Nazioarteko Egiaztatze Batzordekoen lana gutxiestea leporatu diote elkarri Sortuk eta Eusko Jaurlaritzak. Alderdi independentistak uste du Urkulluren gobernua ez dela zintzo jokatzen ari,errealitatetik kanpo dauden proposamenak egiten ari dela, eta egiaztatzaileen lana oztopatzenari dela horrela. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak, berriz, adierazi du ezker abertzalea, bere jarrerarekin, armagabetze prozesua luzatzen ari dela, eta, hala, egiaztatzaileen «ezintasuna» areagotzen.
Batzorde horretako kideekigandean berretsi zuten erabat desarmatzeko urratsak egiten ari dela ETA, eta jasotzen ari direla hori hala dela frogatzen duten txosten serioak. Egun berean, armagabetzeko bide orri bat proposatu zuen Jaurlaritzak, ETAri eskatuz, besteak beste, gizarte eragilez, nazioarteko egiaztatzaileez eta Jaurlaritzako ordezkariz osatutako batzorde baten aurrean desarmatzeko. Igandean bertan, EAJk ez beste alderdi guztiek baztertu egin zuten egitasmoa, eta gogor kritikatu dute azkenengo bi egunetan.
Testuinguru horretan, EITBk eta Europa Press berri agentziak atzo arratsaldean zabaldu zuten egiaztatzaile taldeak jaso duela Jaurlaritzaren proposamena, eta begi onez hartu duela; aztertu egingo duela eta eragile guztiei igorriko diela, baita ETAri ere. Nolanahi ere, iturri horiek beraiek aitortu dute egitasmoa baloratzeko denborarik ez dutela izan. Betiere hedabide horien arabera, batzordeak berretsi du «oso ona» dela Jaurlaritzarekin duen harremana, eta ez dela gutxietsia sentitu haren proposamenarekin.
Egiaztatzaileen zailtasunak
Bestela pentsatzen du Sortuko Pernando Barrenak. Haren iritzian, Jaurlaritzaren proposamenak erakusten du nazioarteko batzordearen lana itzalean utzi nahian ari dela Urkullu, bake prozesuan protagonismoa izateko. «Astero plan bat aurkezten du Lakuak, errealitatetik kanpo, bere burua prozesuan kokatu nahian eta bakearen berme gisa kalifikatu nahian».
Era berean, Barrenak «arduragabekeria» leporatu dio Jaurlaritzari, Espainiako eta Frantziako estatuak balizko armagabetze proposamenetik kanpo uzteagatik. Barrenak ere aitortu du egiaztatzaileek oso egoera zailean ari direla lanean, baina hark uste du Jaurlaritzaren bide orriak ez duela arazo hori konpontzen; haren iritzian, ezinbestekoa da bi gobernu horien inplikazioa.
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak, berriz, ezker abertzaleari eskatu dio kritika suntsitzaile gutxiago egiteko, jarrera eraikitzaileagoa izateko eta nahiak eta errealitatea ezberdintzeko. ETAk desarmatzeko aurreneko keinua egin zuenetik urtebete igaro dela gogoratu du hark, eta salatu du armen inbentariorik eta armagabetzeko egutegirik ez dela egin oraindik; haren ustez, ezinbestekoa da hori, prozesua ordenatua eta sinesgarria izan dadin. Hala, ETAri ez ezik, ezker abertzaleari ere leporatu dio bide horretan besteek eginiko proposamenak —Jaurlaritzarena kasu— trabatzea.
Fernandezen ustez, gainera, frogatuta geratu da batzordearen lana ez dela aski eta egiaztatzaileek ez dutela nahikoa berme euren lana egiteko. Fernandezen arabera, ezintasun horren berri eman dute. «ETAk noizbehinka txostenen bat bidaltzen die, eta armak zigilatzen ari dela dio, baina inork ez du egiaztatzen. Honek ezin du horrela jarraitu».
Era berean, hark ere uste du Espainiako eta Frantziako gobernuen parte hartzea garrantzitsua dela, baina ohartarazi du horrekin tematuta jarraitzeak ez duela egoera desblokeatuko. «Espainiako Gobernuak ez du desarme ordenatu batean inplikatu nahi; duela bi urte dakigu hori». Hori hala, Fernandezen arabera, «joko faltsu» bat sortzen ari dira gobernuen inplikazioa baldintza gisa jartzen dutenak. «Egiaztapenik eta egutegirik gabe ezinezkoa da aurrera egitea. Eta armagabetzea laster amaitzea komeni da, ezin daiteke prozesu mugagabe bat izan», azpimarratu du.
Tirabira horiez bestalde, nazioarteko batzordearen jakinarazpenaren balorazio baikorra egin zuten atzo Gerry Adams Irlandako Sinn Fein alderdiko buruak eta Bake Bidea taldeak.
Egiaztatzaileak gutxiestea leporatu diote elkarri Sortuk eta Jaurlaritzak
Batzordeko iturriek adierazi dute aztertuko dutela Urkulluren armagabetze proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu