Politika

Egoera politikoa irauli duten urteak

Makrosumarioak, ETAren armagabetzea eta desegitea, presoen Euskal Herriratzea, Iparraldearen erakundetzea, estatus politiko berri baten aldeko ekina, Altsasu... Euskal politika zeharo aldatu da hogei urteotan, eta BERRIA hamaika gertakariren lekuko eta narratzaile izan da.

Jonathan Powell, Gerry Adams, Bertie Ahern Gro Harlem Bruntland eta Pierre Joxe Donostian, Aieteko Bakearen Etxeko atarian, 2011ko konferentziaren ondorioak aurkeztu ondoren. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Jon O. Urain - Eider Goenaga Lizaso
2023ko ekainaren 15a
16:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da erraza Euskal Herriko politikagintzak hogei urteotan izandako aldaketaren berri hitz gutxitan ematea. Gertatutakoa behar bezala esplikatzeko, eskas dira lau orri, baita berrogei orri ere. Baina BERRIAren lehen zenbakiari errepaso azkar bat egiteak balio du aldaketa zenbatekoa izan den ulertzeko.

BERRIAren azaleko goiburu nagusiak zioen Espainiako Fiskaltzak kereila jarri zuela Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren eta Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontra. Ilegalizazio garaiak ziren, Alderdien Legeak urtebete zeraman indarrean, eta SA Sozialista Abertzaleak taldea —ezker abertzaleko legebiltzarkideak biltzen zituen taldea— ez desegiteagatik iritsi zen kereila hori.

Aldi berean, udal eta foru hauteskundeak igaro berri ziren, eta ezker abertzalearen zerrendek —AuB Autodeterminaziorako Bilgunea eta bestelako plataformak udaletan— ez zuten lortu Auzitegi Konstituzionalaren langa igarotzea. Boto baliogabea eskatu zuten, eta horien arabera instituzioetan zegokien ordezkaritza aldarrikatu zuten. Garai haren ikur izan zen Lizartza, adibidez: historikoki, ezker abertzaleak izan du nagusitasuna han, eta Joseba Egibar jeltzalea izan zen alkate lau urtez, legez kanporatzearen ondorioz.

Alderdien Legeak aztarna sakona utzi zuen hurrengo urteetako politikagintzan. Ezker abertzaleari joko politikoan aritzeko bide guztiak itxi zizkioten Madrildik, eta hark zirrikitu guztiak baliatu zituen, izkin egin eta Euskal Herriko askotariko hauteskunde esparruetan parte hartu ahal izateko. Gorabehera horietan joan zen hamarkada osoa, eta horien berri eman zuen BERRIAk. Ezker abertzaleak aurkeztutako hainbat zerrendak legez kanporatzeari izkin egitea lortu zuten udal batzuetan, baita Eusko Legebiltzarreko 2005eko hauteskundeetan ere —EHAK aurkeztu zen, legez kanporatutako Aukera Guztiak-en ordez—; baina, 2009an, PSE-EEko Patxi Lopezek Jaurlaritzako lehendakari izatea lortu zuen, polarizazio handiko garai batean, ezker abertzaleari aurkeztea galarazita eta PPrekin gehiengoa erdietsita. Lopezek lehendakari izateari utzi zionerako, ETAk utzia zuen jarduera armatua, eta ez zen gehiago zerrendarik legez kanporatu.

GATAZKA

2003ko ekainaren 21eko BERRIAra itzulita, honela dio 16. orriko tituluak: «Bilbon atxilotuetako bat erietxean, hiru kartzelara eta bi bermepean aske». Gatazkaren urte gogorrak izan ziren haiek. Arrastoa utzi zuten atentatu asko gertatu ziren BERRIA sortu zen urtean, baita ostekoetan ere... Eta atentatu horiek bazuten erantzuna: atxiloketak eta polizia operazioak, eta, handik egun gutxira, askotan, tortura salaketak —Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako eta EAEko gobernuentzat egindako ikerketaren arabera, 1960tik 2015era bitarte gutxienez 5.181 tortura kasu izan ziren Hego Euskal Herrian—. ETAren kontrako operazioez gain, «ETAren ingurua» deitzen zutenaren aurkako erasoak hasiak ziren BERRIAk lehen zenbakia atera baino lehenago ere, eta horietako bat zen, hain zuzen ere, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta ondorengo prozesu osoa. Hain zuzen, 2000ko hamarkada horretan izan ziren aurreko urteetan aterki horren pean abiatutako operazio polizial-judizialen hainbat epaiketa: Jarrai-Haika-Segi, Udalbiltza, 18/98, Euskaldunon Egunkaria, Bateragune auzia... Hamarraldi hori gainditu zuten makrosumarioak ere izan ziren, 2010eko hamarkadakoak baitira euskal presoen abokatuen eta presoen aldeko babes sareen kontrako 11/13 eta 13/13 sumarioak.

