'Egin'-en itxiera

'Egin'-en eta adierazpen askatasunaren aldeko ekitaldia egiten ari dira gaur Hernanin

Duela 10 urte Garzonen aginduz itxitako komunikabideko langileek antolatutako ekitaldietan itxiera berriz salatu eta jazarpena ez dela bukatu gogorarazten ari dira musikari, idazle, kazetari eta bertsolariak taula gainetik.

2008ko uztailaren 12a
19:31
Entzun
Gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera adierazpen askatasunaren aldekoek hitzordua izan dute Hernaniko (Gipuzkoa) kiroldegian. 1998ko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituenetik hamar urte betetzen diren honetan, "ahotsik gabekoen ahotsa" izan ziren hedabide horien izaera gogora ekarri dute.

Hedabideotako langile ohiek -Madrilek moztu zien lana- antolatu dute ekitaldia, itxiera salatzeko eta adierazpen askatasunaren aldeko oihua zabaltzeko. Bi komunikabideek Hernanin zuten egoitza, herritik Goizuetarako (Nafarroa) bidean dagoen Eziago poligonoan. Ekitaldira egunkariko zuzendari Xabier Salutregi hurbildu da, berriki 6.000 euroko bermearekin aske geratu ondoren.

Salutregi ez ezik, besteak beste, Rafa Castellano eta Alfonso Sastre idazleak, Egin-eko kazetari eta Gara-ko zuzendari izandako Mertxe Aizpurua, Egin Irratiko eta Euskadi Irratiko kazetari izandako eta egun Hernaniko alkate den Marian Beitialarrangoitiaa, Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariak, Esne Beltza musika taldea, eta Joseba Tapia eta Andoni Tolosa Morau musikariak -Tolosa Egin irratiko esataria izan zen- txandakatzen ari dira oholtza gainean. Salaketa, erreibindikazioa eta musika noten koloreak uztartzen dituzte hala. Xalbador Garmendia eta Itziar Arteagak egiten dituzte aurkezpen lanak.

Uztailaren 15ean, asteartearekin, auto karabana egingo dute Andoandik (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parketik Hernaniko Eziago poligonora, goizeko 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.