Zuzenbidean lizentziaduna da Paulina Ramirez Carvajal: GIBa dutenek jasaten duten diskriminazioa aztertu du, eta doktoretza tesia amaitzear dago. Talaia egokia du horretarako: Alcalako Unibertsitateko Klinika Juridikoan (Espainia), gaixotasun kronikoak dituztenen aholkularitza egiten du, eta GIBa dutenen lege zalantzak argitzen eta kexak jasotzen ditu, eskubide urraketei aurre egiteko.
GIBa infekzio «kutsakor» gisara izendatu izan da iragan hamarkadetan hainbat esparrutan, eta GIBa dutenek usu salatu izan dute GIBaren kalifikazio okerrak eragina duela hainbat eremutan. Egoera nolakoa da gaur egun?
Gaur egun, Espainiako sistema juridikoan, bai maila nazionalean, bai autonomikoan, bai tokikoan, indarrean daude oraindik ere gaixotasun infekto-kutsakorra kalifikazioa jasotzen duten arauak; hala ere, gaixotasun infekzioso-transmitigarri gisara kalifikatu beharko litzateke GIBa. Hori garrantzitsua da, kalifikazioak eragina baitu birusa dutenen eskubideetan. Adibidez, duela gutxi arte, lan eskaintza publikoetan ez zen zuzenean aipatzen GIBa zutenen bazterkeria, baina pertsona horiek automatikoki baztertzen ziren oposizio horren osasun azterketa egin ondoren. Hainbat bazterkeria kasu egon dira, Polizia izateko prozesuetan eta. 2019an, Espainiako Ministro Kontseiluak akordio bat onartu zuen bazterketa hori amaitzeko, eta desberdintasun bat igarri dugu: horrelako kexak murriztu egin dira gure bulegoan.
Egun, tratamenduei esker, GIB birusa dutenek bizimodu guztiz normala izan dezakete, eta lan munduan ateak itxiak izatea diskriminazio handia da haientzat.
Horixe bera. Erretrobirusaren aurkako tratamenduari esker, GIBa dutenek birus karga gutxitzea lor dezakete, detektaezina ere izan arte, eta, kasu horietan, ezinezkoa da sexu harremanetan birusa transmititzea, baita prebentzio metodoak erabiltzen ez direnean ere. Aurrerapen horiek hartu dira kontuan Ministro Kontseiluaren 2019ko akordioa onartu zenean bazterkeria egoera horiek saihesteko. Lege klinikan jasotako kontsultetan egiaztatu dugu akordio horren eragina. Hala ere, adi egon behar da, eta akordioa betetzen dela zaindu behar da, GIBdunak zeharka diskriminatuak izan ez daitezen. Egiaztatu behar dugu ez direla bidean geratzen.
Pandemiaren hasieran infektatu ziren GIBdunen adinak gora egin du. Zahar etxeetan sartzeko ere, infekzioa oztopotzat har daiteke leku batzuetan. Kontsultak badituzue horren inguruan?
GIBa 1980ko hamarkadaren amaieran edo 1990eko hamarkadan hartu zuten pertsona asko2020 eta 2030eko hamarkadetan iritsi dira edo iritsiko dira adin horietara, eta, kasu batzuetan, etorkizun hurbilean eguneko zentro batean edo zahar etxe batean sartu beharko dute. Eremu berri horretan, GIBa dutenek oztopoak dituzte, eta oztopo horiek eragotzi egiten diete beren eskubideak gainerakoen baldintza berberetan izatea; izan ere, estatuan eta autonomia erkidegoan araudi bat dago, 1980ko hamarkadatik indarrean dagoena, eta, horren arabera, leku bat eskatzen duenak baldintza horiek bete beharko ditu: gaixotasun infekto-kutsakorrik, hil hurreneko gaixotasun kronikorik edo ospitalean ezinbesteko arreta behar duen gaixotasun klinikorik ez izatea. Horren ondorioz, autonomia erkidegoek, ezaugarri horietako gizarte zerbitzuak arautzerakoan, baztertu egiten dituzte gaixotasun infekto-kutsakorren bat dutenak eta, ondorioz, GIBa dutenak, nahiz eta gaixotasun infekto-kutsakorra ez izan, baizik eta transmitigarria.
Bizitzaren azken fasearekin lotuta, ba al da bazterkeria arriskurik beste alorren batean?
Zahartzen ari diren GIBdunen eskubideei eragin diezaiekeen beste eremu bat erretiro aurreratua hartzeko edo osasun aseguruak eskuratzeko baldintzak dira. Izan ere, legean oinarrituta, aseguru etxeek ezin dute GIB birusagatik diskriminatu, baina hala egiten dute oraindik ere, eta ez dituzte justifikatzen GIBa dutenak baztertzeko arrazoiak.
Hiesa, 40 urte. Egungo egoera. Paulina Ramirez Carvajal. Gai juridikoetako ikertzailea
«Egiaztatu behar dugu GIBa dutenak ez direla bidean geratzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu