Tesi berarekin segitzen du Jon Anza zenaren sendiak: «gerra zikinaren» ondorioz hil zen. Hala dio haren iloba Garbiñe Alkizak (Donostia, 1979). Bere garaian familiaren eledun lanetan aritu zen.
Gaur hamar urte jakin zenuten Jon Anza Tolosako (Okzitania) gorputegi batean zegoela.
Ia hamar hilabete lehenago desagertu zen: 2009ko apirilaren 18an. orduan ikusi zuten azkeneko aldiz. Baionan trena hartu zuen, Tolosara joateko. Hark esana zuen Tolosan lagunekin egun batzuk pasatzekoa zela. Nik neuk handik egun batzuetara jakin nuen ez zegoela haren berririk. Buruan tumore bat zuen, eta larritzat jo genuen ez bueltatzea. Minbizia zela eta, Bordeleko erietxe batean ordua hartua zeukan apirilaren 24rako, baina hara ere ez zen joan.
Zer susmo zenuten?
Gerra zikina zela. Garai hartan, Ipar Euskal Herrian izan ziren bahiketa moduko hiruzpalau kasu. Jon desagertuta zegoen, eta, gainera, beste kasu haien aldean, ez zen inon ageri. Euskal Herrian ezagutzen dugu gerra zikina, eta beldur ginen, noski, txarreneanjarrita jadanik.
ETAk maiatzaren 21ean agiri batean jakinarazi zuen Jon Anzarekin geratua zela Tolosan.
Horrek buelta bat eman zion auziari. Ordura arte, pentsatzen zen Frantziako Polizia bilatze lanetan zebilela, baina, ETAk agiria atera zuenetik aurrera, galderak, desagerpenaz baino gehiago, haren militantziaz ziren; bikotekidea galdekatu zuten, etxea miatu, etxeko gauzak eraman zituzten...
Hedabide batzuetan argitaratu zen Anza bahitu egin ote zuten.
Bai, eta beste egun batean jakin zen guardia zibil batzuek korrika eta atera presaka behar izan zutela Frantziako ostatu batetik eta han pistola batzuk utzi zituztela ahaztuta. Norbaitek Jonen pasaportea ere utzi zuen Tolosan, komisaria batean. Familiak gero eta antsietate handiagoa zeukan.
Euskal instituzio publikoek zer jarrera zeukaten kasuarekiko?
Gurekiko, inolako babesik gabekoa. Bakarrik sentitzen ginen bi estatuen artean, eta Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez ziguten batere lagundu. Jonensenideok eta lagunek bilatze lan batzuk egin genituen Baionatik Tolosara arteko eremuan, tren geltokietan eta ospitaleetan, kartelak itsatsiz eta erietxeetara deiak eginez, baina alferrik.
2009ko maiatzaren 11n hil zen. Hala esan izan da ofizialki.
Aipatu zen apirilaren 29an Tolosako etorbide batean aurkitu zutela, oso egoera txarrean, hiriko erietxe batera eraman zutela, eta handik egun batzuetara hil zela. Baina guk 2010eko martxoaren 11n jakin genuen haren hilotza Tolosako gorputegi batean zegoela. Poliziak lehenago jakinarazi zien hedabideei familiari baino; hori ere ez zen batere normala izan.
Zer galdera datozkizu oraindik?
Bi gako daude. Batetik, zer pasatu zen Jon desagertu zenetik Tolosako etorbide batean topatu zuten arteko 11 egun haietan? Non egon zen Jon? Non eduki zuten, eta zeinek? Zer egin zioten?... Bestetik, erietxean hilzorian zenean, ez zuten identifikatu —ez zeukan dokumenturik—, hil ondoren ere ez, baina zergatik ez ziren berehala hasi ikertzen zein zen jakiteko? 2010eko apirilean, Purpan gorputegiko langile batek galdetu zuenean ea norena zen hilotza, segituan identifikatu zuten. Zergatik orduan bai segituan? Jakina, hamar hilabetera askoz zailagoa zen gorputzetik froga batzuk lortzea... Esaten da hilotz bat ez dela egoten hainbeste hilabetean identifikatu gabe gorputegi batean. Jonena eduki zuten.
Anne Kayanakis Baionako Auzitegiko fiskalak gaiari heldu zion, baina utzi egin zuen kasua.
