Egiari Zor-ek salatu du 'GAL auzian' egiak «bahituta» jarraitzen duela

Ikerketa batzordea eratzeko eta estatuak «erantzukizunak» bere gain hartzeko eskatu dute

Begoña Galdeano eta Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko kideak, atzo, Bilboko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
edurne begiristain
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak GAL ikertzeko batzorde bat eratzeari uko egin izanak sumindura eragin dio Egiari Zor-i, estatuaren hainbat biktima batzen dituenfundazioari. Ane Muguruza eta Begoña Galdeano fundazioko kideek atzo prentsaurrekoan salatu zutenez, erabaki hori «oso larria» da, eta GALen biktimek «egia jakiteko» duten eskubidea urratzen du. Minduta mintzatu ziren biak ala biak: «Gure ustez, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bermatzaile deiturikoek duten zigorgabetasunaren beste adibide bat da».

Espainiako Kongresuko Mahaiak baztertu egin zuen herenegun Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALen izandako ardurari buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria, PSOEren, PPren eta Voxen kontrako botoei esker. Muguruzaren eta Galdeanoren ustez, erabaki horrek erakusten du oraindik indarrean dagoela «isiltasun itun bat» estatuak giza eskubideei eginiko urraketak estaltzeko. «Egiak bahituta jarraitzen du,Sekretu Ofizialen Lege frankistak inposatzen duen gisan isilpean».

Horren ildotik, Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko eta sekretupean dauden agiriak desklasifikatzeko eskatu zuten, hilketei eta erantzukizunei buruzko informazio guztia jakin ahal izateko. Gainera, ikerketa batzorde instituzionala sortzearen alde agertu ziren, «berme» guztiekin argitu dadin zein zen GALen eta aurretik izan ziren beste taldeen «hierarkia politiko, militarra eta poliziala». Felipe Gonzalez bera ikertzea ere galdegin zuten. «Ikerketak biktimek eta gizarte osoak egia jakiteko duten eskubide zilegizkoa gauzatzen lagunduko luke».

Alderdi politiko eta gobernu bakar batek ere ez ditu oraino bere gain hartu gertakari larri haien gaineko erantzukizuna, eta Egiari Zor fundazioko kideek uste dute «funtsezkoa» dela estatuak ardurak bere gain hartzea eta erantzukizunak argitzea. Biktimekin ez ezik, demokraziarekin ere «zor historikoa» dagoela nabarmendu zuten: «Estatuak erantzukizunak bere gain hartzea ezinbestekoa da memoria demokratikoa eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko».

Biktimen mailaketa

Egiari Zor fundazioko kideentzat, kezkagarria da Espainiako eta Euskal Herriko hainbat sektorek gatazkaren kontakizunaz egiten ari diren «aldebakarreko» interpretazioa. Ohartarazi zuten ez dutela onartuko biktimak jatorriaren arabera mailakatzea, eta ezinbestekotzat jo zuten indarkeria guztien biktimak modu berean aintzat hartzea. Muguruzaren eta Galdeanoren arabera, alde bateko indarkeriaren «normalizazioa» eragozteko betebeharra dute erakundeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.