Egiari Zor-ek salatu du Guardia Zibilaren ekitaldi publikoek haren biktimen «birbiktimizazioa» dakartela

Ohar bidez azaldu dutenez, Gogora-tik kanpo geratzeak «diskriminazio» egoera sustatzen du, eta biktimarioetako bat «zuritzeko» ekitaldiek «birbiktimizazioa» eragiten dute.

Xenki eta Murgi Guardia Zibilaren biktimak oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Xenki eta Murgi Guardia Zibilaren biktimak oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2024ko irailaren 26a
17:50
Entzun

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritzatik kanpo geratu izanak estatuaren biktimak «diskriminazio» egoera batean utzi dituen moduan, Guardia Zibila Hego Euskal Herriko hiriburuetan egiten ari den ekitaldiek horien «birbiktimizazioa» dakarte, Egiari Zor fundazioaren arabera. Salatu dute memoria arloan hartu berri den norabideak hamar urte atzera egitea dakarrela, ordutik egindako aurrerapenak alde batera utzita: «Gurekin ez kontatu eraikitakoa hausteko. Aurrera egiteko lanean jarraituko dugu».

Fundazioak ohar bidez gogoratu duenez, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi zuen ez dela «etikoki onargarria biktimarioen irudiak eta horiek ordezkatzen dituzten ikurrek espazio publikoa hartzea». Are gehiago, halako jarrerak baztertzeko «proaktiboak» izateko deia egin zuen. Egiari Zor-ek, baina, uste du San Josek iragarritako «ziklo aldaketak» ez dakartzala exijentzia berak denentzat: «Marrazten ari diren bizikidetza esparru honek estatuaren bortxa legitimatzea eta arduradun jakin batzuen inpunitatea indartzea helburu duen eskema baten alde egiten du, eta hori guztiz arriskutsua da ez errepikatzearen ikuspegitik».

Hala, Guardia Zibilak azken asteetan Hego Euskal Herriko zenbait hiritan egindako ekitaldi publikoak salatu dituzte; besteak beste, Bilbon egin zuten ekitaldi bat aurreko astean, eta urriaren 12an beste bat egingo dute Gasteizko kaleetan. Egiari Zor-ek, baina, gogoratu du Guardia Zibila izan dela «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan izandako biktimario nagusietako bat», eta haren ekitaldi publikoek «birbiktimizazio guztiz doako eta ulertezina» eragiten dietela haien biktimei: «Biktimario nagusietako batek, oraindik herrialde honetan egindako kaltea bere gain hartu ez duenak, armamentuaren eta istiluen aurkako materialaren erakustaldiak egingo ditu egunotan plaza publikoaren erdi-erdian, eta txikienei erakusketa horretara joateko deia egin die».

Egiari Zor-en esanetan, «zuriketa» dute helburu egitasmo horiek, eta «inoiz ez bezalako erasoa» dira Guardia Zibilaren biktima izandakoentzat: «Gure biktimarioak plaza publikora ateratzea haien biktimak umiliatzea baino gehiago da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.