Miguel Laparra. NUPeko irakaslea

«Egiturazkoa bihur daiteke koiunturazkoa den pobrezia»

NUPeko txosten batek agertu duenez, Nafarroan 30.000 lagun daude pobrezia egoera larrian; horren aurrean, neurrizko erantzunen beharra agertu dute ikertzaileek.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Miguel Laparra (1962, Bourges, Frantzia) soziologian doktorea eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da. Nafarroako Desberdintasunaren, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Inguruko II. Txostenaren koordinatzailea izan da.

Azaldu duzuenez, 30.000 pertsona inguru pobrezia egoera larrian bizi dira Nafarroan. Nola aldatu da egoera lehen txostena egin zenutenetik bigarrenera?

Lehen txostenean ikusi genuena areagotu egin da. Krisiaren hasieratik 2013ra pobrezia larriaren egoera gaizkiagotu zen; 2014tik aurrera, ez dirudi zabaltzen ari denik, baina ez du hobera egin: Nafarroako biztanleen %4,5 inguru bizi dira egoera horretan, eta ez dirudi hori txikitzen ari denik.

Nori eragin dio bereziki?

Haien baztertze arrisku egoera zela eta, pobrezia pairatzeko aukera handiagoa zuten kolektiboei eragin die: etorkinei eta ijitoei, kasu, eta guraso bakarreko etxeei. Berritasuna izan da gazteei ere eragin diela eta, bereziki, haurrak dituzten etxeei.

Zeintzuk dira horren arrazoiak?

Batetik, krisiaren dinamika beraeta, bestetik, gure gizarte politika: babes sistemek ez dituzte umeak dituzten familien beharrak asetzen eta, hala izanik, babes falta handiagoa dute.

Pobrezia egoera larriak zein eragin du pairatzen dutenengan?

Dagoeneko, egiaztaturik dago krisiak hainbat pertsonen osasun fisikoan eta psikikoan eraginak dituela; hala, haien etorkizuneko aukerak askoz ere murritzagoak izango dira: osasunari eta etxebizitzari dagokienez, adibidez.

52 pertsonen testigantzak bildu dituzue: pobreziaren baldintzapenen inguruko kontzientziarik al dute?

Krisia pairatzen duten pertsonen zati bat gizartean integraturik dauden taldeetatik datoz, eta egiturazko bazterketa bizi izan duten beste lagunek baino kontzientzia handiagoa dute. Sufrimendu handia ikusi dugu: bada galtze sentimendu bat, eta ikusten dute, gainera, oso zaila izango dela aurreko egoerara bueltatzea. Horrekin batera, gizarte kritika zorrotza sortzen da beraiengan: sistema kuestionatzen dute, eta desatxikimendua sortzen da. Politizazioa eta kontzientzia sortzea dira, beste garai historikoekin alderatuta, hauteman dugun alde nagusia.

Nola islatzen ari da gizartean sufrimendu hori guztia?

Bada oso elementu positiboa gizartearen erreakzioari dagokionez: gizarte kezka bat dago, jendea gertatzen ari denarekin kezkaturik dago, oso gertutik ikusten duelako, hein handi batean. Erantzunak askotarikoak dira, baina gizartearen elkartasuna azpimarratzen dute horietako askok: mozketen kontrako mobilizazio masiboak edo errekurtso bilketa kanpainek jaso duten erantzuna; boluntariotzaren gorakadak ere egon dira.

Nafarroako Gobernuak txostenaren balioa ukatu du, AROPE indizea oinarri hartuta. Horren arabera, behar material larriak dituztenak 3.867 pertsona inguru dira. Zer dela eta zenbakien arteko alde hori?

Neurgailu ezberdinak dira, eta ez dute zertan kontrakoak izan. Gabezia larriez hitz egitean, oinarrizko ekipamenduen falta dutenen inguruan ari gara. Krisi aurretik ekipamendu horiek zituztenek gaurdaino mantendu dituzte. Orain, eguneroko gastuei lotutako gauzak dituzte faltan; badira beharrezko etxetresna guztiak dituztenak, baina elikadura orekatua izateko oinarrizko jakiak erosi ezin dituztenak.

Gobernua pobrezia egoera larria ukatzen ari bada, hori pairatzen dutenei erantzunik ere ez die emango, ezta?

Txosten honekin transmititu nahi izan dugu oso arazo larriaren aurrean gaudela, eta honek ez duela azaltzen hobera egiteko sintomarik. Horren aurrean, ez dago hausnarketa politiko nahikorik arazoen tamainara egokitutako neurriak hartzeko.

Etorkizunera begira egoerari aurre egiten ez badiote, nola eragingo dio gizarteari?

Gazte eta haur asko daude pobrezia egoera larrian. Hala, egiturazkoa bihur daiteke krisi garaian koiunturazkoa den pobrezia. Gero eta gizarte desberdinagoa sortuko dugu, gizarte gatazkatsuagoa eta ezegonkorragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.