«Egituraren» ikur eta tresna

'Nik sinesten dizut' liburuaren egile Samara Velte, Zaloa Basaberekin eta Amaia Zufiarekin aritu da Iruñean 2016ko jaietan jazo zen taldeko bortxaketaz: haren erroez, eta ondorioez. Solasaldiaren bideoa, albiste amaieran.

Maite Asensio Lozano, Samara Velte, Amaia Zufia eta Zaloa Basabe, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
Andoain
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Emakume gazte bat, ezkaratze batean, bost gizonezkok inguratuta, bortxatua. Kanpoan, entzutez betetako festak: Iruñeko sanferminak. 2016. urteko uztailean gordin zabaldu zen irudi hori,eta ordutik aparteko oihartzuna izan dute taldeko bortxaketa horrek eta haren gaineko auzibideek; kalean, eta hedabideetan. Horien guztien gaineko gogoetak xeheki bildu ditu Samara Velte kazetari eta ikertzaileak Nik sinesten dizut liburuan. Han goldatutakoen gainean sakontzeko modua izan zuen atzo arratsean Martin Ugalde foroan, Andoainen (Gipuzkoa). Iruñeko Udaleko Berdintasun Saileko koordinatzaile Zaloa Basabe eta Bilgune Feministako kide Amaia Zufia izan zituen solaskide. Mintzaldia BERRIAko kazetari Maite Asensio Lozanok gidatu zuen. Bat etorri ziren denak; «salbuespeneko» eraso gisara aurkeztu nahi izaten dira usu halakoak, horixe bera egin zen kasu horrekin, baina «egiturazko» asimetria baten ondorio izaten dira eraso horiek, eta, areago, sistema horrek bizirauteko behar duen «tresna». Argi nabarmendu nahi izan zuen Basabek mezua: «Patriarkatuak bizirauteko tresna bat da emakumeok pairatzen dugun indarkeria»

Bortxaketa honen berezitasunen artean dago hedabideetan izan duen oihartzuna. «Kasuak sortu zuen eztabaida sozial oso-oso zabala», onartu zuen Veltek. Horiek horrela, ozendu egin ziren andreak indarkeriaren eta menpekotasunaren bidez mehartutako esparrura mugatzeko usu zabaldu diren «lezioak»: gizartean aski zuztartuta dauden mezuak. «Finean, ikusten dugu indarkeria denek dutela atzean sostengatzen dituen diskurtso bat». Ez da deus berria: «Patriarkatuaren helburua beti izango da halakoak salbuespen gisara aurkeztea; kasu honetan oso nabarmena izan zen». Hedabideetako mezu askok, adibidez, ikuskera hori sendotu zuten, kasuaren jarraipen neurrigabe batean. «Iruñeko kasuan salbuespenaren narratiba hori asko nabarmendu zen».

Bi «alderen» arteko gatazka

Ez ziren horrekin konformatu. «Arriskua izaten da, baita ere, begirada biktimarengan jartzea: hura kulpabilizatzea», azaldu zuen Veltek. Hain justu, maiz hedabideak ibili ziren kasua «bi alderen arteko gatazka parekide bat bezala» aurkezten. Erasoa «erlatibizatzera» ere egin zen; erasotzaileak «humanizatzera». Basabek azaldu zuen, edukiak lortzeko premia horretan, udalera ere maiz jo zutela kazetariek, ase ezin: «Ez zenukete sinetsiko zer ideia klaserekin etortzen zitzaizkigun». Horiek horrela, lanketa bat egiten ari dira orain propio kazetariekin, eta gomendio hainbat ere zabaldu dituzte haientzat: «Oso oinarrizkoak dira, baina zenbaitek ez dute bakar bat ere betetzen». Bilgune Feministako ordezkari Amaia Zufiaren aburuz, mugimendu feminista ehunduta eta ahaldunduta egoteak lagundu zuen orekatzen hedabideetatik zetorren zarata hura. «Azken urteotan mugimendu feministak indarkeria izendatzeko eta neurriak eskatzeko egindako inurri lanari esker orekatu ahal izan izan ziren auzi mediatiko horretan zabaldu ziren hainbat basakeria». Mugimendu feministak ere hitza hartzeko «presio» izugarria izan zuela gogoratu zuen, eta une zailak izan zituztela, zeintzuetan halakoei erantzutzeko «gihar indartsu» baten falta sentitu zuten. Kasu hori hedabideetan hain hanpatuta ikusi, eta beste asko zeinean isilpean geratzen diren ikusita ere, ezinegona maiz sentitu zutela onartu zuen Zufiak. «Noraino estal ditzake horrelako kasu batek besteak?». Bidegabe deritzo: jorratzekoa. «Feminismoak intersekzionalitateaz hitz egiten du, baina hori praktikara eramateko badugu lana». Ezinbesteko deritzo sexurako adostasunaren inguruan sortu diren eztabaidetan ere oinarrizko beste hainbat kontzeptu ez alboratzea: «Non geratzen da plazera? Gozamena?».

Erasoaren harira, jende asko atera zen kalera salatzera, irmo, inoiz ikusi gabeko eran. Zaloa Basabek gogoan du usu esaten zela «bat-batekoak» zirela protesta horiek, baina zuztarra zutela uste du. «Guk bagenekien Iruñean mugimendu feministak egindako lanari esker izan zela hori». Hamarkada askotan udalak behar adinako aitortzarik egin ez ziela iritzita, haiekiko «zordun» sentitu zirela azaldu zuen, eta urteotan haiekin «koordinatuta» aritzeko aparteko ahalegina egin dutela: «Egon behar dugu mugimendu feministarekin harremanetan etengabe». Egun festetan sexu erasoei aurre egiteko darabilten protokoloa, esaterako, haiekin batera ehundutakoa da.

Justiziaz

Hedabideetako trataerak ez ezik, justiziak kasu honi emandako erantzunak sortu ditu zalantza asko. Velteren aburuz, kasuak argi utzi du, lehendik hainbatetan gertatu den eran, erasoa «frogatze» aldera, «deklarazio orbangabe» bat egitera behartzen duela justizia sistemak biktima, eta babes egokirik ez diola ematen.

2018ko apirilean sententzia batek sexu abusutzat jo zuen erasoa, arrabots handia eragin zuen epai hark, eta protesta handiak eragin zituen: aurretik inoiz ikusi gabeko tankerakoak berriro. Horietan«punitibismoarekin» lotutako mezuak ugaritu zirela ikusita, mugimendu feministan deserosotasunerako motibo bat sortu zela onartu zuen Zufiak, «alerta» guztiak piztu behar izan zituztela, eta galdera bat egin: «Feminismotik zein da desio dugun justizia?». Basabek onartu zuen «kontraesanen» amildegian sentitzen dela gaiaz ari denean. «Alde batetik, argi daukagu punitibismotik ez dela etorriko behar dugun eraldaketa soziala, baina nola egiten dugu esateko ez dugula behar zigor kodea, baina era berean esateko behar dituela aldaketa batzuk?». Beste eredu bat goldatu behar dela defendatu zuen Zufiak: «Biktimaren beharretara bazoaz, lotuta daude erreparazioarekin: aske eta seguru sentitzearekin». Onartu zuten «erpin» askodun eztabaida sortzen duela justizia antolatzeko era berri bat amesten haste hutsak, eta itaun zailak, baita deserosoak ere. «Erasotzaileekin zer?». Gogoetari heldu beharra defendatu zuen Veltek ere: «Justizia ez da auzitegietan bakarrik egiten».

[youtube]https://youtu.be/QX9crXabZuw[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.