Egiaztatzaile batzordeak «osatutzat» eman du bere lana, eta jarduna amaitu

ETA armagabetu ostean hartu du erabakia. Eragileek erakutsitako «konfiantza» eskertu du

Erdian, NEBko buru Ram Manikkalingam, armagabetze ekitaldian, Baionan, apirilaren 8an. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
ETAk «bere burua armagabetzeko hartua zuen konpromisoa» bete egin duela ziurtatu ondoren, zeregina burutu egin duela pentsatzen du NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak, eta, hortaz, bere zeregina bukatutzat eman du. Erabaki horrekin, sei urteko ibilbideari amaiera jarri dio Batzordeak.

Joan den apirilaren 8an, ETAk bere esku zituen arma eta leherkarien biltegien berri eman zion Euskal Herriko gizarte zibilaren ordezkaritza zabal bati. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere jaso zuen informazio hori. Frantziako agintariei eman zieten biltegien kokapenaren berri, eta, orotara, 3,5 tona material jaso zuten. Horiek horrelak, NEBk ondorioztatu du ETAk bete egin duela armagabetzeko konpromisoa.

Erabakiaren berri emateko plazaraturiko agirian, NEBk esker ona azaldu die Euskal Herriko zenbait eragileri, batzordean jarritako «konfiantzagatik» eta hari eskainitako «laguntza eta lankidetzagatik». Erakundeak (Eusko Jaurlaritza, EAEko eta Nafarroako Parlamentuak, Euskal Elkargoa), alderdi politikoak (EAJ, EH Bildu, PSE-EE), sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, UGT), Confebask patronalaren elkartea eta Eliza katolikoa aipatu ditu NEBk bere agirian.

Horretaz aparte, NEBk nabarmendu du Iñigo Urkulluk, Jean Rene Etxegaraik, Uxue Barkosek, Rodolfo Aresek, Rufi Etxeberriak eta Paul Riosek emandako laguntza eta babesa.

Sei urteko lana

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea 2011ko irailaren 28an eratu zen, ETAk jardun armatua bukatutzat ematen zuela iragarri baino hilabete lehenago. Sei kidek osatzen zuten, Ram Manikkalingam nazioarteko aditu eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea zuten buru; haien eginkizuna zen indarkeriaren amaiera egiaztatzea.

2012ko urtarrilean, ETAk berretsi zion NEBri jardun armatua behin betiko uzteko erabakia irmoa zela, baina, orduan, armagabetzearen auziak hartu zuen lehentasuna. Bi urte geroago, 2014ko urtarrilean, batzordeak egiaztatu zuen ETAk «erabilera operatibotik kanpo» utzi zituela zenbait arma, munizio eta leherkari. Hura «urrats txikia, baina lehenengo urrats garrantzitsua» izan zen ETAren erabateko armagabetzearen bidean, NEBren aburuz. Geroztik, beste hiru urte luze igaro ziren ETAren erabateko armagabetzea egiaztatu arte. Tarte horretan, NEBren lana isilpekoa izan da gehienbat, eta bidean oztopo ugari gainditu behar izan ditu: Espainiako eta Frantziako poliziek behin baino gehiagotan jo zuten ETAn ustez armagabetzearen ardura teknikoa eta politikoa zuten kideen kontra, eta 2014ko otsailean Manikkalingamek eta NEBko beste bi kidek, Ronnie Kasrilsek eta Chris Maccabek, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten, egun batzuk lehenago Bilbon egindako agerraldiaren harira.

Otegi: «Egun pozgarria da»

NEBk hartutako erabakiaren berri izan ostean, haien jarduna eskertu du Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak. Esan du euren lana osatu eta desarmatzea berretsi izana «pozgarria» izan dela bakearen alde aritutako guztientzat, eta datorren urteari begira jarri eta bi alorretan ibilbide orri bat zehaztu beharra nabarmendu du: «Presoen inguruan bata eta estatuko segurtasun indarren presentziari buruzkoa bestea».

Sortuk ere izan ditu esker oneko hitzak nazioarteko egiaztatzaileentzat. «Gatazkaren konponbidea aldebakartasunetik baino ez zela etorriko erabaki ondoren, ezker abertzaleak bazekien Euskal Herriko zein nazioarteko eragileen parte hartzea ezinbestekoa izango zela prozesua abian jartzeko», esan dute.

Ahal Dugu-ren izenean, Lander Martinezek eskerrak eman dizkie NEBko kideei «urte askoan egindako lanagatik», eta poza agertu du ETAren armagabetzea egiaztatutzat jo dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.