Indarkeria matxista

EGK-k Zarautz eta Donostiako eraso matxistak salatu ditu

Adierazi dutenez, erasoak ez dira izan kasu bakanak, eta kolektibo osoaren kontrakoak dira

Elkarretaratzea, atzo, Zarautzen. UROLA KOSTAKO HITZA.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Euskadiko Gazte Kontseiluaren (EGK) erranetan, 2022an hamazazpi emakume gaztek erasoren bat jasan dute. Joan den ostiralean, emakume batek bere mutil lagun ohiaren erasoa jasan zuen Donostian. Mutilak sexu harremanak izatera behartu nahi izan zuen emakumea, eta, hark uko egitean, mutilak ukabilkada bat eman zion. Gizona indarkeria matxistagatik atxilotu zuten martxoan, eta urruntze agindu bat ezarri zioten. Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, emakume batek sexu erasoa jasan zuela salatu zuten aurreko asteburuan. Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa eskaini diote eraso egin ziotenari. Eraso horiek bakanak ez direla adierazita, EGK-k zenbait eskaera egin ditu: besteak beste, erasoen aurrean justizia egitea, delituak salatzeko baliabideak denen eskura jartzea, legediak kontuan hartzea bikotekideen artean gertatzen ez diren erasoak eta sexu berekoen arteko indarkeria, heziketa ziurtatzeko baliabide ekonomikoak ematea, datuak eguneratzea edo behatokiak hobetzea, erasoen aurrean ikuspegi intersekzionala izatea, eta estereotipoen aurrean jarrera kritikoa izatea.

Zarautzen gertatutako erasoaren harira, asteazken eguerdian elkarretaratzea egin zuten udaleko eta aldundiko ordezkariek. Arratsaldean, berriz, agerraldia egon zen, herriko mugimendu feministak deituta. Bertan, zenbait aldarrikapen egin zituzten: espazio publikoa segurua izan dadin, herriko tabernak emakumeentzako espazio seguruak izatea; heziketa egokiagoa izateko baliabide gehiago jartzea; autodefentsa feminista lantzea; eta gizonekin lan egitea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.