Egiari Zor-ek Gurutze Iantzi oroitu du Urnietan (Gipuzkoa), Guardia Zibilaren Tres Cantoseko egoitzan hilik agertu zenetik 31 urte igaro diren egunean. «31 urte bertsio ofizial iraingarri bat eraiki zutenetik; gertatutakoari buruz egia ezarri nahian daramatzagun berberak», azaldu du Pilar Garaialde Egiari Zor-eko kide eta estatu terrorismoaren biktimak. Hain zuzen, egia azaleratzeko bidean, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz irekitzeko 12/2016 aitortza legean ezarritako eskaerak aurkezteko epea, Iantzik eta aitortza ofizialik ez duten giza eskubideen urraketen milaka biktimek aitortza eta erreparazioa jaso ditzaten. Hori sustatzeko dinamika bat ere hasiko du.
Iantziren kasuan eta argitu gabe dauden gainerakoetan urratsak egiten jarraitzeko, Egiari Zor-ek eskaera sorta bat egin dio Eusko Jaurlaritzari, martxan dena «aitortzaren legealdia» izan dadin. Batetik, 12/2016 legeak ezarritako aitortza eskaerak egiteko beste epe bat zabaltzeko exijitu dio, baita legea bera garatzeko eta «erreparazio neurriak parekatzeko» ere. Bestetik, estatuaren indarkeriaren biktimen eguna urteko egutegian finkatzeko eskatu du.
Bide horretan indar egiteko asmoz, Egiari Zor-ek dinamika bat abiatuko du, 12/2016 legean ezarritako epe hori berriz irekitzen laguntzeko: «Lege horretarako sarbidea denbora gehiago egon da itxita irekita baino». Egiari Zor-eko kide Pilar Garaialdek argudiatu du euskal gizarteak bilakaera «positiboa» izan duela giza eskubideen defentsari eta errespetuari dagokionez, eta bide horretan sakontzen jarraitu behar dela: «Bizikidetza modu demokratikoan eraikitzea da gure erronka, eta horrek izan behar du horrelako gertaerak errepikatuko ez direla bermatzeko eta indarkeriaren eragina gehien jasan dutenen erresilientzia prozesuak burutzen laguntzeko markoa».
Izan ere, Garaialderen esanetan, «errazegi» errepikatzen da «biktima guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa» zor zaiela, errealitateak bestelako zerbait erakusten baitu: «Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienontzat, abiapuntua oso da bestelakoa». Adierazi du «urte askotako ukapenaren ondoren» oraindik ere borrokan jarraitzen dutela giza eskubideen urraketa oro «ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin».
450 kasu
Egiari Zor-eko kideak argudiatu du egia «itzalez eta argitu gabeko galderez» inguratuta dagoela askotan, eta ezinezkoa dela horri aurre egitea ikerketa eraginkorrik egiten eta «informazio egoki bat eskuratzeko aukerarik» ematen ez bada. Hain zuzen, azaldu du halako auzien inguruko ikerketek kontrakoa erakutsi izan dutela: «Abiatutako ikerketak oso eskasak izan ziren, prozedura batzuetan lekukotza frogak ukatuz, trabak sortuz, bidegabeko atzerapenak ezarriz eta baten batean baita peritu frogak desagerraraziz ere». Hori guztia urraketen «arduradunen inpunitateari» bide ematearekin batera.
Horregatik, eragile memorialistek urteak daramatzate «bertsio ofizialen kutxa iluna» zabaltzeko eskaera egiten. Eta Garaialderen esanetan, EAEko eta Nafarroako errekonozimendu eta erreparaziorako legezko mekanismoek erakutsi dute badaudela aldarrikapen horri eusteko arrazoiak. Izan ere, Egiari Zor-en arabera, aitortza kopuruak 450 kasuren langa gaindituko du laster; horietatik 60 dira hilketei dagozkienak.
Halere, elkarteko kideen esanetan, oraindik ere lan egin beharra dago, milaka baitira aitortza ofizialik jaso ez duten biktimak: «Anomalia demokratiko bat da». Horietako bi dira Gurutze Iantzi bera eta Xabier Kalparsoro. Eta Iantziren kasuari erreferentzia eginda, Garaialdek esan du ez dutela aitortza egitea beste emaitzarik onartuko: «Harekin batera, Guardia Zibilak operazio hartan beste hemeretzi lagun atxilotu zituen; denek salatu zituzten torturak, denek». Azaldu duenez, horietako batzuk torturaren biktima gisa aitortuak ere izan dira. Beraz, galdera egin du. «Inork ulertu dezake Gurutzeri beste tratu bat eman ziotela, gainerako atxilotuei eman zietenetik bereizia?». Eta berak erantzun: «Argi dugu besteek jasan zuten kalbario bera jasan zuela».