Andoaingo (Gipuzkoa) eta Gasteizko udalbatzen osaketetan izandako polemikek ez dute etenik, eta bi udal horien alkateen bozketekin sortutako auzia korapilatuta dago oraindik. Larunbatean, ez zuen hitzartutakoa bete Gregorio Olasagasti EAJren taldeko independenteak Andoainen, eta, Maider Lainez alkategai sozialista babestu beharrean, zuri bozkatu zuen. Ondoren, PSEk boto zuria eman zion Gasteizen Gorka Urtaran hautagai jeltzaleari. Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak gertatutakoari buruzko azalpenak eman ditu Euskadi Irratian, eta, haren arabera, PSEkbazekien Andoainen zer gertatuko zen, eta, hala ere, hura «aitzakia gisa» erabili zuen Gasteizen PP sozialistei egiten ari zen «presioa» estaltzeko.Egibarrek azaldu duenez, sozialistek bazekiten EAJk arazo bat zuela Olasagastiren botoarekin, aldez aurretik bitan abisatu zietelako jeltzaleek. Hori horrela, Gasteizen sozialistek zuri bozkatzeko hartutako erabakia ez zen izan Andoainen gertatutakoaren ondorio, GBBko buruaren ustez.
Hilaren 13an, benetako arazoa Gasteizen zegoen, eta oraindik ere han dute sozialistek buruhauste nagusia, Egibarrek dioenez: «Larunbateko lehen ordutik esan ziguten ezin zutela Urtaranen alde bozkatu, PPren presio handia zutelako. Guk esan genien emandako hitza bete behar zutela, eta haiek esan ziguten ezin zutela». EAJko buruzagiaren irudiko, sozialistek «trebetasun handia» izan dute Gasteizen zuten arazo bat beste hainbat udaletara hedatzeko; tartean, Andoainera.
Nolanahi ere, Andoainen eta Gasteizen gertatutakoak ez du zertan baldintzatu EAJk eta PSEk sinatutako akordio orokorra, buruzagi jeltzalearen esanetan. Gipuzkoan, esaterako, gobernu akordioa lortzeko negoziazioak bide onetik doaz, eta Egibar koalizio gobernua osatzearen aldekoa da: «Mapa politikoa argia da, eta zenbakiek horretarako aukera ematen dute». Sozialistekin programa adostea da orain EAJren lehentasuna, baina oraindik atal batzuk lotzea falta zaizkiela jakinarazi du Egibarrek. Zerga sistema da haietako bat: harmonizazioaren aldekoak dirajeltzaleak, eta ikuspuntu «nazional» batetik heldu nahi diote gaiari, Egibarrek adierazi duenez.
EAJko buruzagiak argitu du bakea, bizikidetza eta erabakitzeko eskubidea ez daudela jasota PSErekin duten akordioan. Dena den, espero du bi alderdien artean EAEko udal eta foru erakundeetan lortutako adostasunak eragina izatea Eusko Legebiltzarrean.
Gasteizen, PSEren zain
Bitartean, EAJk Gasteizko Udalean koalizio gobernua eratzeko egindako eskaintzari ez dio erantzun oraindik PSEk. Urtaran alkateak ez ditu ulertzen sozialisten «errezeloak», EAJren eta PSEren arteko akordioaren «aterkia» dagoelako, baina susmoa dauka PSOE Madrildik «presioa» egiten ari zaiela EAEko sozialistei. Hala ere, Urtaran baikorra da sozialistekin gobernu akordio «egonkorra eta sendoa» lortzearen inguruan. PSEren erantzuna jaso ahala, beste taldeekin harremanetan jarriko da Gasteizko alkatea, akordioak lortzen saiatzeko. «Udaleko erabakietan talde guztiek parte hartzea nahi dut».
EH Bilduk EAJri ohartarazi dio emandako babesa soilik inbestidurarako izan zela, eta argi utzi duGasteizko Udalean oposizio «eraikitzailea» egingo duela.Koalizioa hasia da lanean, eta krisiaren aurkako larrialdiko plana hil honetan bertan abiatzeko eskatu dio Urtarani.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena
Egibarrek dio PSEk bazekiela Andoainen zer gertatuko zen
Gasteizen PPk egindako «presioa» estaltzea egotzi die EAJko buruak sozialistei.EH Bilduk «oposizio eraikitzailea» egingo dio Urtarani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu