Memoria historikoa

Egiari Zor-ek Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitu ditu Bilbon

Ametzola parkean lore eskaintza egin diete ezker abertzaleko kideei. Gaur bete dira 38 urte Brouard hil zutenetik, eta 33 urte Muguruza hil zutenetik.

Brouard eta Muguruza oroitzeko ekitaldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 20a
18:25
Entzun

«ETAkoek gerra bat zela zioten. Nik ezin nuen nire lubakikoen aurka egin, tiroren bat oker jotzen bazuten ere». Jose Barrionuevo Espainiako Barne Ministro ohiaren (1982-1988) hitzen oihartzuna oraindik entzuten dela, Santiago Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideak oroitu dituzte gaur eguerdian Bilboko Ametzola parkean. Gaur bete dira 38 urte Brouard hil zutenetik, eta 33 Muguruza hil zutenetik.

Edurne Brouard eta Ane Muguruza izan dira krabelin gorriak uzten lehenengoak; Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren alabak. Gogoratu dute, ordea, gaurkoa ez dela izan bi horiei soilik egindako omenaldia: «Santi eta Josu ez ziren izan estatuaren ez lehen ez azken biktimak», esan dute, estatuaren indarkeriak hildako beste hainbat lagun aipatu aurretik. Txalo zaparrada eskaini diete bertaratutakoek, eta ohorezko aurresku bat ere egin diete.

Geroago egin dute ekitaldi politikoa, Errekalde plazan. Pilar Garaialdek hartu du hitza, Triple Ak hildako Paulo Garaialderen alabak. Hark, Egiari Zor-en izenean, esan du Espainiako Gobernuarekin lotutako talde armatuek «min, sufrimendu eta zigorgabetasun arrasto luzea» utzi zutela Euskal Herrian.

Mina aitortu

Barrionuevoren adierazpenak ere izan ditu hizpide: «Adierazpen horien maltzurrena da ez dituela biktimen sufrimendua arintzeko asmoz egin, ezta argitu gabeko gertakari ilunak argitzeko asmoz ere. Egin behar zutena egin zutela berresteko esan zituen hitz horiek», esan du Garaialdek.

Horiek horrela, estatuaren inpunitateari aurre egiteko, esan du «hausnarketa orokor bat» egin beharko litzatekeela euskal gatazkaren testuinguruan ezarri zen justizia ereduaren inguruan. Ezarritako modeloa «erabat desorekatua» dela azpimarratu du, «bere buruari demokratiko deitzen dion estatu baterako baliogabea».

Azkenik, azaroaren 11n egin zuen moduan, Egiari Zor-ek Espainiako Gobernuari eskatu dio erantzukizunak onartu eta eragindako mina aitortzen duen adierazpen argi bat egiteko.

Ikusi gehiago:Santi eta Josu: konpromisoa, borroka, herria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.