Egiari Zor-ek baliabideak eta legearen erreforma eskatu ditu biktimen aitortzan sakontzeko

Fundazioak beharrezkotzat jo du beste epe bat irekitzea biktimek aitortza eskaerak egiteko, eta 1999tik aurrerako kasuak ere kontuan hartzeko eskatu du. Bilera sorta bat hasi du gaiari heltzeko, eta Pradalesi ere egin dio gonbita.

Urko Amas eta Pilar Garaialde, gaur goizeko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Urko Amas eta Pilar Garaialde, gaur goizeko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko urriaren 31
13:10
Entzun

Egiari Zor fundazioak balioa eman die giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordearen lanari eta hark atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txostenari. Bat egin du batzordekideek egindako gomendioekin ere, eta bi eskaera egin ditu: aitortza eskaerak tramitatzeko beste epe bat irekitzeko eta legea eguneratzeko, orduan ezarritako epemuga moldatu dadin. Horretarako, bilera sorta bat hasi dute eragileekin, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi ere egin diote mahaian esertzeko gonbidapena.

Pilar Garaialde eta Urko Amas Egiari Zor-eko kideek balorazio batzordearen «profesionaltasuna» eskertu dute, eta haren lanaren garrantzian azpimarra egin. Batzordeak beste 93 aitortzaren berri eman zuen atzo, eta, aurrez egindako hiru txostenetako emaitzak batuta, 427 dira Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso duten estatu indarkeriaren biktimak. Horiei, baina, Nafarroako Gobernuak aitortutako motibazio politikoko 34 biktimak ere batu behar zaizkie. Beraz, Hego Euskal Herrian 461 dira aitortza ofizialen bat jaso dutenak, Egiari Zor-en arabera. 

Halere, fundazioko kideek gogoratu dute hori ezin dela azken kopurua izan. Besteak beste, gogoratu dute 64 eskaera ez direla onartu epez kanpo aurkeztu direlako. Era berean, azaldu dute biktima askok haien esku utzi dutela euren kasuen inguruko dokumentazioa, «ahal denean» hura aurkeztu ahal izateko. «Gaur egun, milaka dira oraindik aitortza ofizialik ez duten giza eskubideen urraketak eta hura eskuratzeko aukerarik gabe jarraituko dutenak».

Hori zuzendu beharreko «anomalia demokratiko» bat da, Garaialdek esan duenez: «Urte gehiegi daramatzagu zain, eta merezi dugu legez aitortuak izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izatea». Hala, atzo balorazio batzordeko kideek egin bezala, haiek ere neurriak eskatu dituzte egoera hori iraultzeko. 

Beste epe bat irekitzeko eskaerarekin batera, legeak ezarritako epeak egokitzeko eta hura garatzeko ere eskatu dute. Izan ere, epeak 1999ra arteko kasuak aztertzea baimentzen dio balorazio batzordeari, onartu zen unean orduan kokatzen zelako preskripzio epea. Ordutik, baina, bost urte igaro dira, eta fundazioak uste du denborak aurrera egin ahala epea luzatuz joan beharko litzatekeela. 

Era berean, eta balorazio batzordeko kide Jon Mirena Landak eta Juana Balmasedak atzo esandakoen bidetik, eskatu dute batzordeari beharrezko baliabideak emateko bere lana «baldintza ezin hobeetan» egin dezan, «prozesua eraginkorra, dinamikoa eta proaktiboa izan dadin». Uste dute «berrezarpen moralerako ekintza» garrantzitsu bat dela eurena, eta onartezina dela «bitarteko faltagatik» prozesua moteltzea. Besteak beste, atzo jakinarazi baitzuten batzordea «geldirik» dagoela ekainetik, auzi medikurik ez dutelako. 

Urrats horiek egin behar dira martxan den legegintzaldia «aitortzaren legegintzaldia» izan dadin, Garaialdek eta Amasek Eusko Jaurlaritzari esan diotenez. Eta, bide horretan lan egiteko asmoz, fundazioak adierazi du bilera sorta bati ekin diola erakundeekin, alderdiekin eta sindikatuekin, agenda bateratu bat ezarri eta aferari konponbide bat emateko helburuz. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi ere bidali diote elkarrizketarako gonbidapena, eta haren erantzunaren zain daude.

«Egia» ezartzeko

Txostenaren nondik norakoei erreparatuz, berriz, nabarmendu dute hartan jasotako aitortzak oso garrantzitsuak direla gertatutakoaren «egia» ezartzeko: «Haien aurkako krimenak justifikatu eta legitimatu zituen kontakizun faltsu batek hamarkadetan inposatutako ahanzturaren aurkakoa da».

Garaialdek eta Amasek aitortzen kasuistika aniztasuna nabarmendu dute, bai horiek pairatu zituzten urraketa motei dagokienez, baita egileei dagokienez ere. Izan ere, txostenean jasotako biktimarioen artean dira Guardia Zibila, Espainiako Polizia, Ertzaintza, BVE eta beste talde parapolizial batzuk.

Dokumentuak ez ditu biktimen izenak jasotzen, horien babesa oinarri hartuta. Halere, Egiari Zor-ek zehaztu du txostenean ageri diren zortzi hildakoen artean daudela Gurutze Iantzi eta Jose Maria Quesada. Biak ere jasandako torturen ondorioz hil zirela gogoratu dute. Iantzi Madrilgo Tres Cantoseko komandantzian atxilotuta zeukatela hil zen, 1993ko irailaren 24an. Quesada, berriz, 1968ko urtarrilaren 29an hil zen, txostenaren arabera, urte batzuk lehenago pairatutako tratu txarren ondorioz.

Tiroz hil zituzten, berriz, Bernardo Bidaola Txirrita eta Karlos Saldise, besteak beste. Bidaola Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan ondoren desagertu zen, eta handik hilabete batera azaldu zen haren gorpua, 1976ko maiatzaren 28an, Saratik (Lapurdi) gertu dagoen baso bateko erreka batean. Saldiseren hilketa, berriz, BVE Batallon Vasco Españolek hartu zuen bere gain. Lezon (Gipuzkoa) hil zuten, 1980ko urtarrilaren 15ean.

Larriki zauritutakoen artean, berriz, Josu Amantes dago. Hura GALek zauritu zuen balaz, 1985ean. Txostenean zehazten den bahiketa saiakera, berriz, Jose Maria Larretxearena da. Hain zuzen, Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok aitortu egin zuen elkarrizketa batean berak agindu zuela bahiketa hura.

Egiari Zor-ek torturak jasandako zenbait lagunen berri ere eman du, haien oniritziarekin. Ertzaintzak torturatu zituen Estibalitz Olabarrieta eta Kepa Solana; Guardia Zibilak Josu Eguzkitza, Enkar Blanco, Dione Ugalde eta Pilar de la Torre; eta Espainiako Poliziak Xabier Onaindia, Sabino Zarandona eta Pedro Ginea. Txostenean ageri diren 75 kasuen lagin bat dira horiek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.