Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko Caritasek 4.111 pertsona artatu ditu aurten azaroaren 30era arte. Gehienak emakumeak —%62— eta atzerritarrak —%79— izan dira; horietatik %41 egoera irregularrean bizi dira. Maite Kintana Caritaseko zuzendariak nabarmendu du egoera irregularrean daudenen erdiek goi mailako formakuntzaren bat edo doktoretzaren bat daukatela: «Ezin hobeki trebatutako atzerritarrak ditugu egoera irregularrean, eta, beraz, badugu modua atzerritarrentzako bestelako araudiak egiteko eta bestelako integrazio bideak artikulatzeko».
Hain zuzen, Kintanak eskatu du prestakuntza duten gazte askoren egoera berrikusteko. «Integrazioan lagunduko duten prozesu integralak» eskatu ditu, argudiatuta prestazio ekonomikoak soilik ez direla nahikoa, eta orain arteko politikek «porrot» egin dutela. Horren adibide gisa jarri du gazte lizentziadun askoren egoera: «Askok dute prestakuntza, borondatea eta integratzeko gaitasuna».
Iruñeko eta Tuterako, eta Gasteizko Caritasek urtean zehar emandako zerbitzuaren balorazioa egin dute gaur goizean, elizbarrutietan bertan. Maite Kintana Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko Caritaseko zuzendariak dei egin du elkartasuna izatera egoera irregularrean dauden migratzaileekin eta kalean bizi direnekin. Erantsi du «ideologiak alde batera utzi» behar direla, eta pertsonen duintasuna jarri denaren gainetik.
Bi elizbarrutiak bat datoz zein den haiengana jotzen dutenen arazo nagusietako bat: etxebizitza. Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek uste du pobrezia prebenitzeko eta hari aurre egiteko oztopo nagusia etxebizitza eskuratzeko zailtasuna dela.
Jende pilaketak etxeetan
Ramon Ibeas Gasteizko Elizbarrutiko Caritaseko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, geroz eta gehiago dira kalean edo etxean egoera prekarioan bizi direnak: 200 pertsona bizi dira kalean Gasteizen. Adierazi du askotan etxeetan «pilaketak» sortzen direla, familia bereko hainbat pertsona gela bakarrean bizi direlako. Gainera, Ibeasek iritzi dio baliabide instituzionalek ez dietela «behar berriei» erantzuten etxebizitza eskuratzeko arazoak dituztenei dagokienez. Izan ere, azaldu du bakarrik dauden gizonentzat pentsatuta daudela, baina hori jada ez dela premiazkoena, orain familia osoei erantzun behar baitzaie, kalean bizi diren haurrak ikusten hasi baitira.
Kintana bat dator. IX. Foessa txostena aipatu du. Haren arabera, etxebizitza arazoek Espainiako lau familiatik bati eragiten diote, eta, bazterkeria larrian daudenei dagokienez, hamarretik bederatziri. Adierazi du artatutakoen erdiak baino gehiago partekatutako pisuetan bizi direla, eta hori «baldintza desegokien edo pilaketaren» adierazle dela. Datuak Espainiakoak izanda ere, Nafarroan antzekoak direla zehaztu du Kintanak.
Hain zuzen, ohartarazi du etxebizitzaren adierazle guztiek okerrera egin dutela 2018. urtekoen aldean. Hala, etxeen %2,2tan pilaketa dago —5.500 etxetan baino gehiagotan—; %9tan «gehiegizko gastuak» ordaintzen dituzte etxebizitzagatik —ia 23.000—; %6,7 «ez dira seguruak»; eta %5,2 «desegokiak» dira.
Kintanak ardura hartzeko eskatu die erakunde publikoei. Haren ustez, eremu tentsionatuen izendapenak eta pizgarriek egoera arintzen dute, baina ez dira nahikoa «egiturazko arazo bati aurre egiteko». Etxebizitza sozialen parke bat eskatu du: «Eraikitzeko beste modu bat sortu beharko da, eta eskariaren eta eskaintzaren artean dagoen desfasea beste era batera jorratu».
Urteko laguntza
Iruñeko eta Tuterako Caritasek jakinarazi du 1.286.857,21 euro baliatu dituela laguntzak emateko: 414.00 euro jarri dituzte jatekorako, 352.000 euro etxebizitzarako, 104.000 euro osasunerako eta ongizaterako —medikazioa, dentista, laguntza terapeutikoa...—, eta 40.000 euro baino gehiago hezkuntzarako.
Artatutakoen %28 —1.132 pertsona— familiak direla zehaztu du Kintanak, eta ohartarazi du horietatik erdiak guraso bakarrekoak direla. Laguntza ematerakoan, ardurapean adingabeak dituzten familia horiek «lehenestea» erabaki du erakundeak.
Gasteizko Elizbarrutiak, berriz, 3.516 familiari eman die laguntza, eta 438.515,96 euro baliatu ditu horretarako; kopuru horretatik %70 —250.000 euro— etxebizitzarekin lotutako beharretara bideratu dituzte. Ibeasek azaldu du emakume migratzaileek behar izan dutela laguntza gehien, batez ere Hego Amerikatik etorritakoek.