Egiari Zor fundazioak salatu duenez, Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkartea beraiek elkarte horretara igorritako testu bat aldatzen saiatu da. Fundazioak bere biktimarioek jasotzen dituzten omenaldien harira adierazpen bat onartzea nahi zuen Eudelek. Gorka Urtaran buru duen udalen elkarteak, berriz, testu hori alde batera utzi, eta, Gogora Institutuaren aholkularitzarekin, beste testu proposamen bat egin zion Egiari Zor fundazioari. Aipatu fundazioak salatu du Urtaranek proposatutako aldaketak ez onartzeagatik ez dela sartu testua Eudelen, eta gainerako biktimen elkarteekin ez dela halakorik gertatzen.
Egiari Zor fundazioak martxoaren 22an bidali zuen testua Eudelera. Bertan, elkartea osatzen duten pertsonen ongizate emozionalari zuzenean eragiten zien gai baten inguruan mintzo ziren: beren biktimagileak izan zirenen omenaldi publikoak. Fundazioak jakinarazi duenez, apirilaren 8an jaso zuten elkartean Urtaranen deia, beraiek idatzitakoaren ordezko testu bat irakurtzeko gonbita eginez. Testu hori beren izenean erregistratzeko proposamena ere egin zien Urtaranek, babes handiagoa izango zuelakoan.
Apirilaren 13an, testua ez aldatzeko eskatu zion Egiari Zor fundazioak Eudeli, iritzita beraiek aurkeztutako testuak zehatz-mehatz laburbiltzen zuela beren iritzia, eta fundazioaren parte diren estatu indarkeriaren biktimek zilegitasun osoa zutela beren iritzia ezagutarazteko: «Uste dugu memoriaren eta biktimen arloan lan egiten duten beste zenbait eragileri ematen zaien tratamendua zor zaigula erakundeei eskariak egiten dizkiegunean, haiei ez baitzaie proposamenak egokitzeko eskatzen».
Apirilaren 15ean eztabaidatu behar zen testua, baina, fundazioaren hitzetan, gai zerrendatik kendu zuten, eta bi proposamen egin zizkien Urtaranek: testu berri bat erregistratzeko, edota Urtaranen testuan bertan aldaketak egiteko. Fundazioak uko egin zion hori egiteari. Gaur bozkatu dute proposamena, eta Urtaran abstenitu egin da Egiari Zor fundazioaren proposamenean.
Estatuko indarkeriaren biktimen elkarteak salatu duenez, biktimenganako errespetua, diskriminaziorik gabeko tratua, etika politikoa eta giza etika horrelako jokabideetan ere erakusten dira: «Estatuaren indarkeriaren biktimok kategorizazioa jasaten dugu oraindik ere, oraingoan EAEko erakunde bateko goi-ordezkari baten partetik, Gogora Institutuaren aholkularitzarekin zer esan behar dugun gomendatu digutelako Egiari Zor fundazioan ordezkatutako biktimoi».