Sumario horien ikur bat aipatzekotan, ezin Arnaldo Otegi aipatu gabe utzi. 2016 martxoaren 1ean irten zen Logroñoko kartzelatik, sei urte eta erdiren ostean. Otegi eta harekin batera atxilotutakoak askatu zitzatela eskatzeko mobilizazio handiak izan ziren Euskal Herrian, eta oihartzun handia izan zuten atzerrian ere.

Baina azken hamarkada bietan Euskal Herria astindu duen auzibide bat izan bada, hori Altsasuko auzia da. Hainbat gaztek taberna batean zeuden bi guardia zibilekin izandako gaueko liskarra terrorismo delitutzat jo, eta Auzitegi Nazionalean eta espetxe zigorrekin amaitu zuen kasuak. Iruñean inoiz egindako mobilizaziorik jendetsuenak Altsasukoak aske lelopean egin ziren, bereziki 2018ko ekainaren 16koa.

GATAZKAREN KONPONBIDEA

Gatazkaren kazetaritzako kontakizunak ezagutu du beste alde bat ere: konponbide prozesuarena. «Agur armei, behin betiko», zioen BERRIAk 2011ko urriaren 21ean argitaratutako gehigarriko azalak. Bezperan, erakunde armatuko hiru kidek ahotsa jarri zioten adierazpen historiko bati: «ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki du». Horrela erantzun zion ETAk hiru egun lehenago Aieteko jauregian eginiko nazioarteko konferentziari.

Bide luze baten mugarria izan ziren Aieteko adierazpena eta ETAk bere jarduera behin betiko amaitzeko erabakia. 1998tik 1999ra bitarte ETAk emandako su etenak eta garai horretako PPren gobernuarekin izandako bake elkarrizketek porrot egin ostean, ezker abertzaleko eta PSE-EEko kideek elkarrizketa informalak abiatu zituzten 2000ko hamarkadaren hasieran, Elgoibarko Txillarre baserrian (Gipuzkoa). Elkarrizketa horiek modua eman zuten erakunde armatua zena eta Espainiako Gobernua berriro hitz egiten hasteko —ordurako, PSOE zegoen gobernuan, 2004ko martxoaren 11ko atentatu jihadistetatik hiru egunera Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentegai sozialistak hauteskundeak irabazita—. 2005etik 2007ra bitartean iraun zuten elkarrizketek; Oslon lehenbizi, Genevan (Suitza) ondoren. ETAk 2006ko martxoan eman zuen su eten mugagabea, eta EAJk, PSE-EEk eta Batasunak Loiolan jardun zuten bake elkarrizketetan, baina saio hura ere zapuztu egin zen, eta erakunde armatuak 2007ko ekainean hautsi zuen su etena.

Ezker abertzalean, ordea, bake negoziazioen haustura barne prozesu baten hasiera ere izan zen. Horren emaitza izan zen 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria dokumentua aurkeztu izana; «konfrontazioa estatuak ahulen diren eremura eramatea» proposatzen zuen, «eremu politikora», eta beraz, arlo militarretik ateratzea.

ETAren 2011ko urriaren 20ko iragarpen historikoak itxaropena zabaldu zuen, baina bakegintzarako bideak ez zion utzi malkartsua izateari. Adierazpen hartatik hilabetera, PPk irabazi zituen bozak Espainian, eta Mariano Rajoyren gobernua ez zen engaiatu gatazkaren ondorioen konponbidean, ETAren ordezkaritza bat Norvegian horretarako zain bazuen ere. Espainiako Gobernua ez zen agertu, eta ETAk 2013ko martxoan jakinarazi zuen elkarrizketa mahaia desegin zela. Justu hilabete horretan egin zuten lehen Foro Soziala, konponbidearen agendan eman beharreko pausoak zehazteko. Hamar urtez jardun du lan horretan, aurten arte, desegitea erabaki baitu, 2013ko gomendio ia denak beteta edo bideratuta daudela iritzita.

Puntu horietako bat zen «ETAren armak eta egitura militarrak desegiteko prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea». Baina nekeza izan zen, Madrilek oztopatu egin baitzituen horretarako pausoak. Blokeotik irteteko, 2016ko abenduaren 17an, ETAren armak erabileratik at uzteko saio bat egin zuten bakegile talde batek Luhuson (Nafarroa Beherea), baina Frantziako Poliziak atxilotu zituen. Bakegileak gizarte zibileko pertsona erreferenteak izanik, erreakzio handia eragin zuten atxiloketek, eta, azkenean, Luhusokoak bide eman zion, 2017ko apirilaren 8an, ETAk bere armategiak emateari. Urtebete geroago, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk jakinarazi zuen erakundea desegiteko erabakia.

