Pozik dago Kutxabank auziko herri akusazioa Espainiako Auzitegi Gorenak horren inguruan plazaratu duen azken ebazpenarekin. Pentsatzen dute epaiak arrazoia ematen diela, eta argitara ateratzen duela kutxen bateratze prozesuan gertaturiko «iruzur erraldoia». Era berean, harro daude egindako lanaz, eta nabarmendu dute lan hori ezinbestekoa izan dela auzibideak aurrera egin dezan. «Gure parte hartze aktiborik gabe, zigor epaia ez zatekeen posible izango», esan dute.
Kutxabank auziko epaia 2017ko martxoaren 20an iritsi zen. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen Mario Fernandezek—garai hartan Kutxabankeko presidentea zen—, Rafael Alkorta abokatuak eta Espainiako Gobernuaren ordezkari izandako Mikel Cabiecesek bide bat topatu zutela Cabiecesi hilean 5.000 euro baino gehiago emateko Kutxabankentzat lanean egongo balitz bezala, nahiz eta Kutxabankentzat inolako lanik ez egin. «Bidegabeko jabetzea» egin izanaz erruduntzat jo zituen, seina hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Fernandezi eta Alkortari, eta Cabiecesi, berriz, urtebetekoa.
Fernandezek helegitea aurkeztu zuen, eta joan den astean jakinarazi zuten Espainiako Auzitegi Gorenak helegite horri emandako erantzuna: zigorra berretsi eta helegitea atzera botatzeaz gain, Fernandezi administrazio kontseiluetan aritzeko inhabilitazioa ere ezarri dio. Horren ondorioz, Fernandezek utzi egin behar izan du Repsoleko administrazio kontseiluan zuen ardura. 2011ko apirilaren 15etik izan da Fernandez Repsoleko administrazio kontseiluko kide. Ardura utzi behar zuela iragarri zuenean, Repsolek Fernandezen «profesionaltasuna» goretsi zuen, eta egin duen «ezohiko ekarpena» eskertu zion.
Kutxabank auziko herri akusazioa osatzen duten eragileek—LAB, ESK, Steilas, EHNE-Bizkaia, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Elkartea— pentsatzen dute epaiak arrazoia ematen diela; haien ustez, «argi» uzten du «pribatizazio prozesuetan mesede tratuak beharrezkoak» izaten direla eta «bultzada politikoa» dagoela horren atzean.
Era berean, herri akusazioaren ustez, «iruzur erraldoia» gertatu da Kutxabank sortzeko prozesuan, «urteetan aurreztaileak izan eta gure konfiantza euskal kutxetan jarri dugunon kontrako iruzurra», alegia. Izaera publikoa zuten erakundeak «pribatizatu» egin dituztela salatu dute, eta herritarrak «horren gaineko inolako kontrolik gabe» utzi dituztela.
Horregatik, pozik daude herri akusazioak auzian izan duen zeregina dela eta. Gogora ekarri dute «parte hartze aktiboa» izan dutela epaiketan, «frogak eta lekukoak» ekarri dituztela, eta zigor epaia lan horri esker lortu dela: «Pozik gaude gure lan juridikoarekin, egin dugun salaketa politikoarekin eta oro har gure ibilbidearekin», esan dute.
Gogora ekarri dute Gorenaren epaiak inhabilitazioa ere ekarri diola Mario Fernandezi, eta ez daude ados Kutxabankeko presidente ohiak egin dituen adierazpenekin, «dimisioa aurkezten duela esanez, bere borondatez egin izan balu eta inhabilitazio zigorrarekin zerikusirik izango ez balu bezala». Herri akusazioaren aburuz, Fernandezi «kosta» egin zaio dimisioa ematea, eta hobe izango zen Repsoleko administrazio kontseiluko kide izendatzea inoiz onartu izan ez balu.
«Arduradun politikoei» ere dei egin diete «aurpegia eman dezaten eta euren erantzukizunak har ditzaten». Kutxen pribatizazioa bultzatu zuten alderdiez (EAJ, PSE-EE eta PP) ari direla zehaztu dute: «Epaia kaleratu zenetik ez dute ezer esan».
Egindako lanaz harro, auziaren emaitzaz pozik
'Kutxabank auziko' herri akusazioak ontzat eman du Gorenaren epaia. Arduradun politikoei «aurpegia emateko» eskatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu