Polizia indarkeriaren beste 46 biktima ofizialki aitortzeko eskatu zuen atzo Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Eusko Legebiltzarrean, urteko txostena aurkeztean, eta urrats hori goratu egin du Egiari Zor fundazioak gaur, ohar bidez: «Aitortza ofizial berri hauek txalotu behar ditugu: justizia ekintza bilakatu dira, inpunitate osoz hil, zauritu eta torturatu zituzten pertsonentzat; haien aurkako krimenak justifikatu eta legitimatu zituen kontakizun faltsu batek hamarkadetan inposatutako ahanzturari kontrajarriz egia ezartzen duen justizia ekintza da».
Guztira 573 txosten aztertu ditu batzordeak, eta horietatik 46 kasutan galdegin du biktima gisa aitortzea. 1961etik 1997ra gertatu ziren erasook, eta sei emakumek eta 40 gizonek jasan zituzten: sei kasutan, biktima hil egin zuten; 28 pertsona tortura edo tratu txar «larrien» biktima izan ziren; bostek balen bidez eragindako lesioak izan zituzten; lauk, gomazko pilotak eragindakoak; bik, erasoek eragindako lesio larriak, eta bati osotasun morala eta psikikoa urratu zizkioten.
Egiari Zor fundazioak batzordearen lana aitortu du, bai «profesionaltasunagatik», bai giza eskubideetan eta nazioarteko legedian oinarritzen delako. Pausoak ematen segitzera ere deitu du: «Erroldatu gabeko biktimen zerrenda osatzen jarraitzen dugu, orain dela urte batzuk existitu ere egiten ez ziren biktimen zerrenda». Onartu du biktima horiek urteetan jasandako «ukazioak» mesfidantza eragin duela, eta hori gainditzeko premia adierazi du: «Guztion artean, prozesu honetan konfiantza sortu behar dugu, eta biktima komunitate hau eskaerak tramitatzera animatu behar dugu. Izan ere, jasandako urraketaren aitortza ofizialak, erreparazio morala, duintasuna eta justizia ekimena izateaz gain, inpunitatez estalitako krimenen egia ezartzea ere ahalbidetzen du».
Era berean, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak legebiltzarrean egindako gomendioekin ados agertu da fundazioa, eta, besteak beste, eskatu du legea moldatzeko, haren eremu kronologikoa luzatzeko, eskaera gehiago aurkezteko epea zabaltzea eta biktimen aitortzari «proiekzio publiko eta mediatikoa» ematea.