INDARKERIA MATXISTA

EGK-k Donostian eta Zarautzen gertatutako eraso matxistak salatu ditu

Adierazi dutenez, erasoak ez dira izan kasu bakanak, eta kolektibo osoaren kontrakoak dira

Elkarretaratzea, atzo, Zarautzen. MIKEL EIZAGIRRE/ UROLA KOSTAKO HITZA
Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 7a
11:47
Entzun

Euskadiko Gazte Kontseiluaren (EGK) erranetan, 2022an hamazazpi emakume gaztek erasoren bat jasan dute. Joan den ostiralean, emakume batek bere mutil lagun ohiaren erasoa jasan zuen Donostian (Gipuzkoa). Mutilak sexu harremanak izatera behartu nahi izan zuen emakumea, eta hark uko egitean, mutilak ukabilkada bat eman zion. Gizona genero indarkeriagatik atxilotu zuten martxoan, eta urruntze agindu bat ezarri zioten.

Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, emakume batek sexu erasoa jasan zuela salatu zuten aurreko asteburuan. Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa eskaini diote eraso egin ziotenari.

Eraso horiek bakanak ez direla adierazita, EGK-k zenbait eskaera egin ditu: besteak beste, erasoen aurrean justizia egitea, delituak salatzeko baliabideak denen eskura jartzea, legediak kontuan hartzea bikotekideen artean gertatzen ez diren erasoak eta sexu berekoen arteko indarkeria, heziketa ziurtatzeko baliabide ekonomikoak ematea, datuak eguneratzea, behatokiak hobetzea, erasoen aurrean ikuspegi intersekzionala izatea, eta estereotipoen aurrean jarrera kritikoa izatea.

Erasoen kontrako mobilizazioak

Zarautzen (Gipuzkoa) gertatutako erasoaren harira, atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten udaleko eta aldundiko ordezkariek. Arratsaldean, berriz, agerraldia egon zen, herriko mugimendu feministak deituta.

Indarkeria matxista eguneroko harremanetan dagoela adierazi zuten bertan. Hortaz, zenbait aldarrikapen egin zituzten: espazio publikoa segurua izan dadin, herriko tabernak emakumeentzako espazio seguruak izatea; heziketa egokiagoa izateko baliabide gehiago jartzea; autodefentsa feminista lantzea; eta gizonekin lan egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.