Lan erreforma, Etxebizitza Legea, eutanasiarena, soilik baietz da baietz, abortuaren lege erreforma, bizitzeko gutxieneko errenta... Azken legealdian 117 lege eta lege organiko onartu dituzte Espainiako Kongresuak eta Senatuak, eta ia beste horrenbeste errege dekretu. Badira, baina, bidean geratu direnak, izan hauteskundeak aurreratu izanak horien bidea eten duelako, izan alderdien arteko akordioa faltak soluziorik izan ez duelako. Tartean da gobernuak legealdirako helburu nagusien artean kokatu zuen neurrietako bat ere: mozal legearen erreforma.
«Herritarren Segurtasunerako lege berri bat onartuko dugu, mozal legea deritzona ordezkatzeko». Hala zioen PSOEk 2019ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako prestatutako programak, eta hala berretsi zuen Pedro Sanchez gobernuburuak Moncloara iristean: «Eskubideetan aurrera egingo dugu mozal legea indargabetuta». EAJk ireki zion horretarako bidea, lege erreforma gauzatzeko proposamena aurkeztuta Kongresuan, baina proposamen haren izana zerbaitek markatu bazuen, desadostasunak eta atzerapenak markatu zuten. Lehenak bigarrenen eragile, eta bigarrenak lehenen erakusle. Izan ere, jeltzaleen proposamenari zuzenketak ezartzeko epea urtebete baino gehiago luzatu zuten, PSOEk eta Unidas Podemosek hari heltzeko akordio bat itxi arte.
2021eko azaroa zen, eta bazirudien publiko egindako itun hark gainerako alderdiekin adostasun bat lortzeko modua egin zezakeela, nahiz eta jasotako lehen erantzunak argiak izan: EH Bildurentzat eta ERCrentzat, proposatutako aldaketak ez ziren PPk onartutako legea «indargabetzeko» lain. Horiek hala, beste urtebete luzatu zen alderdien arteko negoziazioa. Mahaian, PSOE, Unidas Podemos, EAJ, EH Bildu, ERC eta JxC. Elkarren arteko zenbait adostasun bai, baina akordioa ezinezko egiten zuten bospasei puntuk: besteak beste, gomazko piloten erabilera debekatzeko, Espainia hegoaldeko mugetan migratzaileak iritsi ahala kanporatzea galarazteko, eta «desobedientziagatik» eginiko arau hausteak eta autoritateari errespetu faltak moldatzeko aldaketak ezartzea. Ezinbestekoak talde independentistentzat, baina txertatu ezinak PSOErentzat. Eta lehenei presio egin nahiagatik edo errendizio hutsagatik, itunik gabe iritsi zen afera Barne Gaietarako Batzordeko bilkurara; hau da, proposamenaren bidearen amaierara.
Horiek hala, ikusteko dago aferari helduko ote zaion legealdi berrian. Ezinbestekoa dirudi gehiengo aurrerakoi bat ezartzeak, PP eta Vox aldaketaren aurka baitaude, baina ezinbesteko izan daiteke alderdien nahia ere. EAJk eta Sumarrek hauteskunde programan txertatu dute afera. Ez du halakorik egin, ordea, PSOEk. Bai jaso du Sanchezen agintaldian 14.381 postu eratu dituztela Espainiako Polizian eta Guardia Zibilean, eta inoiz baino agente gehiago daudela egun.
Datozen urteetan jorratu beharreko bi gai dira Sekretu Ofizialen Legearen eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuen kontrol judizialaren lege organikoaren erreformak ere, biak ere jeltzaleek proposatutako aldaketak. Pegasus auziaren harira hartu zuten indar horiek, independentisten aurkako espioitza zela medio. Orduan, Sanchezek EAJren eledun Aitor Estebani adierazi zion lehena erreformatzeko asmoa, diputatu guztien aurrean egin ere, Kongresuan. Gobernuak Informazio Klasifikatuen lege aurreproiektua ere aurkeztu zuen, iazko abuztuan. Gerora, baina, isiltasuna nagusitu da aferaren inguruan, eta ez da proiekturik egin. Are bide motzagoa egin zuen, berriz, CNI Espainiako zerbitzu sekretuen kontrolerako lege proposamenak: Kongresuak kontrako hirurehun botorekin baztertu zuen.
Kongresuak onartu ez zituen legeetako bi izan ziren «lan eskubideen errekuperaziorako eta zabalkunderako» lege proposamena, eta LOREG hauteskunde lege organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketarako lege organikoa aldatzeko eskaera. Lehena, EH Bilduk, ERCk eta BNGk aurkeztu zuten, lan erreformatik at geratu ziren zenbait gairi —kaleratzeengatiko kalte ordainak, besteak beste— erantzuteko. Bigarrena, berriz, Nafarroako Parlamentuak proposatu zuen, hautesle plataformek eta herri mailako alderdiek ere «gutxieneko hauteskunde kanpaina bat egiteko» gastu muga bat bermatu dezaten. Bi kasuetan, PSOEren ezezkoak atea itxi zien.
Espainiako Gobernuko alderdiek mahai gainean jarri, baina etenda geratu zen beste lege aldaketa bat izan zen Botere Judizialaren lege organikoarena. Espainiako botere judizialaren blokeoa zela medio, alderdiek CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak hautatzeko lege aldatu nahi zuten, sedizioaren lege erreforman zuzenketak txertatuta. PPk aurkeztutako helegite bat tarteko, baina, Konstituzionala bera izan zen zuzenketa horien tramitazioa eten zuena, jada Senatuan eztabaidatzekoak zirenean.
«Iraungita»
Espainiako Ministro Kontseiluko kideen planetan ez zegoen hauteskundeak aurreratzeko deirik; ez zuen halakorik adierazten behintzat haien jardunak. Izan ere, udal eta foru hauteskundeen aste berean onartu zuten Emakume eta Gizonen arteko Ordezkaritza Parekiderako lege proiektua gorteetara bidaltzea. Hura, baina, «iraungita» geratu da orain, beste dozenaka lege proiektu bezala: irakaskuntza artistikoa arautzekoa, defentsa eskubideari buruzkoa, familiena, funtzio publikokoa, osasun publikoko agentzia bat eratzekoa, irakaskuntza artistikoarena, zinemaren legea...
Antzera geratu dira Espainiako Gorteetan aurkeztutako ehundik gora lege proposamen ere. Horietako bat da frankismoan lapurtutako haurren ingurukoa; 30.000 baino gehiago izan ziren, Espainiako Auzitegi Nazionalaren kalkuluen arabera. Artxiboetara sarbidea erraztea, datu base bat egitea, DNA banku estatal bat eratzea, eta bilaketa lanetarako batzorde bat sortzea jarri zituzten helburutzat, besteak beste, EH Bilduk, PSOEk eta ERCk. 2020an izan zen hori, baina zuzenketak aurkezteko epea 99 aldiz luzatu zuten ordutik, aurtengo martxora arte. Orduan iragarri zuten PSOEk eta Unidas Podemosek gaiaren inguruko akordio bat erdietsi zutela, baina Kongresuko Justizia Batzordea ez da iritsi txosten bat osatzera ere, eta hauteskunde iragarpenarekin eten zen haren jarduna.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Lege ekoizpena
Egin gabe geratu direnak
Espainiako Gobernuko alderdiek bata bestearen atzetik onartu dituzte mahai gainean jarritako erreforma eta lege gehienak. Badira, baina, bidean geratu direnak ere, babes faltagatik edo bozak aurreratu izanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu