Errefuxiatuak. Greziako ekintza 

«Egin dutenaz oso harro daude biak»

Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga euskal herritarren eta haiekin zeuden zortzi errefuxiatuen atxiloketen lekuko izan da Hibai Arbide Aza kazetaria: «Ekintza politiko publiko bat izatea nahi zuten».

Zenbait errefuxiatu Idomeinin (Grezia), joan den ekainean. NIKOS ARVANITIDIS / EFE.
ander perez zala
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga euskal herritarrak atxilotu zituzten atzo Igoumenitsako portuan, zortzi errefuxiaturi Greziatik alde egiten laguntzeko ahaleginetan zirela; zortziak ere antzeman zituen Greziako Poliziak. Atxiloketen lekuko izan da Hibai Arbide kazetaria; haiekin zegoen egitasmoari buruzko erreportaje bat idazteko. Atxiloketen lekuko izan eta ordu gutxira mintzatu da BERRIArekin: «Egin dutenaz oso harro daude biak, ez zaie batere damutu. Oso lasai daude, eta errefuxiatuak lagundu nahi izan dituztela aldarrikatzen dute».

«Ekintza politiko publiko bat izatea nahi zuten, desobedientzia zibila». Atzoko iheserako ahalegina elkartasun kanpaina baten barnean prestatu zuten. Errefuxiatuen laguntzarako kanpainek fruiturik ez dutela eman ikusita, desobedientzia zibila egitea erabaki zuten Huarte eta Zuloagak. Afganistango, Pakistango, Irakeko, Irango eta Siriako errefuxiatuak Euskal Herrira eramateko asmoa zuten bi atxilotuek. Zortzi pertsona, guztira. Autokarabanan ezkutatu, eta Grezia iparraldeko muga pasatzea zen lehen pausoa, Italian sartzeko: «Ferryra sartzen ari zirela atzeman zituzten. Ferryan sartzeko ilaran nengoen, eta, halako batean, ohartu nintzen autokarabanaren inguruan kaleko jantzia zeramaten polizia asko zeudela. Orduantxe harrapatu zituzten».

Arbidek jakin duenez, zortzi errefuxiatuek ez zekiten nora zihoazen: «Gehienek Alemaniara joan nahi zuten, baina pozik zeuden Greziatik aterako zirelako». Euskal Herriko hainbat elkartek eta norbanakok jarritako diruari esker finantzatu zuten bidaia.

Epailearen aurrera, gaur

Gaur eramango dituzte bi euskal herritarrak epailearen aurrera. Arbidek Huarte eta Zuloagaren abokatuarekin hitz egiteko aukera izan du: «Gaur jakingo dugu zehazki zer leporatzen dieten, larria ote den, eta zein froga dituzten haien aurka».

Efe berri agentziak zabaldu duenez, «bidaiatzeko dokumentazio egokirik ez zuten pertsonak garraiatzea» egotziko diete; pertsonen trafikoa egozteko aukera ere zabalik da: «Egia da aukera horiek daudela, baina gaur jakingo dugu zehazki. Dena susto batean gera daiteke», Arbideren ustetan. Pertsonen trafikoa delituak urte askotako zigorra ekar lezake Grezian. Zortzi errefuxiatuei berriz, ez diete ezer egotzi; sei libre daude jada, eta beste bik asilo eskubidea eskatu dute.

«Refugees welcome diogunok zerbait egiten hasi behar dugu. Estatuek ez badituzte giza eskubideak errespetatzen, desobedientzia zibila zilegizkoa eta beharrezkoa da, eskubide horiek errespetatuak izateko». Huarte eta Zuloagaren hitzak dira; Arbidek Pikara magazin elektronikoan kontatu du zer gertatu den. Bertan azaldu du bidaiaren prestaketa: autokarabanako bodegan ezkutatu ziren zortzi errefuxiatuak. Oraingoz, Greziatik ateratzeko helburua ez dute bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.