Egibarrek dio PSOEk erabaki behar duela «Euskadiri irtenbidea emango ote dion»

GBBko presidentea prest agertu da lekukoa emateko, baina bere «lantalde eta alderdikideekin» aztertuko du karguari agur esan ala ez.

EAJko GBBko presidente Joseba Egibar, hauteskunde kanpainan. GORKA RUBIO / FOKU
EAJko GBBko presidente Joseba Egibar, hauteskunde kanpainan. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2024ko maiatzaren 21a
12:00
Entzun

EAJko GBBko presidente Joseba Egibarrek ziurtatu du egoera politikoa «oso positiboa» dela lurraldetasunari buruzko eztabaida has dadin Espainiako Estatuan. Eusko Legebiltzarrean urte gehien egin duen parlamentaria ez dago ados PSOEk plurinazionaltasunaren inguruan izan duen jarrerarekin, uste baitu ez diola ekin edukiari «modu osoan», eta «borondatea» eskatu dio eztabaida horretan sar dadin buru-belarri. Hala esan du gaur, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Egibarrek adierazi du Espainiako presidente Pedro Sanchezek badakiela zabaldu beharra duela estatuaren lurraldetasunaren ereduaren eztabaida, «Katalunian indarrean» baitago eztabaida hori; «eta guk ere egin dugu gure ibilbidea», esan du GBBko buruak. Salaketa argia erantsi du jarraian: «Katalanei eta euskal herritarrei beti jarri digute debeku politiko moduko bat, marra bat igaro ez dezagun».

Edonola ere, Egibarrek uste du «estatuaren ereduaren eztabaida» martxan jarri behar dela: «Hemen badira errealitate nazional batzuk onartu behar direnak, eta formula politiko bat eman behar zaio horri guztiari. Testuingurua, teorian, oso positiboa da formula hori bilatzeko, baina borondate politikoa behar da». Espainiako Gobernua eratzeko iazko negoziazioei erreparatuz, Egibarrek berretsi du EAJk «urte eta erdiko epea» eman ziola PSOEri eduki horri ekiteko. Atzerako kontaketa hori Eusko Legebiltzarra eratu eta gero hasi dela ere azaldu du politikari jeltzaleak: «Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Azken finean, Egibarrek oso argi ikusten du PSOEk erabaki bat hartu behar duela «Euskadiri eta Kataluniari begira». Nazio bi horiei «irtenbide politiko bat» eskainiko ote dien ala ez, horixe deliberatu behar du Madrilgo gobernua kudeatzen duen alderdiak. Gerta daiteke, Egibarren arabera, «honaino bai, baina hortik aurrera ez» moduko erabaki bat hartzea PSOEk. GBBko buruak garbi utzi du «herriaren borondateak» isla izan behar duela «testu juridikoetan ere».

Eta gogoratu du edonork dakiela Eusko Legebiltzarrean 75etik 54 legebiltzarkidek «zer babesten duten», eta aintzat hartu beharko dutela gehiengo hori ganberako indar guztiek: «%72 dira legebiltzarkide horiek, eta hau demokrazia da».

Aldaketak alderdiaren barruan

Eusko Legebiltzarreko lanak utzi berritan, Egibarrek ziurtatu du «alderdiaren barruan» erreferente diren pertsonak «berritu beharra» dagoela. Egibar bera ere prest agertu da lekukoa emateko, baina, nolanahi ere, esan du bere «lantalde eta alderdikideekin» aztertuko duela GBBko presidente karguari agur esan edo ez. Edozein tokitatik «alderdiaren mesedetan» jarduteko prest azaldu da.

Horiek horrela, Egibarrek «euskal agenda sendotzeko» eskatu du, Hego Euskal Herriko jarduera politikoa «zer neurritan espainiartu den ikusita». Esan du «akordio handiak» behar direla «hemengo beharrei erantzuteko», eta ekonomia, osasuna eta zaintzak aipatu ditu. Erantzun horiek foru aldundien, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ditu.

«Katalanei eta euskal herritarrei beti jarri digute debeku politiko moduko bat, marra bat igaro ez dezagun».

JOSEBA EGIBAREAJko GBBko presidentea

Hain zuzen, Gasteizko gobernua eratzeko negoziazioak direla eta, Egibarrek uste du EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandiano «justifikazio baten bila» dabilela «beharbada», negoziatzeko bilera sorta bat proposatuta EAJri eta PSEri. Justifikazio bat beharko luke EH Bilduk, Egibar jeltzalearen arabera, koalizio subiranistak «ez baitu bere helburua bete hauteskundeetan: EAJren aurretik geratzea». GBBko buruak ziurtatu du EH Bilduk ez zuela «ez asmorik, ez aukerarik» gobernua eratzeko, eta nahi zuena zela EAJk eta PSEk «PP behar izatea gobernu bat osatzeko».

Horiek horrela, EAJren eta PSEren arteko negoziazioen berri eman du gaur Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak, eta berretsi du «bide onetik» doazela. «Alderdi desberdinak gara, ideia desberdinekin, eta programa politiko desberdinak aurkeztu ditugu; eta, orain, bi programa horiek bakarra bihurtzeko ardura eta betebeharra daukagu».

Diez Antxustegik azaldu du edukien gainean ari direla lanean jadanik negoziatzaileak, «eta ez horrenbeste sailak banatzen». Bi aldeek nahi dutena da «ahalik eta azkarren» egitea jeltzaleen eta sozialisten arteko «gobernu akordio on bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.