Eusko Jaurlaritzak egindako larrialdietarako garraio zerbitzuko lehiaketa publikoan postu gehienak «eskaintzarik merkeenak» eskuratu dituelako, «oso kezkatuta» daude DYAko eta Gurutze Gorriko beharginak. Langileek ohartarazi dute erabaki horrek ondorio negatiboak ekarriko dituela, eta herritarrek pairatuko dituztela, «zerbitzuaren kaskartzearengatik», eta uste dute langileen lan baldintzak okertuko direla. Egoera argitzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
Bizkaiko DYAko eta Gurutze Gorriko langileen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo goizean,Bilbon. Begoña Amante DYAko ELAren ordezkariak hartu zuen hitza. «Babesik gabe» daudela salatu du Amantek. Prozesuaren inguruko informazio falta eta «duda-mudako etorkizuna» ikusten dutela azaldu du, ez baitakite administrazio dosierra zein puntutan dagoen.
Izan ere, orain arte DYAk eta Gurutze Gorriak ematen zuten larrialdietako anbulantzia zerbitzua Bizkaian. Eusko Jaurlaritzaren lehiaketa publikoaren ostean, Patxi Lopezen gobernuak, postuen % 71 Espainiako Ambuiberica enpresaren esku utzi zituen, 24tik 17, hain zuzen ere. Kexu dira horregatik
2012ko azaroaren 30ean argitaratu zuten lehiaketa publikoaren komunikazio ofiziala, eta bai DYAk zein Gurutze Gorriak helegiteak jarri zizkioten Jaurlaritzaren erabakiari. Orain, egoera behingoz argitu dezan eskatu diote Jaurlaritza berriari.
Administrazioa egoeraren jakinaren gainean dagoela ohartarazi dute DYAko eta Gurutze Gorriko ordezkariek, eta «onartezina» dela adierazi dute. Langileek, administrazioaren jarrera salatu dute, eta egungo egoeraren erantzukizuna duela salatu dute. «Administrazioari exijitzen diogu, beraz, behin betiko esleipenaren zerbitzuaren kalitatea, eta langileen lan baldintzak kontuan izan ditzan. Hori egin ezean, ezingo da herritarrek merezi eta eskatzen duten kalitatezko zerbitzua eskaini».
Eskaintzarik «merkeena»
«Nahiz eta herritarrentzako hil edo biziko garrantzia duen zerbitzu bat izan, argi ikusten dugu eskaintzarik merkeenak izan duela lehentasuna lehiaketan». Hartara, Ambuibericak ez duela kalitatezko zerbitzua bermatuko salatu dute. «Argi dago, zerbitzua eskaintza ekonomiko baxuenari eman diotela, merkeena izate hutsarengatik», nabarmendu du DYAko ordezkariak.
«Lehiaketa publikoak, azpitik jotako eskaintza ekonomikoei esker lortu ostean, Ambuiberica lan baldintzak aldatzen eta kaleratze masiboak planteatzen dabil» jakinarazi du Amantek. Izan ere, nahiz eta oraingo langileak hartzera derrigortuta egon, baldintza hori ez duela errespetatu jakinarazi du. Ciudad Realen (Espainia), adibidez, 72 langile kaleratu dituela gaineratu du.
Ezinegona sortu du Ambuibericak zerbitzuaren zati handiena eskuratzeak, eta beharginen lan baldintzak okerrera egingo duten beldur dira sindikatuak. «Azpitik egin duten eskaintzaz gain, lan erreforma eta hitzarmen kolektiboa ere badaude, eta enpresak guk egun ditugun lan baldintzak ez mantentzea da dugun beldurretako bat», gaineratu du Amantek.
Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresa batzuek duten jokabidea salatu nahi izan du DYAko ordezkariak, «zerbitzuaren eta lan baldintzen lepotik dirua irabaztea interes bakarra» duten enpresena, alegia. «Herritarrei jakinarazi nahi diegu, langile kolektiboak borrokan jarraituko duela, kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak mantentzearen alde», adierazi du Amantek.
Egoera argitzea nahi dute DYA eta Gurutze Gorriko langileek
Egungo lan baldintzak mantentzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta lanpostuei eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu