«Tortura praktika sistematikoa izan da atxiloketa zentroetan, ondo diseinatutako egitura bati eskerrak. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan: tortura posible egin zuten auzitegi medikuek, epaileek, abokatuek, komunikabideek, uneko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikotako buruzagiek...». Torturatu zuten Urtza Alkortaren hitzak dira, Egiari Zor fundazioak antolatuta, Zizurkilen (Gipuzkoa) Torturaren Aurkako Egunaren harira atzo antolatutako ekitaldian esandakoak.
[youtube]https://youtu.be/VfQZSUMIPJo[/youtube]
Joxe Arregi atzo 40 urte hil zen torturatuta, eta hura salatzearekin batera, Alkortak gogorarazi du ez zela torturaren ondorioz hildako lehena izan: «Aurretik hil zituzten Mercedes Antxeta, Vicente Lertxundi, Manuel Thomas Gomes, Jose Maria Quesada, Javier Escalada, Antinio Goñi, Juan Jose Munduate eta Alfredo Valcarcel». Alkortak gaitzetsi du «demokrazia deritzon hori» iritsitakoan ere torturak ez zuela etenik izan: «Zoritxarrez, demokrazia deritzon hori heldu ostean, beste izen batzuk ere gehitu zizkioten torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoari: Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabaltza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro».
Azpimarratu du oraindik ez dutela aitorpen ofizialik jaso, eta hori ezinbestekotzat du Alkortak: «Ezinezkoa da etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek, aitortzen ez baditugu». Aitortza eskatu du torturatu zuten Jon Patxi Arratibelek ere Zizurkilen: «Hori da, tamalez, Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatu diren hainbat eta hainbat eskubide urraketaren aitortzak gaur egun oraindik planteatzen duten erronka: poliziaren testigantzak edo bertsioak zeuden ebidentzien gainetik hartu dira aintzat urte luzeetan, estatuak baliatu duen indarkeriaren dimentsioa lausotzeko, ezkutatzeko, kamuflatzeko; eta, hala, gatazka politiko baten existentzia ukatzeko». Tortura kasuak ikertzen eta argitzen jarraitzeko eskatzearekin batera, Alkortak nabarmendu du argitu beharra dagoela horiek posible egin zitezen baldintzak sortu zituztenen erantzukizun politikoak zein izan diren ere.
Erakundeei eta ordezkari politikoei begira ere jarri dira. Alkortaren hitzetan, ezin da onartu «aitzakiak» bilatzen jarraitzea, «botere publikoetatik giza eskubideak urratzeko erabakiaren ondorio diren erantzukizun politikoak ebidentzian uztea galarazteko». Arratibelen hitzetan, tortura posible izan zedin, hura ahalbidetzen zuen «estatu itun bat» zegoen: «Oso ondo diseinatutako sistema bat zegoen, non bakoitzak bere rola bete behar zuen eta non zigorgabetasuna funtsezkoa zen. Horrela izan da posible hamarkadetan zehar, isilpean, baina modu sistematikoan, indarkeria baliatu izana proiektu politiko jakin bat kriminalizatzeko eta komunitate oso bat beldurtuta eta isilpean mantendu nahi izateko». Ardurak hartzeko eskatu du Arratibelek ere: «Hamarkada luzeetan eta zigorgabetasun osoz torturatu gaituztela jakina da. Orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak nork bere gain hartzeko ordua iritsi da».
Torturaren ondorioz hildakoak gogoratzea beharrezkoa iruditzen zaio Alkortari: «Eurak oroitzea berriro horrelakorik gertatuko ez dela bermatzeko modurik onena da».
«Salaketak, erroldak, testigantzak, argazkiak, autopsiak, protokoloak, abestiak, poemak, izugarrizko ondorioak, trauma transgenerazionala... Tortura gure historia familiar, sozial, akademiko, kultural, psikikoaren parte da oroimena daukagunetik: hemen torturatu egin da». Hala salatu du Ane Muguruzak, Bilboko ekitaldian. Egiari Zor fundazioko kidea da, eta talde parapolizialek hildako Josu Muguruzaren alaba.
Haren hitzetan, gaur egun esan daiteke torturaren inguruko «negazionismoa» gainditu dela: «Egia instituzional bat dugu, krimen baten aplikazio sistematikoa adierazten duen txosten mardul ofizial bat; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, 4.113 tortura kasu egiaztatu dituen ikerlana. Gure borondatea da Nafarroan ere ikerketa hau egin ahal izatea, eta hemen eta beste edozein lekutan praktika hori desagerrarazteko behar diren mekanismoak aktibatzeko abiapuntua izatea». Memoria eskatu du Muguruzak ere: «Ez dugu ahaztu behar gatazkaren testuinguruan bizi izandako biolentziak eragindako tragedia. Gertatutako guztia ezagutu behar dugu, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin».
Zizurkilgo eta Bilboko ekitaldiez gain, Baionan ere elkarretaratzea egin zuten, eta Bilbon, manifestazioa, Sortuk deituta. Itzuliko gara eta botako zaituztegu lelopean, «protagonismo berezia» eman nahi izan zieten torturatutako emakumeei, eta haiek eraman zuten pankarta.
Mikel Zabaltza gogoan
Lesakan (Nafarroa) ere, ekitaldi bat egin zuten, eskualdeko tortura kasuak salatzeko. Gogoan izan zuten Mikel Zabaltaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zela atxilotu eta hogei egunera. Igor Porturi eta Mattin Sarasolari egindako torturak ere gogorarazi zituzten. Halere, azpimarratu zuten bi kasu horiez gain, «zabalagoa eta isilagoa» izan dela torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.
Egiari Zor-ek, tortura «sistematikoa» salatu, eta erantzukizunak eskatu ditu
Torturaren Aurkako Egunaren harira, ekitaldiak egin dituzte Zizurkilen eta Bilbon, Egiari Zor fundazioak antolatuta. Aitortza eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu