Egindakoak eta egiteke daudenak aurpegiratuz

Estebanek jeltzaleek autogobernuaren arloan egindako lana goraipatu zuen Aberri Egunean. Otegik, berriz, erantzun zuen ez dela atzera begiratzeko garaia, eta aukera baliatu behar dela.

Esteban, igandeko ekitaldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Esteban, igandeko ekitaldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EAErako estatus politiko berriaren inguruko eztabaida eta Aitor Esteban EAJren EBBko presidentetzara iritsi izanak hartan izan dezakeen eragina izan dira azken asteetako eztabaidagai nagusietako bat. Aberri Eguna ere hala iritsi zen, eta EAJko eta EH Bilduko ordezkariek elkarri mezuak bidali zizkieten, Bilbotik eta Iruñetik egindako agerraldietatik. Lehenak, eurek urteetan izan duten rola nabarmentzeko; bigarrenak, egungo aukera leihoa baliatu behar dela berresteko.

Estebanek estatus politikoaren auziari «zuhurtziaz» heltzeko beharra adierazi zuen alderdiko presidentetza hartu bezain pronto. «Bidea oso luzea izango da, eta ez dugu obsesionatu behar», esan zuen eskainitako lehen elkarrizketan, Radio Euskadin. Hitz haiei hurrengo egunean erantzun zien Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, azalduz zuhurtzia beharrezkoa dela, baina baita «anbizio nazionala» ere: «Mundu guztia konturatu da garai historiko honetan urrats bat egin behar dela nazio ikuspegia aintzat hartuta».

Hiru aste igaro dira, baina Estebanek ez ditu ahaztu hitz haiek. Ordutik egindako ekitaldi eta elkarrizketetan EAJk autogobernuaren hedapenean izandako rola nabarmendu du, eta, bide batez, ezker abertzalearena kritikatu. Eta Aberri Eguneko ekitaldian ere hala egin zuen, zehazki hura edo EH Bildu aipatu ez bazituen ere: «Ez diezaguten anbizio nazionalaz hitz egin. Alderdi honek nazio anbizioa egunez egun, urtez urte erakutsi du, 40 urte luzeetan, 130 urtean, aurrera eginez eta gurpiletan zotzak jarri gabe. Facta, non verba», adierazi zuen EAJko buruak Bilboko Plaza Barrian.

Ekintza horien adierazle, Estebanek jeltzaleek azken urtean egindako lana nabarmendu zuen: aldiriko trenen, itsasertzaren kudeaketaren eta tituluen homologazioen transferentziak, Donostiako Loiolako kuartelen eskualdaketa, Kontzertu Ekonomikoaren eguneraketa... «Azken finean, nork lortu ditu aurrerapauso horiek guztiak gure autogobernuaren eta gure ongizatearen alde? Nork erakutsi du anbizioa? EAJk», erantzun du berak.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere izan zituen hitzak EH Bildurentzat, hark ere zuzenean aipatu ez bazuen ere. «Abertzale izateak esan nahi du aberria modu berean ulertzen dugula? Ez». Hala, Jaurlaritzaren eta zerga erreformaren kontra egitea egotzi zion koalizioari, baina baita harago jo ere: «Kezkatzen nau gure gizartearen polarizazioaren aldeko apustuak tentatzeak interes alderdikoi hutsagatik. Batzera baino gehiago, banatzera ohitua egon den kultura politiko batek».

Gailurrerako bidea

Otegik entzun zituen jeltzaleek esanak, edo hala zirudien, Iruñean egindako agerraldian adierazitakoak kontuan hartuta. «Aberri Egun bat ez da beste abertzaleei iseka egiteko, ez da beste abertzaleei kritika latzak egiteko», adierazi zuen, nabarmenduz eurek «iseka eta lokatza» tresna politiko gisa erabili nahi dituztenen esku uzten dutela hori.

Bide beretik, jada estatus politikoaren auzia hizpide, esan zuen ez dela garaia iraganeko aukerak baliatu ez izanaren erantzukizuna norena den eztabaidatzeko. Horren ordez, Otegik azpimarratu zuen «aukera bat» dagoela irekita, eta hura baliatu beharra dagoela: «Gailurrera eramaten gaituen bide horretan, nazio ikuspuntutik, urrats bat egiteko aukera egon daiteke, oinarrizko kanpalekura igotzeko».

Urrats hori egiteko, EH Bilduko idazkari nagusiak adierazi zuen «inteligentzia emozionala eta politikoa» baliatu beharra dagoela, eta gehitu bidea «elkarrekin» egin behar dela: «Eskua luzatzen diegu uste dutenei herri honek subiranotasun handiagoa eta aitortza nazionala behar dituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.