Diputatu aulkia galdu dute Michele Alliot-Marie eta Jean Grenet UMPren aspaldiko ordezkari ospetsuek. Botoen %48,38 lorturik, Alliot-Mariek ez du lortu uhin arrosa gainditzea; Alliot-Marie seigarren barrutiko diputatua izan da 1988az geroz. Berdin gertatu zaio bosgarren barrutian Greneti, zeina 2002az geroz bertako diputatu izan den; botoen %43,53 eskuraturik, hauteskunde horietako galtzaile handia izan da. Emaitzak eman aitzin, Baionako herriko etxeko gela nagusia sozialistaz betea zen, irribarretsu eta pozez beterik zirela, etaGrenet bere bulegoan zegoen, aparte. Alliot-Mariek zein Grenetek, biek ondorio bera atera zuten igande gauean, emaitzak jakin bezain laster: hautesleek «aldaketa» nahi dute, «legebiltzarrean gehiengoa eman nahi izan diote Hollanderi».
Ez du, haatik, egoera berdina izan laugarren eremuko diputatu izandako Jean Lassallek: botoen %50,98 eskuraturik, aulkiari eutsi dio. Mila botoren abantzua duela Frantxua Maitia hautagai sozialistarekin, azken horrek ez du ezagutu bere sozialista lagunen lorpena. Colette Capdevielle, Sylviane Alaux sozialistak eta Jean Lassalle zentrista izanen dira, beraz, Ipar Euskal Herriko diputatu berriak.
Lehen itzulitik 22.583 boto irabazi ditu Alderdi Sozialistak, UMPk 12.149 eta zentroak 6.327. Seigarren barrutian da gehien sentitu sozialisten gorakada, bigarren itzulian 10.236 boto gehiago bildu dituelako Alauxek. Laugarren barrutian, haatik, Lassallek du igoera handiena egin: 6.327 bozirabazi ditu bigarren itzulian, eta Maitiak 4.036 bildu ditu joan den igandetik. Laugarren barrutian, zeinak Biarno eta Euskal Herria biltzen dituen, orotara 991 botoz gailendu zaio Lassalle Maitiari; Ipar Euskal Herrian, 2.204 botoren tartea dago. «Nire galtzea Euskal Herriko emaitzetarik dator, hemengo jendeek nahiago dute biarnes bat diputatu, euskaldun bat baino», zioen barda Maitiak, atsekabea sendi zela haren ahotsean.
UMP kanporatzeko desioa
Frantziako presidentzialetan bezala, UMPren ordezkariak kanporatzeko desioa sendi zen kanpainan. Lehen itzuliko emaitzek nahia argiki agerrarazi zuten, eta igandeko emaitzek nahia bete zuten. 2007ko Legebiltzarreko bozekin alderatuta, 4.702 boto galdu ditu Alliot-Mariek, eta Grenetek 4.173. 1959az geroz Grenet familiaren esku den Baiona hirian ere %43.43 egin du bakarrik Grenet auzapezak. UMPren presentzia azkarra den hirietako emaitzek ere islatu zuten egoera: Miarritzen adibidez, 2007an %62,98 egin bazuen Alliot-Mariek, aurten %52,68 egin du. Donibane Lohizunen ere, aitzinekoan%63,23 egin zuen, eta aurten %52,87 lortu du. Ezkerreko alderdi guztiek zuten, edo sozialisten alde bozkatzera deitu edo «eskuina oztopatzeko» deia luzatu edo boto kontsignarik ez eman arren, eskuina galtzaile ikusteko desioa plazaratu.
Ezkerreko hautesleak azkarki mobilizatu dira bigarren itzulian, hautagai sozialistari emanez botoa. Seigarren hautes-barrutian argi geratu da abertzaleek ere Alauxen alde egin dutela, Alliot-Marie kanporatzeko helburuarekin. Sozialistek oso emaitza onak jaso dituzte hainbat hiritan; Hendaian, besteak beste; hor %70,17 egin dute.
Presidentzialetako hauteskundeetan jaso lehen zartakoaren ondoren, bigarrena bildurik igandean, ondoko pausoa UMP berrantolatzea izanen dute bertako ordezkariek. Alliot-Mariek buru- belarri horri lotzeko asmoa duela plazaratu zuen igande gauean: «UMPren berrantolaketan parte hartuko dut, zentroaren eta eskuinaren indarrak batu behar ditugu Frantzia gainbeheratik babesteko». Nahiz ez gehiago parlamentuan egon, sozialisten politikaren aurka ere lanean jarraituko duela jakinarazi zuen, «Frantzia eta frantsesendako lanjerosa den politika bat daukatelako».
Laugarren boz eremuan da gutxien sentitu ezkerreko bozkatzaileen sostengua sozialisteibegira. Lassallek, haatik, bildu ditu eskuineko botoak, zentrokoak eta seguruenik ezkertiar batzuenak ere bai. Mauleko kantonamenduan salbu, Ipar Euskal Herriko beste guztietan nagusitu da zentroa. Adibidez, Donibane Garaziko kantonamenduan, hots, Maitiaren bizigunean, Lassalle nagusitu zaio Maitiari, botoen %51,98eskuraturik. Alta, presidentzialetako hauteskundeetan François Hollande nagusitu zitzaion Nicolas Sarkozyri kantonamendu horretan, botoen %52,35 bereganaturik. Orokorki, emaitza onak bildu ditu Euskal Herrian Lassallek: %69,03 Behauzen, %72,93 Mehainen, %64,26 Donapaleun, %66,67 Urepelen...
Lehen itzulian baino parte hartze handiagoa izan zen laugarren eta seigarrenean. Laugarrenean da abstentzio txikiena izan ( %33,83). Beste bi hauteskunde barrutietan %40 ingurukoa izan da.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia
Egoera irauli du uhin arrosak
Michele Alliot-Marie eta Jean Grenet diputatuek beren aulkia galdu dute; haatik, Jean Lassallek legebiltzarrean jarraitzen duCapdevielle eta Alaux sozialistek irabazi dute; Maitiak, ordea, ez du nahiko boz bildu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu