Egitarau zabala 'Gipuzkoa' hitzaren lehen erreferentzia oroitzeko

1025. urteko eskuizkribu batean agertu zen lehen aldiz 'Gipuzkoa' hitza, 'Ipuscua' grafiaz, ezagutarazi denez. Urte osoko egitaraua prestatu dute erakundeek.

Eider Mendoza diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako mahainburua eta Xabier Olano Altzoko alkatea, egun, 'Ipuskoa. Izana eta izena 1025-2026' proiektua aurkezten. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Eider Mendoza diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Olano Altzoko alkatea, egun, 'Ipuskoa. Izana eta izena 1025-2026' proiektua aurkezten. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 10a
17:45
Entzun

Ipuscua-tik Gipuzkoa-ra: Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 izenburupean ospatuko dute Gipuzkoa hitzaren aipamena egin zeneko milagarren urteurrena. Lurralde horretako herri erakundeek egitarau zabala prestatu dute 2025. urte osorako, eta haren berri eman dute goizean Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Olano Altzoko alkateak (Gipuzkoa), Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Mendozak zehaztu duenez, ospatzeko ez ezik «bestelako ekinaldiak aurrera eramateko» ere baliatuko dute efemeridea, hala nola «ezagutza historikoan sakontzeko eta komunitate balioak ezagutu eta indartzeko».

1025. urteko eskuizkribu batean agertu zen lehen aldiz Gipuzkoa hitza, Ipuscua grafiaz. Agiri horretan agertzen denaren arabera, Gartzia Azenariz jaunak eta Gayla de Iputza haren emazteak Olazabalgo Salbatore monasterioa ―egungo Altzoko herrian― dohaintzan eman zion San Juan de la Peñako (Huesca) zenobioari, babespean zituen beste hainbat lurrekin batera. Jakinarazi dutenez, emaitza horri dagokion dokumentuan agertzen da lehen aldiz Gipuzkoa hitza.

Izana eta izena

Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 lemaren hurrenkera artoski zaindu dute, iragan nahi zuten mezuaren arabera: izenaren gibelean gordetzen direnak, eta izena baino garrantzi handiagoa dutenak, agian, gipuzkoarrak dira, izenik gabe ere hor direnak. 

Mendozak: «Adierazten du garai hartan komunitatea existitzen zela, Gipuzkoa existitzen zela, eta gipuzkoarrok ere existitzen ginela; horixe ospatu nahi dugu guk, hain justu». Zeren efemeride historikoak berarekin batean baitakartza gipuzkoarrak orduan ziren horri buruzko hainbat informazio, «ez bakarrik gure lurraldearen garaian garaiko eboluzio historikoari, erakundetzeari edota mugarri historikoei buruz hitz egiteko, baizik eta baita historiaren joan-etorrian gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea antolatu ahal izateko eraikiz joan garen komunitate balioei erreparatzeko ere».

Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak «euskararen eta herriaren arteko binomioa» aipatu du: «Gipuzkoa bakarra da, baina ez bakarrik izatekoa, ez itxita aritzekoa. Euskaraz bizitzeak beste inorekin ez bezala elkartu du Gipuzkoa euskal lurraldeekin, eta euskarak eman dio Gipuzkoari Euskal Herrikoa dela jabetzeko bidea».

Xabier Olano Altzoko alkate da, eta oso pozik agertu da datorren ospakizun urteari begira; biziki «garrantzitsua» zaio egin den «elkarlana». Jakinarazi duenez, Altzo 1025 azterketa historiko-dibulgatiboa argitaratuko dute, eta baita indusketa arkeologikoak abiaraziko ere, Aranzadirekin elkarlanean. Kultur ekitaldiak ere antolatuko dituzte, hainbat artista eta kulturgile gipuzkoarrekin.

Urteurrenaren karietara eta erakundeen ikuspegitik Ipuscua hitzaren lehen aipamena ospatzeko, Altzon bertan ezohiko batzarra eginen dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Gisa berean, San Juan de la Peñan jasotako idazkiaren faksimilea argitaratzeko lanean ari direla iragarri du Ezeizabarrenak.

Egitaraua

Urte osoan ospatuko baitute urteurrena, egitarau zabala pentsatu dute erakundeek: hilaren 18an estreinatuko dute Ipuscua, 1000 urte erakusketa, San Telmo museoan; urtarriletik maiatzera bitartean, «azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaeran barrena bidaiatu ahalko dute bisitariek». Ospakizunaren inguruko eskaintzarik azpimarragarriena izanen da.

Bestalde, aldundiak lehentasuna emanen dio «komunitatea» osatzen duten elementuen inguruan hausnartzeari ere. Horretarako, topaketak antolatuko dituzte: lehena urtarrilean bertan izanen da, hilaren 22an, Komunitatea elkartegintzatik eraikiz izenburupean. Beste topaketak antolatzen ari dira oraino, baina mintzagaiak hauek izanen dira: gipuzkoar komunitatearen balio bereizgarriak, lurraldeko elkartasun sistema, lehiakortasuna eta aniztasunetik landu beharreko elkarbizitza, besteak beste.

Mila urteko efemeridearen ekitaldi instituzional nagusia uztailaren 5ean izanen da, euskal kulturaren erritu eta moldeez jantziko den topaketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.