Ipar Euskal Herri mailako Herriarteko lankidetza erakunde publiko baten «gidoia barnatzea» erabaki zuten atzo gauean Hautetsien Kontseilukoek, Baionan. Horren alde egin zuten 33 hautetsik. Seik aurka bozkatu zuten. Batek ez zuen bozketan parte hartu. Egitura bakarrak «anbizioa duten politika publikoak» eta handituko den eskualdeari begira «leku nagusi bat eta irakurgarritasun bat» eman dezakeela argumentatzen du bozkatu testuak. Gaineratzen du gobernatzeko baldintzak «zehaztu»beharrak direla. Lurraldeen ordezkaritza «orekatua», tokiko ardurak «asumituak» eta lanabesaren «indartze progresiboa» zaindu beharra dagoela.
Prefetarekin «elkarrekiko lan prozesu bat eraiki» eta tokiko hautetsi guztiekin «solasa abiatzea» ere adostu zuten.
Izan ere, herrietako auzapez eta kontseilariek dute ukanen azken hitza Ipar Euskal Herriaren egituraketa instituzionalaz. Haiek dute bozkatuko egituraketaz. Heldu den urteko udaberri bukaeran litzateke. Tokiko hautetsien inportantzia hori azpimarratu zuen Jean-Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidenteak, eta aitortu zuen, hain zuzen, «zenbait erresalbuak agertu» direla. Egitekoak dituzten bilkurak, nolabait zalantza edo «beldur» horiek uxatzea izanen dute helburu, Hautetsien Kontseiluaren bozketak ez baitu iritzi guztien argazki zehatza eskaintzen.
Bataren zein bestearen eragiteko gaitasunak ondoko hilabeteetan neurtuko dira zehazkiago.Barda, adibidez, Miarritzeko Michel Veunac, Hendaiako Kotte Ezenarro eta Angeluko Claude Olive auzapezak ez ziren agertu. Biztanleria aldetik hiri inportantak direla-eta haien erabakiak ukanen du pisurik egituraketaren azken bozketan. Beste adibide bat, Jean Jacques Lasserre Departamenduko burua da. Hor zen barda, baina jadanik jakinarazia du publikoki duda azkarrak dituela egitura bakarrari begira.
Egitura bakarra sakontzearen alde
Ipar Euskal Herri mailako Herriarteko lankidetzako erakunde publiko bakarraren gidoia sakontzearen alde egin du barda Hautetsien Kontseiluak.Prefetarekin lan prozesu bat eta tokiko hautetsiekin solasa abiatzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu