea eragile politiko eta sindikalei eta enpresariei Harrera ezagutarazteko eta gure lana gizarteratzeko. Guztion inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazteko. 

ARANALDE: Badira nazioarteko protokoloak adierazten dutenak zer garrantzi duen gatazken partaide zuzen izan diren eta ondorioak jasaten ari diren horiei laguntza eskaintzeak. Hemen ez da halakorik gertatzen. Hemen, batzuen borondatearen ondorio da, eta instituzioek eta indar politikoek euren gain hartu beharko lukete erantzukizuna.

Bazkideak dira zuen zutabe. Arlo horretan ere indartu nahi da elkartea?

MENDIZABAL: Otsail inguruan bazkidetza kanpaina indartsu bat egin nahi dugu. Bazkideak dira Harrera elkartearen bihotza eta motorra; diru iturri nagusia dira. 3.200 bazkide inguru gara, eta erronka da 5.000 lortzea. Horrek beste fase batean jarriko gintuzke preso eta iheslariei bizi kalitate duin bat eskaintzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.