Indarkeria matxista

«Egiturazko indarkeria matxista» salatu dute Orion, elkarretaratzean

Plaza txiki geratu da hilketa matxista gaitzesteko protestan. Ikerketen arabera, gizonak andrea hil zuen berak manipulatutako eskopeta batekin, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan duenez

Ehunka lagun elkartu ziren mugimendu feministak deitutako protestara atzo arratsaldean, Orion. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Gurutze Izagirre Intxauspe
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

Txalo zaparrada batek hautsi zuen hamabost minutuko isiltasun ozena Orion (Gipuzkoa). Plaza mukuru, aurpegi zurbilak eta samina islatzen ziren azken hilketa matxista salatzeko mugimendu feministak atzo arratsalderako deitutako elkarretaratzean. Astearte arratsaldean, gizon batek bikotekide ohia hil eta bere buruaz beste egin zuen gero, kalean, parke baten ondoan. Udaletxean ikurrina masta erdira jaitsita, bandera morea xingola beltzez, eta herriko mugimendu feministaren eta Lourdes del Hoyoren —hildako emakumearen— senideek eta hurbilekoek egindako pankarten altzora batu ziren ehunka herritar. 19:00etako kanpaiak jotzearekin batera luzatu zuten pausoa udaletxe aurreko espaloian pankartekin, eta egin zen isiltasuna ordu laurdenez. Erasorik ez erantzunik gabe;Askeak izan nahi dugu;Minaren aurrean familiarekin;Lourdes, gogoan zaitugu. Lau lelo horien albora batu ziren herritarrak, erakundeetako hainbat ordezkarirekin batera. Orioko alkate Anuska Esnalez gain, han izan ziren, besteak beste, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza EAJren ahaldungaia, Maddalen Iriarte EH Bilduko ahaldungaia, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Aintzane Ezenarro Gogora-koa eta Denis Itsaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria.

Ikusi gehiago:Hilketa salatu dute instituzioek, eta berdintasunean haztera deitu dute

Isilunearen ostean hartu zuten hitza deitzaileek, gogorarazteko Del Hoyoren hilketa ez dela kasu bakan bat, «egiturazko arazo bat baizik», emakumeak egunero jotzen dituena. Seme-alabak eta senideak izan zituzten gogoan: «Erreparazio lan handia egin beharra daukagu». Irmo salatu zuten irudien erabilera. Hilketa toki publikoan izanda, galbaherik gabe hedatu baitziren irudiak: «Badugu non erantzukizunak hartu».


Arduradun politikoentzat ere mezu zuzena igorri zuten: «Lehen mailako arazo politikoa da». Jarrerak konplizeetatik harago joan behar duela esan zuten. Autodefentsa feministarako eta antolatzeko deia eginez amaitu zuten mezua: «Lourdes, zuri ukatu dizuten askatasunaren alde borrokatuko gara. Askeak izan nahi dugu!».

Emakumeen Mundu Martxak samina eta babesa agertu die senideei, eta datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Ikerketa

Hipotesi nagusia baieztatu egin zen atzo goizean: hilketak izaera matxista izan zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu zuenez, ikerketan jasotako datuen arabera, gizonak eskopeta batekin hil zuen andrea, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Manipulatutako arma bat zen: kanoiak moztuta zeuzkan. Gizonak bazuen arma hori izateko baimena, eta berak manipulatu zuen.

Baieztatu zenez, andreak eta gizonak izandako harreman afektiboa etenda zegoen, baina geratuta zeuden astearte arratsalderako; elkarrekin geratu izanaren motiboa zein izan zen ikertzen ari dira. Banku batean eserita zegoen emakumea, liburu bat leitzen, gizona noiz azalduko zain. Andreak ez zuen inoiz gizona salatu; gizonak ere ez zuen aurrekari penalik indarkeria matxistarengatik.

Datu gehiago ere jakinarazi zituen Erkorekak; adibidez, esan zuen gizonak eskopeta aitarengatik jasoa zuela. Ertzainek hasieran «deflagrazio» bati buruz zergatik hitz egin zuten ere azaldu zuen: hainbat lekukok esan zuten kaxa bat ikusi zutela, eta horrek sortu zuen leherketaren hipotesia. Lehergailuekin diharduten ertzainen unitateko kideak ere hilketa jazo zen tokira joan ziren, baina gizonaren gorpua mugitu arte ezin izan zuten argitu han ez zegoela kaxarik: eskopeta bat zen.

Ertzainek ikertzen jarraitzen dutela esan zuen Erkorekak: «Informazio asko jasotzen ari dira». Datu horiekin, gero eta xeheago argitzen ari dira zer gertatu zen. Guardiako epailearen esku dago orain auzia, eta gero bideratuko dute indarkeria matxistan espezializatutako epaitegi batera.

Aurten bortxa matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako lehen emakumea da Lourdes del Hoyo. Iaz bost andre hil zituzten; 2003tik, 118 emakume falta dira Euskal Herrian, eta 11 haur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.