ETAren armagabetzeak eta desegiteak bestelako giro bat sortu zuen euskal presoen eta iheslarien auzian. Frantziako Gobernua 2018ko otsailean hasi zen lehen presoak hurbiltzen. Espainian, lau hilabete geroago iritsi ziren aldaketak: Rajoyren aurkako zentsura mozio bat irabazita, Pedro Sanchez PSOEko burua izendatu zuten Espainiako gobernuburu, eta abuztuan hasi zen presoak gerturatzen. Bost urte geroago iragarri zituzten Espainian zeuden azken euskal presoen Euskal Herriratzeak, aurtengo martxoaren 24an.

NAZIOGINTZA

Egin atzera orain 2003ko ekainaren 21eko zenbaki hartara; 12. orrialdera. «Departamendurako 'erdibidea' proposatu dute hainbat hautetsik», zioen izenburuak. Egin da aurrera arlo horretan ere; urteetako borrokaren ondoren, 2017an osatu zuten Euskal Hirigune Elkargoa Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen aurreneko egitura instituzionala. Autonomia estatutu bat eta departamendu baten sorrera galdetu ondoren, estatus bereziko lurralde elkargo baten eskaerak hartu zuen nagusitasuna 2010eko hamarkadan, sektore anitzetako hautetsien babesarekin. Parisen ezezkoa jasota, orduan ziren hamar herri elkargoak batu, eta 158 herriak bilduko zituen hirigune elkargo bakarra osatzea hobetsi zuen Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeen gehiengoak.

Haatik, bestelakoa izan da joera Hegoaldean, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan; estatus politiko berri bat eskuratzeko bidea katramilatuta dago oraindik, Madrilen betoa jarrita eta euskal alderdien artean ados jarri ezinda. BERRIA sortu eta lau hilabetera, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak estatutu proiektu bat aurkeztu zuen, besteak beste erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriaren aitortza nazionala jasotzen zituena. Ibarretxeren egitasmoak Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren oniritzia jaso zuen 2004ko abenduan, baina, bi hilabete geroago, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen lege proposamena. Ibarretxeren gobernuak Kontsulta Legea aurkeztu zuen ondoren, 2008an, baina, orduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eten zion bidea estatus politikoaz galdeketa bat egiteari. 2012tik aurrera, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak jorratu izan du gaia, baina, 2018an estatus berri baten oinarri eta printzipioak adostu bazituzten ere, estatutua berritzeko prozesua kale itsu batean sartu da azken legealdian.

Hori horrela, herri mugimenduak hartu du protagonismoa burujabetzaren aldeko aldarrikapenean. 2013ko ekainean aurkeztu zuten Gure Esku Dago, eta, hamar urteotan, dinamika horren mobilizazioek milaka eta milaka lagun elkartu dituzte; 2014ko eta 2018ko giza kateetan eta urte horien artean 209 herritan eginiko galdeketetan, batez ere.

POLITIKA INSTITUZIONALA

Alor instituzionalari dagokionez, berriz, mugarri batzuk izan ditu azken hogei urteetako jarduera politikoak. Batetik, alderdi berrien sorrera: Bilduren sorrerak eta 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan izandako emaitzek panorama politikoa astindu zuten. Ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak 2010eko ekainean Lortu Arte akordioa sinatu eta hamar hilabetera, Bildu koalizioa aurkeztu zuten EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleari lotutako independenteek. Udal hauteskundeen kanpainaren atarian Bilduren zerrendek Auzitegi Konstituzionalaren oniritzia jasota, koalizioak 316.000 boto batu zituen. Gaur egun, Euskal Herriko bigarren indar politiko nagusia da. 2015ean, berriz, Ahal Dugu izan zen berrikuntza. Espainian, 2011ko maiatzaren 15eko protestetatik eratorrita sortu zen Podemos, eta ia 40 urteko bipartidismoa hautsi zuen 2015ean, Espainiako Kongresuan 69 diputatu lortuta. Urte hartako maiatzean, udal eta foru hauteskundeetan, 200.000 bototik gora eskuratu zituen Ahal Dugu-k Hego Euskal Herrian.

Hain zuzen ere, Nafarroan azken hogei urteetan izandako aldaketak ezin dira ulertu eskaintza politikoen berregituraketa hori eta alderdi sistemikoen krisia aintzat hartu gabe. 2000ko hamarkadak UPNren gobernuak baizik ez zituen ikusi, nahiz eta izan ziren aukerak bestela izateko; 2007ko abuztuan, zalaparta politiko eta mediatiko handia sortu zuen PSOEk betoa jarri izana PSNk NaBairekin eta Nafarroako Ezker Batuarekin gobernua osatzeko eginiko akordioari. Madrildik hartutako erabaki horrek UPNren esku utzi zuen Nafarroako Gobernua, eta kolpe handia eman zion PSNri. Sozialistak higatuta eta UPN ahulduta, 2015eko hauteskundeek modua eman zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aldaketaren gobernua osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.