Hasieran, ondo hasi zen, baina, azkenean, gure ustez, estatuen presioaren ondorioz, utzi egin zion ikertzeari. Gerra zikinak biktima asko eragin ditu Euskal Herrian, baina kasu horiek ez dira argitu nahi; estali egiten dira. Adibidez, Jon Anzaren kasuan argi eta garbi ikusi zen hori. Ez zegoen interesik ikertzeko. Gure susmoa da trenean bertan harrapatu zutela. Geroago jakin zen Lapurdin, Jon desagertu baino lehenago, ETAri aurkitutako zulo batean haren hatz markak atzeman zituztela; beraz, bazekiten militantea zela.
Frantziako Estatua salatu zenuten zuek.
Erantzukizun bat baitu kasu honetan. Frantziako Estatuaren lurraldean desagertu zen Jon, eta han hil zen; ikerketan disfuntzio asko egon ziren. Beti nabaritu izan duguborondaterik eza. 2017an jaso genuen ebazpen judiziala, eta aitortu zuten kudeaketan irregulartasun administratibo eta falta arin batzuk egon zirela, baina ez zuten mamira jo; hau da, zer gertatu zen 11 egun haietan, Jon zergatik ez zuten berehala identifikatu... Ikerketa behar bezala egin izan balute, aukerak izango ziren azkar identifikatzeko eta gauza batzuk jakiteko. Jon gaixorik zegoen; aurpegia puztuta zeukan horregatik, eta, erietxera eraman zuten garaian jendeari-eta argazkiak erakutsita, ezagutzeko modua izango zuten, baina Poliziak ez zuen ezer egin, eta auzitegiek ere ez ondoren.
Bide judizialak itxi ziren.
Bai, orain dela hiru urte. Frantziako Estatuan izan zenez gertakaria, han saiatu ginen. Parisek erantzukizun handia dauka.
Kasua inoiz argituko den itxaropenik ba al daukazue?
Nik garbi daukat ez dela argituko, ez dela egia jakingo.
Zer egin, beraz?
Guk ez dugu egiarik, justiziarik eta erreparaziorik, baina memoria bai, memoria badugu. Indarkeriaren biktima askok badituzte egia eta, baina guk geuk ez, eta beste askok ere ez. Alde bateko biktimak baztertuta gaude; biktima guztiak ez dira berdin tratatzen. Nabarmena da hori.
Eusko Jaurlaritzak Jon Anza ez du biktimatzat jotzen. Zergatik?
Jaurlaritzaren justifikazioa da ez dagoela sententziarik, dena susmoa dela. Jon hilda agertu zen, eta bertsio ofizialak esan zuen osasun arazoengatik zendu zela, bihotzeko arazoak izan zituela. Orduan, Jaurlaritzak ez du biktimen zerrendan jartzen Jon.
Memoria aipatu duzu. Iaz jardunaldi batzuk egin zenituzten.
Gu beti saiatuko gara egia aurkitzen, baina oso zaila da. Gertatutakoa jendeari gogoraraztea da familiak egin ahal duena eta egin behar duena, ez ahaztea. Iazko irailean, esaterako, euskal gatazkan hildako Intxaurrondoko [Donostia] auzokideak gogoratugenituen jardunaldi batzuetan. Memoria lantzea izan zen helburua, eta hori izango da aurrerabegirako helburua ere. Oroimenari heldu behar diogu. Gure historiaren parte bat dira hildako horiek, eta ezin ditugu ahaztu.
Zuen inguruko guztiek al dakite nor izan zen Jon Anza?
Ez, batzuek ez dutelako bizi izan euskal gatazka. Neuri gertatu zitzaidan zera: topaketa baterako Joni buruzko hitzaldi bat prestatzen ari nintzen etxean, eta seme zaharrenak —11 urte ditu— haren argazki bat ikusi zuen, eta ezzekien nor zen. Orduan kontatu nien istorioa gure umeei. Kontatu egin behar da gertatutakoa.
Garbiñe Alkiza. Jon Anzaren iloba
«Egiarik ez dugu, baina memoria bai»
Gaur hamar urte jakin zen Jon Anzaren hilotza Okzitaniako Tolosako gorputegi batean zegoela. 2009ko apiriletik zegoen desagertuta; ETArekin geratua zen. Familiak sekula ez du jakin zergatik hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu