PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak Radio Euskadiri adierazi dionez, haien asmoa da «egiturazko aldaketa sakonak» eragitea Eusko Jaurlaritzaren jardueran, bereziki osasungintzan, hezkuntzan eta industria arloan: «Uste dut EAJ ere bat datorrela horretan». Edonola ere, iragarri du «marra gorririk gabe» ekingo diotela EAJrekin negoziatzeari, eta ez dutela «helburu zehatzik» eramango negoziazio mahaira. Iragarri berri dute astelehen goizean egingo dutela bi alderdiek negoziazioak hasteko lehen bilera, Sabin Etxean.
Gobernu «egonkorra» eratzea dute xede, «ongizatea eta aurrerabidea eman diezaion Euskadi osoari». Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean, bileran izango dira Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeria. Sozialisten ordezkaritza osatuko dute, berriz, Eneko Anduezak, Miguel Angel Moralesek eta Begoña Gilek.
Aurreko legegintzaldian baino bi legebiltzarkide gehiago izango ditu PSE-EEk datozen lau urteetan. EAJk, berriz, lau legebiltzarkide galdu ditu. Hori baliatu nahi dute sozialistek osatu behar den gobernu berrian «pisu handiagoa» edukitzea galdegiteko. Sozialisten planteamendua izango da EAJren proposamena entzutea «negoziazioari nolako aldartez ekiten dioten jakiteko», eta, hortik aurrera, negoziatzen hasi. Baina prozesuari ez diote mugarik jartzen, eta, Anduezak esan duenez, edozein arloren ardura hartzeko prest daude, baita Osakidetzarena ere: «Frogatu dugu kudeaketa onaren berme garela».
Gobernu berriaren eraketaz gain, Eusko Legebiltzarraren Lehendakaritzaren eta Mahaiaren osaketa ere eztabaidagai izango dira negoziazio horietan. Anduezak aurreratu du ez dela haien asmoa legebiltzarraren lehendakaritza eskuratzea, baina uste du Mahaiaren osaketan «islatu» egin behar dela jeltzaleek eta sozialisten daukaten gehiengoa.
Anduezak ez du aurreratu nahi izan nortzuk izan daitezkeen sailburuak sozialistek kudeatuko dituzten arloetan, ezta bera gobernuan egongo den ere: «Dagokionean hartuko dut erabakia, baina kontu horrek ez nau batere arduratzen. Oraingoz, nire lekua PSE-EEn dago, eta hor egongo da aurrerantzean ere. Ni alderdiko pertsona naiz, eta leial jokatzen dut nire alderdiarekin eta nire printzipioekin».
Estatus berria
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus berriaren auzia ere mintzagai izan du Anduezak, eta sozialistek orain arte izandako jarrera berretsi du: PSE-EE prest dago estatutuaren erreformaren eztabaidari ekiteko «azken 45 urteotan irabazitako eskubide sozialak bermatzeko», baina aldaketak «konstituzioak ezarritako esparruan» egin behar dira, eta ez du babestuko hura gainditzen duen proposamenik: «EH Bildu akordio horretan egon daiteke, baina independentziaren eta subiranismoaren bideari uko egiten badio. Autodeterminazio eskubideak ez du euskal gizartearen sentimendua jasotzen, independentziaren aldeko hautua inoiz baino apalagoa da eta».